Elkarbizitza

Navarra Sumak barkamena eskatu die Zabalza, Arregi eta Rodriguezen senideei

Foro Sozialaren agerraldian, Iñaki Iriarte eskuineko koalizioko kideak nabarmendu du ez dutela arazorik autokritika egiteko, baina deitoratu egiten du egun normalizazio politikoa «zentro eskuinaren aurka setioa egiteko» erabiltzen dela.

Iñaki Iriarte, parlamentuan, urriko osoko bilkura batean. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2021eko azaroaren 17a
20:45
Entzun

«Autokritika egiten dugu. Ez genuen jakin German, Zabalza, Arregi eta gainerakoei kariñoa adierazten, edo justizia jasotzeko eskubidea zutela esaten». Navarra Sumako Iñaki Iriarte parlamentariak elkarbizitzari buruzko gogoeta egin du Nafarroako Parlamentuan. «Ez zaigu kostatzen barkamena eskatzea okertu egin baginen. Baina gogoratu behar dut ez genuela biolentzia erabili, ez genuela GAL antolatu. Ez genuen gerrarik antolatu gerra egin zigutenen kontra».

Foro Sozialeko ordezkariak parlamentuan izan dira asteazkenean, Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko urratsen eta oztopoen berri eman dezaten. Erantzunen txandan, elkarbizitzaren gaineko bere interpretazioa egin du Iriartek. Haren esanetan, elkarbizitzak ez du gai alderdikoi bat izan behar, ez eta «behin-behineko aliantza joko baten osagaia edo aurrekontu batzuk aurrera ateratzeko osagaia ere».

Iriarteren arabera, «naturaltasun osoz» onartu beharko litzateke elkarbizitzari buruz ikuspegi desberdinak daudela, baina, horiek zilegitzat hartu arren, uste du gutxieneko batzuk egon behar direla. Hala, nahiz eta terrorismoaren definizio bateraturik ez dagoen, Iriartek beharrezkotzat jo du haren edukiari buruz ados jartzea: «Erraten badut GALen ekintzak ez direla krimenak edo terrorismoa, ulergarria litzateke biktimek pentsatzea ezin dela nirekin bizi».

Hala, baieztatu du Navarra Sumak gaitzetsi egiten dituela GAL eta BVEren atentatuak eta Muguruzaren hilketak. «Horregatik tematzen gara EH Bilduri galdegiten ETA terrorista eta kriminala zela adieraz dezala eta lagun dezala argitzen argitzeke dauden krimenak». Haren irudiko, egun, normalizazio politikoaren helburua ez da elkarbizitza eraikitzea, «boterea lortzea baizik». Haren hitzetan, helburua da «Nafarroako zentro eskuina desagerraraztea eta agian bihar EAJ boteretik kentzea EAEn».

Fernando Armendariz Foro Sozialeko eledunak nabarmendu du alde guztietako biktimak berdin aitortu behar direla, «guztien sufrimendua berbera delako». Armendarizen arabera, Foro Sozialak hori gainditzea du asmo: «Politikak horretarako balio ez badu, zertarako balio du orduan?». Haren hitzetan, agerraldian agerian utzi du alderdiek elkarbizitzari buruzko ikuspegi desberdinak dituztela, eta aniztasun hori errespetatu behar dela elkarbizitza demokratikoa izan dadin, baina gutxieneko batekin: «Ez errepikatzea inoiz existitu behar ez zuen hori eta indarkeria bitarteko politiko gisa ez erabiltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.