Bortizkeria bikarioak badu ezaugarri bereziki gordin bat: biziarteko kontrol emozionala, biziarteko kondena. Neurririk gabeko mina eta oinaze iraunkorra eragiten ditu, seme-alabak horien amak kontrolatzeko erreminta bihurtzen baititu. Finean, nagusitasun ekintza bat da. Bertze bat. Gaur izan da azkenekoa: Bilbon gizon batek bere alaba hil, eta bikotekidea zauritu du, eta, ondoren, bere buruaz bertze egin du. Bortizkeria hori ere indarkeria matxista da, erasotzaileek umeak erabiltzen dituztelako jada beren kontrolpean ez duten emakumea suntsitzeko.
Bada, 2003. urteaz geroztik hamahiru adingabe hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian, indarkeria bikarioa erabilita. Egiturazko arazoa da, eta arazo hori emakumeak zalantzan jartzen dituen eta umeak isilarazten dituen sistema baten gainean dago eraikia. Hortaz, eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak errandakoa gogora ekarrita, egoerari aurre egiteko «urgentziazko mekanismoak» behar dira, «instituzioen pasibotasunari eta jendartearen konplizitateari» aurre eginen diotenak.