Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko gobernu kontseiluak hartu zuen erabakia: 2030era bitartean, 80 milioi euroren inbertsioak egingo dituzte proiektu berriztagarriak bultzatzeko. Hain zuzen ere, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) lehentasunezkotzat jotako proiektuak bideratuko dituzte ordurako. Azpiegitura eoliko eta fotovoltaikoen bidez, 450 megawatteko (MW) potentzia gehituko dute sarera. Aurreikusita dago epe berean 300 megawatt gehitzea autokontsumorako, eta, modu horretan, bikoiztu egingo dute berriztagarrien bidezko elektrizitate sorkuntzaren ratioa, %7,9tik %15era.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi zuen «EEEren eredua» aplikatuta hautatu dituztela jarduteko eremuak, energia iturri berriztagarriak «modu errealista eta arrazionalean» hedatzeko baldintzak sortzeko. Lau baldintza bete behar dituzte proiektuek aurrera egiteko, Jaurlaritzaren arabera: eguzkia edo haizea izatea, ingurumen eta hirigintza aldetik bideragarriak izatea, azpiestazio bat hurbil egotea eta proiektua ekonomikoki bideragarria izatea.
Irizpide horiek erakundeen jarduna gidatuko duten hiru mapatan islatu dituzte, eta berriztagarriak ezartzeko eremu potentziala mugatu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldearen %0,2ra murriztuta. «Hartara, hedapena metatu egiten da baliabide gehien dagoen, eragin txikiena duten, saretik hurbilen dauden eta ahalmen ekonomikoa duten lekuetan», Jaurlaritzaren esanetan. EEE tartean izanda, bultzada eta finantzaketa publikoz aterako dituzte aurrera proiektu horiek, baina horrek ez du baztertzen bultzada pribatu hutsez beste egitasmo batzuk ere aurrera joatea, baldin eta tramitazioa betetzen badute.
EEEren eredua hiru mapatan finkatu dute. Lehen mapan, Jaurlaritza lantzen ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialeko ezarpen lekuak ageri dira. EEEren bigarren mapan, azpiestazio elektrikoetatik gertu (15 kilometro baino gutxiago) dauden proiektuak sailkatu dituzte. Eta hirugarren mapan, 2030eko lehentasunezko jarduerako proiektuak ageri dira, hau da, berehalako bultzada eta finantzaketa jasoko dutenak. Mapa horretan, bultzatuko dituzten lehentasuneko proiektuak zehazteaz gain, lehen mapan ageri ziren hainbat proiektu baztertuta azaltzen dira, ingurumen eraginaren kontrako adierazpenak izan dituztelako tramitazioan. Zehazki, mapan agertzen diren hogei kokapen eolikoetatik bederatzi baztertu dituzte arrazoi horregatik. Gehienak Bizkaian daude.
11 proiektu, haietako bi obretan
2030erako, energia berriztagarriko 11 proiektu bultzatuko ditu EEEk, «elkarlan publiko-pribatuaren» bitartez. Haietako bi eraikuntza fasean daude: Labrazako parke eolikoa (40 MW) eta Armiñongo Ekienea parke fotovoltaikoa (110 MW), biak Araban. Eraikita dauden bi parke eoliko birpotentziatuko dituzte: Elgea-Urkilla (59 MW) eta Bilboko portukoa (8 MW). Azkenik, proiektu berri hauek bultzatuko dituzte: Ekian 3 (24 MW), Vitoria Solar 1 (35 MW), Vitoria Solar 2 (35 MW) eta Lantarongo (50 MW) eguzki parkeak eta Bilboko portuko (10 MW), Azazetako eta (40 MW) eta Aramaio-Leintz Gatzagako (35 MW) zentral eolikoak.
Egitasmo horiek ez ezik, beste instalazio eoliko batzuk ere ageri dira EEEren 2030eko lehentasunezko jarduerako proiektuak islatzen dituen mapa horretan, EEEren arabera garatzeko baldintzak betetzen dituztenak. Gipuzkoan, adibidez, Berastegiko proiektua dago, San Lorentzo-Larre-Ipuliño sektorekoa. Mapan dira Komisolatzakoa (Errezil) eta Urraki-Illaungoa ere (Beizama). Bizkaian, hiru proiektu geratu dira EEEren lehentasunezko proiektuen mapan: Ganekogortakoa, Sollubekoa eta Oizkoa, azken hori birpotentziatzeko. Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan, 2030erako egin nahi duten Aramaio-Leintz Gatzagakoaz gain, Elgeamendi-Arkamo ere mantendu dute mapan. Eta Arabako proiektuei dagokienez, lehentasunezkoen mapan geratu dira Pikatxo-Ganalto, Cantoblanco eta Burgosko mugako Risca eta Peña de los Hozanillos artekoa. Horrekin batera, Badaiako zentral eolikoaren birpotentziatzeko aukera ere aurreikusi dute.
Energiaren Euskal Erakundearen lehentasunezko jardueren mapa horretan, ez dira agertzen sustatzaile pribatuak dagoeneko tramitatzen ari diren beste zenbait proiektu.
Jaurlaritzaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontsumo elektrikoaren %7,9 da berriztagarriek sortua. Europako Batasuneko batez bestekoa %46 izan zen 2024an. Nafarroan handiagoa da oraindik kuota hori, %60tik gorakoa. Beraz, Europako kopuru horietara hurbiltzea da Jaurlaritzaren helburua: «Ikuspegi berriak sorkuntza propioa bizkortzen du, lurraldea estandar kontinentaletara hurbil dadin».