Azken koska baino ez da falta. Datorren osteguneko osoko bilkuran, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera aterako dute Gardentasunari buruzko Lege proiektua. Gaur, parlamentuko presidentetza batzordean, gobernuak aurkeztutako lege egitasmoa eztabaidatu dute, eta aurkeztutako 32 zuzenketetatik zortzi onartu dituzte lau taldeek.Â
Ikusi gehiago
Azaroaren 12an plazaratu zuen lege proiektuaren edukia Nafarroako Gobernuak. Berritasun nagusietako bat da jardun publikoan eragin nahi duten enpresek zein interes taldeek euren izena eman beharko dutela. Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoa arduratuko da erregistro horretaz, eta modu horretan bere funtzioak handituko ditu.Â
Duela zazpi urte parlamentuak onartutako Gardentasunari buruzko Legea aldatuko du egitasmoak. Bertan, Gardentasunaren Kontseilua sortu zen, eta orain haren osaera moldatuko dute. Hamabi kidetik zortzira murriztuko da: Kontseiluko presidenteaz gain, Nafarroako Gobernuko Gardentasun atalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Kontuen Ganberak, Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioak, Arartekoak, Nafarroako Kontseiluak eta Nafarroako Parlamentuak ordezkari bana aukeratu ahal izango dute. Lehen, legebiltzarrak lau ordezkari izendatu ahal zituen, eta orain bakarra egin ahalko du. Egitasmoaren arabera, «profil teknikoagoa» izango du organo horrek.
Onartutako zuzenketetako baten arabera, bermatuko da kideen %40 gutxienez emakumeak izatea. Kideen iraupena ere moldatu egingo da, sei urtetik lau urtera. Gardentasunaren Kontseiluaren egitekoa da administrazioaren ebazpenei aurkeztutako erreklamazioak kudeatzea, gardentasun arloko prozedurak modu egokian betetzen direla bermatzea eta neurriak betetzen ez dituztenak zigortzea. Orain, lege proiektuak haren autonomia indartu nahi du. Kontseiluak zaindu egingo du gobernuek parlamentariei eta hautetsiei eskatutako informazioa emango dietela.
Informazioa jaso
Gardentasunaren eta konfidentzialtasunaren arteko erlazioa ere arautzen du lege egitasmoak. Informazioa jasotzeko betebeharra zehazten du, baina mugak ezartzen ditu ere datu pertsonalei dagokienez. Edozein pertsona fisikok edo juridikok salaketa aurkeztu dezake Gardentasunaren Kontseiluan, baldin eta uste badu administrazio prozedura batean publizitate arauak urratu direla. Gainera, salaketa jarri duen horren konfidentzialtasuna gordeko da hura nor izan den identifikatu ez dadin, eta kontseiluak bi hilabeteko epean azalpen arrazoitu bat eman beharko dio.
Gainera, orokorki, informazioa jasotzeko eskubidea bermatuko da, baldin eta datu pertsonalen babeserako legediarekin talka egiten ez badu. Polizien kasuan, kideak kode edo zenbaki profesional batekin identifikatuko dira.Â
Era berean, gobernuko goi kargudunen eta zuzendarien agendak eta bilkurak argitaratuko dira. Bilkuraren helburua, norekin biltzen den eta zer gai landuko duten esatera derrigortuta egongo da administrazio publikoa.
Â
Â