Nafarroako zenbait kolektibok AHTaren aurkako elkarretaratze batera deitu dute ekainaren 13rako

Salatu dute Nafarroako AHTaren Aldeko Plataformak «eliteko enpresen interesak» ordezkatzen dituela, eta «presio lobby» gisa jarduten duela. Manifestu bat ondu dute, eta horri atxikitzeko deia egin.

Gaur goizeko elkarretaratzea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gaur goizeko elkarretaratzea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko apirilaren 23a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako zenbait kolektibok jopuntuan jarri dute lurraldeko AHTaren Aldeko Plataforma. Prentsaurreko bateratu bat egin dute gaur goizean, eta salatu dute plataforma horrek «eliteko enpresen interesak» ordezkatzen dituela, eta «presio lobby» gisa jarduten duela bai Nafarroako Gobernuan bai Espainiakoan. Manifestu bat ere ondu dute, eta horri atxikitzeko deia egin diete lurraldeko gainontzeko kolektiboei eta herritarrei. Elkarretaratze bat egingo dute ekainaren 13an, Iruñeko Burgoen plazan, eta hor aurkeztuko dute manifestua. 

Iaz sortu zuten Nafarroako AHTaren Aldeko Plataforma, eta, manifestuaren egileen arabera, haren eginkizun nagusia da «makroazpiegitura horren lanak azkartzea». AHTaren aurkako kolektiboek nabarmendu dute plataformak haren «onura ekonomikoa, sare klientelarrak eta bizitzaren garestitzea» lehenesten dituela, eta gogoratu dute azpiegitura horren eraikuntzan hamahiru langile hil direla Euskal Herrian. «Ez dirudi AHTaren eraikuntzaren muturreko lan esplotazioak axola dienik», gehitu dute. 

Plataformak Nafarroako Gobernuarekin daukan lotura ere azpimarratu dute prentsa oharrean. Jakinarazi dutenez, lan batzorde bat osatu dute, «trenbide azpiegiturak bultzatzeko helburuz», Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuarekin, Garraio Ministerioarekin eta gobernu zentraleko Atlantikoko Ardatzerako Ordezkariarekin batera. Finean, manifestuaren antolatzaileek iritzi diote jokaera horren helburua eraikuntza «gizarte mailan legitimatzea» dela.

Hala, plataforma horren eta AHTaren aurka egiteko deia egin diete herritarrei eta Nafarroako erakunde eta kolektibo politiko, sozial, sindikal, kirol eta kulturalei, gaitzespena adieraz dezaten. Hala, ondutako manifestuari atxikitzeko eskatu diete, baita manifestu hori aurkezteko ekainean egitekoak diren elkarretaratzean parte har dezatela ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA