Enigma Green Power eta Savanna Power Solar enpresek egiteko asmoa zuten parke eolikoa atzera bota du Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari nagusiak, haize errotek ingurumenean izango duten inpaktua dela eta. Gaur argitaratu dute ezezko hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta zehaztu dute ebazpen horri ezingo zaiola helegiterik jarri. Zortzi errota jarri nahi zituzten enpresek Goñin eta Etxaurin, 4,99 megawatteko potentziaduna bakoitza.
Haize errotek bertako faunan sortuko lituzketen kalteengatik bota dute atzera proiektua. Ebazpenaren arabera, «balio ekologiko handiko» lurrak dira, biodibertsitate handikoak. Hegazti eta saguzar espezie askorentzat da bereziki garrantzitsua inguru hori: miru gorriarentzat, sai arrearentzat eta ugatzentzat bereziki. Galzorian daude espezie horiek. Ebazpenean azaldu dute kolisio arrisku handia dutela hegazti horiek, eta, duten garrantzia ekologiko handia dela eta, errotak «bideraezinak» direla ondorioztatu dute. Enpresek neurri zuzentzaileak proposatu badituzte ere, administrazio publikoaren ustez ez dira nahikoa.
Proiektua ez dago Natura 2000 Sarearen barneko eremu batean, baina bai Hegaztientzako Babes Bereziko Etxauriko Gunetik eta Kontserbazio Bereziko Urbasa eta Andiako Gunetik gertu. Hori dela eta, balio ekologiko handiko eremuen arteko konektagarritasunari kalte egingo liokete errotek.
Ingurumen organoaren arabera, inpaktuak pilatu egingo dira, eta are kalte handiagoa sortuko dute. Landarediari dagokionez, ondo kontserbatutako eta kalitate handiko eremu handi bat kaltetuko litzateke. Zehazki, bi hektarea pasatxo landaredi kaltetuko lirateke, tartean 1,4 hektarea pagadi.
Proiektua bertan behera uzteko ezinbestekoak izan dira hainbat elkarte ekologistak, udaletxek eta norbanakok aurkeztutako 69 alegazioak.