Nafarroako kontuen ikuskaritzak liskarra sortu du Nafarroako Kontuen Ganberan

Ikuskatzaile baten arabera, Belateko tuneletako kostu igoera tramiterako onartzea ez da legezkoa; Nafarbide eta INI Nafarroako Inbertsio Institutua desegitea proposatu du. Parte horiek ezabatu egin ditu ganberak, eta azaldu du «iritzi pertsonalak» direla.

Ignacio Cabeza, artxiboko irudi batean.
Ignacio Cabeza, artxiboko irudi batean, Espainiako Kongresuan. KIKO HUESCA / EFE
joxerra senar
2026ko martxoaren 18a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da oso ohikoa erakunde batek bere burua zuzentzea. Hori egin du berriki Nafarroako Kontuen Ganberak. Urteroko azterlanik garrantzitsuena izan ohi da kontu ekonomikoen ikuskaritza, eta 2024ko azterketak talka handia eragin du hura landu duen ikuskatzailearen eta Kontuen Ganberaren artean. Desadostasun hori ikusita, UPNk Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakariaren premiazko agerraldia eskatu du Nafarroako Parlamentuan.

Atzo, greba orokorraren egunean argitaratutako txosten ofizialean azaleratu zen eztabaida. Bertan, Jose Miguel Aurrekoetxea ikuskatzaileak salatu zuen pasarte batzuk ezabatu dizkiotela. Ignacio Cabezak erantzun dio hasierako zirriborroa proposamen bat zela, eta baduela aukera behin betiko lanarekin konforme ez egoteko. Haren esanetan, azken testuan gehitutako aldaketak «zuzenketak» dira, eta ganberako idazkari nagusiaren zein gainerako ikuskatzaileen ikuspegia aintzat hartu da zuzenketa horiek egitean.

Besteak beste, ikuskatzaileak auzitan jarri du Belateko tunela bikoizteko lanetan gertatutakoa. Hasierako eskaintza ekonomikoaren aldean, kostu igoera bat proposatu zion enpresa elkarteak Nafarroako Gobernuari, eta Lurralde Kohesioko Departamentuak oniritzia eman zion igoera hori baimentzeko tramiteari. Aurrekoetxeak ondorioztatu duenez, tramite horrek «inplizituki» onartu egiten du kostu igoera, prozedura hori ez delako «inondik ere legezkoa». Gainkostu horiek tunela zulatzeko metodoak eta lehergaiek eragin zituzten, eta hori adjudikazio garaian proposatu behar zen; «eta ez kontratua aldatzeko proposamen gisa». 

Aldiz, Cabezak uste du urrutiegi joan dela. Haren esanetan, Kontuen Ganberak ezin dezake epaitu teknikoki justifikatua ote dagoen kostu igoera, eta prozedurari bide emanda ezin daiteke ondorioztatu nola amaituko den. Hots, ezin dezake esan «inplizituki» gobernuak igoera hori onartu duela. «Ikuskatzailearen iritzi bat besterik ez da, eta ez dago ebidentziatan oinarrituta». 

Nafarbideren kasua

Beste polemika iturrietako bat Nafarbide sozietatea izan da. Nafarroako Gobernuak sozietate publiko hori eratu du etorkizunean Nafarroako errepide nagusietako bidesariak kudeatu ditzan, tartean kamioientzat jarriko dituztenak. Aurrekoetxeak bere txostenean zioenez, gobernuak aurkeztutako egiturak proposatzen du Herri Lanen zuzendaritzako langileriaren erdia baino gehiago kontratatzea, eta horrek kontratu publikoen legea urratuko luke. 

Gainera, Aurrekoetxearen esanetan, errepideetako sarien inguruko foru legeak dio sari horien bidez bildutako dirua kontu publikoetan jaso behar dela. Aldiz, ikuskatzaileak argudiatu du Nafarbideren gastu eta diru sarrerak aurrekontu publikoetatik at uztea proposatu zuela gobernuak. Hala, Nafarbide desegiteko eskatu du, «ez duelako nahikoa baliabiderik eta ezingo duelako kontratazio arloko araudien arabera jokatu etorkizunean». 

Cabezak pasarte horiek kendu ditu azken txostenetik, eta Aurrekoetxeari erantzun dio ezin dela ondorio hori atera oraingoz. Cabezaren arabera, ez da ganberaren eskumena horrelako gomendio bat egitea.

Ikuskatzaileak Nafarroako Inbertsio Institutua desegiteko ere eskatu du, Sodena sozietate publikoarekin funtzioak bikoizten direlako. Antzera, Cabezak gomendio hori kendu egin du azken txostenetik, eta Aurrekoetxeari erantzun dio hori haren iritzi pertsonala dela. «Administrazioak bere burua antolatzeko eskumena du, eta funtzio horren baitan sartzen da organoak sortzea, aldatzea eta kentzea, betiere legearen arabera». Haren ustez, sozietate hori desegiteko eskatzea ez da ganberaren zeregina.

UPNren eskaera

Horiek horrela, UPNk sakoneko desadostasunak ikusi ditu, eta Ignacio Cabeza Nafarroako Parlamentura joateko premiazko eskaera egin du. «Kezkatuta eta harrituta» agertu dira polemikaren harira. Beharrezko ikusten du Cabezak eta Aurrekoetxeak azalpenak ematea. 

Gaur, Nafarroako Gobernuaren kontseilu osteko agerraldian, Javier Remirez eledunak hitz egin du Kontuen Ganberak azken txostenean gobernuari egindako eskaerez, baina ez eztabaidaz. «Atzo izan genuen haren berri, eta edukia aztertzen ari gara». Remirezek nabarmendu du Kontuen Ganberak finantza publikoen kudeaketari buruzko «aldeko iritzia» eman duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA