Nafarroako larrialdi zerbitzuetan ohiko jarduna bermatuko du bihar gobernuak

Greba orokorraren eguneko gutxieneko zerbitzuen berri eman du Nafarroako Gobernuak.

Osasunbidearen egoitza. FOKU
Osasunbidearen egoitza. FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko azaroaren 10a
12:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar Hego Euskal Herrian etxe eskubidearen aldeko greba orokorra izango dela eta, Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuen berri eman du, atzo Eusko Jaurlaritzak egin bezala. Hauek izango dira:

Osasuna

Osasunbidean, larrialdien eta premiazko tratamenduen ohiko funtzionamendua bermatuko du gobernuak. Zehazki, jardun betean izango dira larrialdietako zerbitzuak, zaintza intentsiboak eta paziente kritikoen arretarako unitateak; eta larritzat jotako ebakuntza guztiak ere egingo dituzte. Haurdunen arretan, erditze sailetan %100ean arituko dira, eta hogeigarren asteko ekografiak eta amniozentesiak egingo dituzte.

Era berean, lehentasunezko pazienteek eta ospitaleratuta daudenek ere «arreta osoa» jasoko dute, baita tratamendu jarraituren bat jasotzen ari direnek ere; azken talde horretan daude hemodialisia, erradioterapia edo tratamendu onkologikoa behar dutenak, eta minaren unitatean edo buru osasuneko sarean hitzordua dutenak, besteak beste.

Gainontzean, erietxeetan «herritarren arreta bermatuko da zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan». Lehen arretan, berriz, txanda bakoitzean mediku bat, pediatra bat, erizain bat eta administrari bat egon beharko dira bost lanpostuko.

Hezkuntza

Hezkuntzaren alorrean, unibertsitateaz kanpoko zentro publiko eta itunduetan, gutxieneko zerbitzuetan egon beharko dute zuzendariak eta ikasketaburuak, baita hiru irakasletik batek ere haur eta lehen hezkuntzan, eta lautik batek bigarren hezkuntzan.

Hezkuntza bereziko zentroetan, sei irakasletik lauk egin beharko dute lan. «Kasu guztietan, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasle guztien arreta egokia bermatu beharko da eskola garraioan eta jantokian», nabarmendu du gobernuak.

Hezkuntza Departamentuaren menpeko haur eskoletan, berriz, zuzendariak ez ezik, bi hezitzailetik batek egin beharko du lan, baita sukaldari batek eta garbitzaile batek ere.

Gizarte zerbitzuak

Egoitzetan, etxebizitzetan eta eguneko zentroetan «erabiltzaileen oinarrizko beharren arreta» ziurtatu beharko dute, hala nola zaintza pertsonala, elikadura, komunikazioa, kontrola, babesa eta lekualdatzea. Oro har, zahar etxeetan, adingabeen zentroetan eta etxe tutelatuetan, jaiegunetan izaten diren langileen arabera ezarri dituzte gutxieneko zerbitzuak. Eguneko zentroetan, sei erabiltzaileko zaintzaile batek egon beharko du, eta garraio zerbitzua mantendu egingo da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA