Hiru hilabete iragan dira Nafarroan larrialdi zerbitzuen kudeaketa ezarri zenetik. Gaur egun, Espainiako Poliziaren 091 eta Guardia Zibilaren 062 telefono zenbakietako dei guztiak 112 larrialdi zerbitzuetara bideratzen dira. Bertako langileen arabera, lan karga handitu egin zaie, eta larrialdiei aurre egiteko sistema ere okertu egin da, «premiazkoak ez diren polizia deiei erantzutea oztopoa delako». Sistema hori kentzeko eskatu diete «eskumena duten erakundeei».Â
Trafiko eskumena itzultzeko akordioaren baitan, Espainiako eta Nafarroako gobernuek hitzartu zuten sistema berria, eta gero eta argiago dago Guardia Zibila konpentsatzeko neurri bat izan dela. Urriaren 12an, Hispanitatearen egunean, Jose Miguel Barbero Guardia Zibilaren Nafarroako koronelak «esker onak» eman zizkion Nafarroako Gobernuari: «Lehen pausoak eman dira larrialdi batetik gertuen dagoen patruilak erantzun diezaion ezbeharrari».
«Aldaketa egun batetik bestera egin da, aldez aurretik abisatu gabe, langileei prestakuntzarik eman gabe»
ISABEL ANAUT112 larrialdi zerbitzuko langilea
EH Bilduk eta Geroa Baik eskatuta, bestelako azalpen bat eman du Isabel Anautek, 112 larrialdi zerbitzuetako langileen izenean —harekin batera izan dira Julian Perez, Sorospen Baron, Mercedes Eneriz eta Sonia Muniain—: disfuntzioak eta atzerapenak daudela salatu du. Gaineratu duenez, aldaketa «egun batetik bestera» egin da, «aldez aurretik abisatu gabe, langileei prestakuntzarik eman gabe, jarduera protokolorik gabe». Nafarroako udaltzainei ere ez zaie horren berri eman.
Gaur egun, 091 eta 062 telefonoetako dei guztiak 112 zenbakira bideratzen dira. Anauten arabera, orain arte soilik larrialdietarako zerbitzu gisa nabarmendu da, eta herritarrek eurek hala barneratu dute. Aitzitik, aldaketa horren ondorioz, «kontraesana» nagusitu dela uste dute 112ko langileek. Anautek azaldu duenez, iraganean bestelako zerbitzuek informazioa emateko egokitzat ikusten zuten telefono hori baliatzea —trafikoa, farmaziak, telealarma, osasun aholkuak...—, baina langileek eurek presio egin zuten soilik larrialdietarako erabil zedin. «Denborak arrazoi genuela erakutsi zigun».Â
Orain «antzeko egoera» sor daitekeela uste dute. Gobernuak azaldu du premiazkoak ez diren telefono deiak oso gutxi direla. Alta, lehen hilabeteetan premiazkoak ez diren polizia deiak «%8-10» ugaritu dira. Teorian, dei horiek Foruzaingoaren kontrol zentrora edo beste telefono batera bideratu behar dira. Maiz, ordea, langileak azalpen hori bera eman behar dio herritarrari: informazioa eman, izapideak egin... Ondorioz, erantzuteko denbora luzatu egiten da, «batzuetan %20 inguru».
Disfuntzio ugari ere antzeman dituzte. Adibidez, gaur egun, larrialdietan parte hartzen duten eragile guztiak —foruzain, suhiltzaile, osasun zerbitzu, udaltzain...— geolokalizatuta daude, eta haien kokapena une oro agertzen da kontrol guneko pantailetan. Kokaguneaz gain, erantzuteko denbora eta zerbitzuaren iraupena ematen ditu. Aitzitik, sistema berri horretan, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ez ditu bere patruilak geolokalizatzen. «Ez dakigu zergatik», azaldu du Anautek.
Horrek guztia zailtzen du. Hiru hilabeteotan, zera gertatu da azkenean: zerbait gertatu den tokitik «gertu samar» Foruzaingoaren patruila bat egonda ere, haren zerbitzua guardia zibilei esleitu zaie, eta foruzainek beharko zuten baino denbora gehiago behar izan dute hara iristeko. Are, errefortzu moduan deitutako foruzainak ustez gertuago zeuden guardia zibilak baino lehenago ere iritsi izan dira batzuetan.Â
Gainera, larrialdi baten berri jasotzean, 112 zerbitzuak informazio fitxa bat sortzen du. Egungo sisteman, egoera zaildu egin da, Anauten arabera; izan ere, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak ez dute gertaeraren inguruko informaziorik helarazten.Â
Hori guztia dela eta, gobernuei eskatu diete sistema hori bertan behera uzteko. Hori posible ez balitz, eskatu dute sistema eteteko, «atzemandako arazoak berrikusi eta konpontzeko». Bestela, premiazkoak ez diren polizia deietarako 091 eta 062 zenbakiak erabiltzeko eskatu dute, eta soilik larrialdiak bideratzeko 112ra.
«Estatistikak emateko eskatu diguzue, baina guri horiek berdin zaizkigu. Deitzen digute galdetzeko trafikoaren zenbakia zein den edo beste edozer... Hori ez da gure lana. Lan handiagoa eskatzen digu horrek. Gu ohituta gaude sute bati, ezbehar bati erantzuten. Horrek ez digu denborarik eskatzen; aldiz, bestelako deiek bai. Ez dira gure lana, eta horiekin galtzen dugu denbora gehien», azaldu du Julian Perezek.
Gaineratu duenez, Inma Jurio Barne kontseilariak bi langile gehiago kontratatuko zirela zin egin zuen, baina iragan astean egin ziren kontratazioak. «Orain arte ordu estra ugari egin ditugu», aipatu du.