Nafarroako Parlamentuko presidenteak GEBehatokia babestu du Ricardo Zabalzaren aferan

GEBehatokiak Espainiako Gobernuari eskatu dio «legez kanpokotzat» eta «legitimitaterik gabekotzat» jo ditzala hala Zabalza epaitu zuen gerra kontseilua nola fusilatua izatera kondenatu zuen epaia.

Ricardo Zabalza Elorga, bere bulegoan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ricardo Zabalza Elorga, bere bulegoan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 12a
10:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indar frankistek 1940ko otsailaren 24an fusilatu zuten Ricardo Zabalza Elorga politikari nafarra. 1936ko gerran Espainiako Bigarren Errepublikaren alde lerratu zen, eta, guda galdu ostean, atxilo hartu zuten Francisco Francok gidaturiko indarrek. Ondorengo gerra kontseiluan, fusilatua izatera kondenatu zuten. Bada, epai hori «legez kanpokotzat» eta «legitimitaterik gabekotzat» jotzeko eskaria babestu du Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak.

Erratzun (Nafarroa) jaio zen Zabalza, 1898an, eta hala UGTn nola PSOEn egin zuen ibilbidea. Badajozko Gorteetako (Espainia) diputatu ere izan zen. Hain zuzen, politikariaren «memoria erreparatzeko eta duintasuna berrezartzeko» helburuarekin, ekainaren 5ean GEBehatokiak Espainiako Gobernuari eskatu zion adieraz zezala Zabalzaren kondena ez zela legitimoa.

Ikusi gehiago

GEBehatokiak, epaia legez kontrakotzat jotzeko dokumentazioa plazaratzeaz gain, Nafarroako Parlamentuko presidentetzari, PSN Nafarroako Alderdi Sozialistari eta UGTri igorri zizkien agiri horiek, eskariarekin bat egin zezaten. Gaur jakinarazi dutenez, Hualdek bat egin du. «Behin eskaria aztertuta, nire babes instituzionala helarazten diot  Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legean oinarritutako egitasmoari», adierazi du parlamentuko presidenteak, gutun batean.

Gainera, GEBehatokiaren lana goraipatu du, eta eskaria egiteko ondutako txostenaren kalitatea txalotu. Txosten hori Emilio Majuelo historialariak egin du, eta, hartan, Zabalzaren ibilbideari, kondenari eta haren senideen kontrako jazarpenari buruzkoak aletzen ditu, baita epaia legez kanpokotzat jotzea onetsi ere. 

Argentina abiapuntu

Zabalzak azkar egin zuen Hego Amerikarako bidaia: 15 urte zituela, 1913an, Argentinara joan zen. Han hasi zuen bere militantzia sozialista eta sindikalista. Haren ustez, kultura zen «askatasuna lortzeko bidea» ; horiek horrela, 1918an Almafuerte Herri Liburutegia sortu zuen Buenos Airesen. Gero, irakasle gisa jardun zuen hamar bat urtez, Punta Altan (Argentina).

1930ean, Uriburu jeneralak diktadura ezarri zuen Argentinan; hori dela eta, Zabalza Iberiar penintsulara itzuli zen; Jakara (Espainia), hain zuzen. Han, PSOEko kide egin zen, eta Nafarroan sozialismoa hauspotzeaz arduratu zen 1932an. Nafarroan zela, herri lurren berreskuratzean jarri zuen arreta Zabalzak, eta UGTrekin bat egin zuen horretarako. Hain izan zen garrantzitsua lan hori, non Lur Langileen Espainiako Federazioko presidente izendatu zuten 1934an —UGT sindikatuko kargu horretan jardun zuen 1936ko gerra amaitu arte—. 1937an, berriz, Valentziako gobernadore zibil (Herrialde Katalanak) izendatu zuten.

Guda amaitutakoan, kontzentrazio esparru batean izan zuten gatibu Zabalza, eta, horren ostean, Madrilera eraman, epaitu zezaten. Han, fusilatua izatera kondenatu zuten, 1940ko otsailean. Gainera, haren senitartekoek ere indar faxisten jazarpena pairatu zuten. Besteak beste, haren anaietako bat —zazpi anai-arreba zituen— ere fusilatu zuten, eta beste bat kontzentrazio esparru batean hil zen, tuberkulosiak jota.

156

1936ko altxamenduaren ostean Nafarroako zenbat kargudun publiko hil zituzten 1936an hainbat militarrek Espainiako Bigarren Errepublikaren aurka egindako altxamenduaren ondoren, Nafarroako hamaika kargudun publikori jazarri zitzaizkien. Are gehiago, guztira 156 hil zituzten. Gainera, irakaskuntzako ia hirurehun profesional errepresaliatuak izan ziren.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA