Naturaren eta landa eremuaren suntsiketa gelditzeko eskatu du Euskal Herria Bizirik-ek

Guztira 50 bat eragilek izenpetu dute sareak plazaratutako manifestua. Horrez gain, maiatzaren 23an mobilizazioa egingo dute Gasteizen, 'Makroproiekturik ez' lelopean.

AHT abiadura handiko trena egiteko lanak, Azkoienen (Nafarroa), artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
AHT abiadura handiko trena egiteko lanak, Azkoienen (Nafarroa), artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
14789412 kepa
2026ko apirilaren 25a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herria Bizirik sareak argitara atera du lurra defendatzearen aldeko mugimenduko 50 bat eragilek babestutako manifestua. Eragile horien artean dira, besteak beste, Nafarroako eta Arabako kolektibo ugari, lurralde horietan egin nahi baitituzte Hego Euskal Herriko instalazio eoliko eta fotovoltaiko gehienak. Eguzkik eta Ekologistak Martxan-ek ere izenpetu dute testua, eta Euskal Herria Bizirik-en webgunean ikusgai dago dagoeneko. Agiriak egungo larrialdi ekologikoaren nondik norakoak aztertzen ditu, eta lurraldeko ekosistema naturala eta landa eremua arriskuan jartzen dituzten industrializazio politikak salatu. Horrez gain, maiatzaren 23an manifestazioa egingo dute Gasteizen.

Euskal Herria Bizirik sareko kideek azaldu dute krisi ekologiko globalari erantzutera bultzatzeko asmoz egin dutela manifestua, «planetako bederatzi muga biofisikoetatik zazpi segurtasun eremutik kanpo baitaude dagoeneko». Haien ustez, hori hala izatea ez da kasualitatea, baizik eta etengabeko hazkunde ekonomikoan eta erregai fosilen erabilera masiboan oinarritutako ekoizpen eta kontsumo eredu baten ondorioa.

Sinatzaileek salatu dutenez, «elite politiko-ekonomikoek proposatutako konponbideak merkatu hobiak aktibatzeko saiakera bat besterik ez dira», industrializazio berdearen, itun berri berdearen eta halakoen pean aurkeztuak. Testuak dioenez, ezinezkoa da egungo larrialdia gainditzea «metaketa kapitalistaren eredua» zalantzan jarri gabe, haien ustez «eredu horrek irabazi ekonomikoa lehenesten baitu ongizate globalaren gainetik».

Horiek horrela, adierazi dute lurra politikari eta enpresarien «inposizioetatik» defendatuko dutela aurrerantzean ere, justizia soziala lortzeko eta natura babesteko.

Lurraldeko eragina eta makroproiektuak

Lurzoru galera zein larria den ere nabarmentzen da idatzian, Europako Ingurumen Agentziaren datuak aipatuz: 2012tik 2018ra bitarte, urtean 400 kilometro koadro artifizializatu ziren. Bada, hain zuzen, gaur egungo «makroproiektu suntsitzaileenetako» batzuk zuzenean aipatu dituzte manifestuan: AHTa, Petronorren Bilboko Portuko elektrolizatzailea, Olatzagutiko erraustegia (Nafarroa) eta Gatikako (Bizkaia) interkonexio elektrikoa

Salaketa hori egitearekin batera, Euskal Herria Bizirik-ek Euskal Herri osoko herritarrak deitu ditu maiatzaren 23an Gasteizen egingo den mobilizazioan parte hartzera; Makroproiekturik ez lelopean aterako dira kalera. «Protestaren helburua da lurraren defentsa aldarrikatzea egungo eredu ekonomikoaren aurrean, eta erakundeek eta korporazio handiek bultzatutako ingurune naturalen eta landa eremuaren suntsiketa gelditzea», nabarmendu dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA