Navarrabiomed enpresa publikoko langile batzordeak hitzarmen propioa eskatu du

Salatu dute Nafarroako Gobernua negoziazioak blokeatzen ari dela eta horrek «eragin zuzena» duela osasun sistema publikoan.

Navarrabiomed enpresa publikoko langile batzordearen protesta, LABek deituta. IDOIA ZABALETA / FOKU
Navarrabiomed enpresa publikoko langile batzordearen protesta, LABek deituta. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2026ko abuztuaren 26a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitzarmen duina orain pankartaren atzean kokaturik hasi da Ainhoa Ostiz Urroz salaketa egiten. Lan baldintzak hobetzeko beharra nabarmendu du Navarrabiomed enpresa publikoko langileen batzordeko kideak. «Berrogei urteko ibilbidea duen fundazio publikoa bada ere, ez dugu hitzarmen kolektibo propiorik», gaitzetsi du. LABeko bederatzi ordezkarik osatzen dute fundazioko langile batzordea.

Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean egin dute elkarretaratzea, gaur, 11:30ean. Nafarroako Gobernua, izan ere, bilduta egon da bitartean eraikinaren barruan. Langile batzordeak argi utzi nahi izan dio ezinbestekoa dela «neurriak hartzea hitzarmen kolektiboa egin eta aplikatu ahal izateko».

Mobilizazioak bi helburu izan ditu. Batetik, Navarrabiomeden egiten den lanaren garrantzia herritarrei erakustea. Bestetik, lan baldintza duinak eskatzea enpresa horretako langile guztientzat.  

Gaurkoa ez da lehen aldia batzordeak langileen egoera salatzen duena. Ostizek argi adierazi du hiru urte daramatzatela ikerketa biomedikoaren berezitasunak bildu eta aldi berean enpresako langile guztien lan baldintzak duinduko dituen testu bat negoziatzen.

Hitzarmen propioarekin batera, lan baldintza egonkorrak eskatu dituzte, ikerketaren errealitateari egokitutako baldintzak. «Ikerkuntzak berezitasunak ditu hala ordutegietan nola lanpostuetan. Ez ditugu ohiko enpresetako lanpostuak, oso espezializatuak dira, eta haietara egokitzen diren soldatak eskatzen ditugu. Jadanik egina dugu postuak eta soldatak erlazionatzen dituen taula», azaldu du Ostizek.

Miguel Servet fundazioak kudeatzen du Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroaren jarduera. Haren patronatuan Osasun Departamentuko, Osasunbideko, NUPeko eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko ordezkariak daude.

Talentuak, ihesi

Enpresako langileen aldarrikapenek babes soziala dutela erakusteko, sinadurak biltzen ari dira. «Bilketa honen bidez Nafarroako Gobernuari erakutsi nahi diogu Navarrabiomedeko langileentzako hitzarmen duin bat eskatzea ez dela soilik lan kontu bat», jakinarazi du Ostizek.

Ohartarazi dute lan baldintza «txar» horiei eutsita «kualifikazio handiko profesionalen ihesa» sustatzen duela Nafarroako Gobernuak. Talentua erakartzeaz gain hari eutsi egin behar zaiola diote.  

Gaineratu dutenez, zientzialarien errealitatearekin bat egiten duen hitzarmen batek mesede eginen lioke Nafarroako gizarteari ere. Ostizek honela azaldu du: «Ikerketa biomediko publiko sendo batek eragin zuzena du osasun sistemaren kalitatean, aurrerapenak bultzatzen baititu gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduetan».

Langile batzordeak borondate politikoa eta inplikazioa eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari, bai negoziazioa desblokeatzeko, eta baita 2027rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hitzarmena lortzeko behar diren baliabideak bermatzeko ere. Haien ustez, «ikertzaileentzako eta teknikarientzako lan baldintza duinak bermatzeak Nafarroako osasun sistema publikoa eta gaitasun zientifikoa indartzea ekarriko du».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA