Gure Esku-ko eleduna

Josu Etxaburu: «Nazio aitortzarik baldin badago, ukaezina da nazio hori osatzen dugunon erabakitzeko eskubidea aitortzea»

Etxaburuk larunbateko Konferentzia Subiranista du jomugan, baina begi bat jarria du EAErako estatus politikoaren inguruko eztabaidan ere. Haren ustez, funtsezkoak dira bai nazio aitortza, bai harreman eredu berria eta bai erabakitzeko eskubidea.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
Ondarroa
2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondarroako portuko horman (Bizkaia) bi esku ageri dira arrantzarako sare bati heltzen. Haren aurrean jarrarazi du argazkilariak Josu Etxaburu Gure Esku-ko eleduna (Ondarroa, 1964), eta hari, gustatu kokalekua: «Oso gurea da hori. Saretzea». Helburu hori ere badu larunbat honetan Bilbon egingo duten II. Konferentzia Subiranistak. Etxaburuk dio luzarorako sortutako «elkargune» bat dela, eta hartan landu nahi dituztenez eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaz aritu da elkarrizketan.

Konferentziaren aurkezpenean, esan zenuen burujabetza eta naziogintza kontzeptuak agendan daudela, baina eskuin muturra esku hartzen ari dela horietan. Zuk orduan egin zenuen galdera doa bueltan: zer logika daude kontzeptu horien itzuleraren atzean?

Naziogintzaren gaia eta subiranotasunarena mahai gainean daude. Kontua da nola gauzatzen diren nazio eta burujabetza horiek. Ikusten ari garenak kezka eragiten digu, balio erreakzionarioetan oinarritzen dutelako eraikuntza hori; ukaziotik dator. Gure eredua beste bat da, eta hura mahai gainean jartzeko aukerak izan behar ditugu.

Besteak beste, nazio espainiarraren eta frantziarraren itzulerez arituko zarete. Oraintsu Pradalesek aipatu du Espainian indartzen ari den unionismo berriak Euskal Herria «ukatzea» ere badakarrela.

Ezin dugu ukatu Euskal Herria bi estaturen menpe bizi den herri bat denik. Beraz, esanguratsua izango zaigu Vicent Florren eta Michel Cahenen ahotan entzutea Espainiaren eta Frantziaren konfigurazioa zer-nolako balioen pean sortzen ari den. Balio erreakzionario horietatik abiatuz eraikitzen badira, herri oso baten ukaziotik abiatuz —lehendakariak esan bezala—, gakoa izango da ea herri honek nola erantzungo dion erronka horri. Horretarako, beharrezkoa dugu gertatzen ari den hori zentzu kritikoarekin aztertzeko tresnak eskuratzea, eta ekitea. Ezer ez egitea ez da aukera bat.

Autogobernua indartzea da aipatzen dituzuen tresnetako bat. Zer proposatzen du Gure Esku-k?

Gure Esku-ren planteamendua zazpi lurraldeetara bideratzen da, Euskal Herri osora. Behin argi izanda zazpi lurraldeei begirako burujabetza prozesu batean aurrera egin nahia, guk txalotu egingo ditugu gure lurraldeen burujabetza prozesuan ematen diren aurrerapausoak, eta ahal badugu, lagundu egingo dugu. Edozein lurraldek bere burujabetzan aurrera egiten badu, lagungarri izango da besteontzat ere.

«Beharrezkoa dugu [Espainian eta Frantzian] gertatzen ari dena zentzu kritikoarekin aztertzeko tresnak eskuratzea eta ekitea. Ezer ez egitea ez da aukera bat»

Orain, EAErako estatus berriaren ingurukoak dirudi aurreratuena.

Hor, gure planteamendua da ados jarri beharra dagoela. Zilegi da bakoitzak bereari eustea, baina are zilegiago izango litzateke datozen garaiotan epe luzeko begirada jorratzea, eta guztiona den horren bueltan lanketa eta adostasun sakonak izatea. Esaten da abaguneak aprobetxatu behar direla, baina, gure ustez, zera da aprobetxatu behar den abagune nagusia: herri izaeratik herri akordio zabaletara iristekoa. Eta gero, lortzen diren adostasunekin arduratsu jokatu eta horien defentsa sutsua egin behar da, edozein izanda ere eszenatoki posiblea. Eta ez diezaiogun beldurrik izan sortzen diren adostasunak herritarren esku uzteari. Azkenean, adostasun horien muskulua herritarren babesean dago.

Urte hasieran, azken eskumen eskualdaketa izan zenean, «anbizioa» eskatu zenuten. Anbizioa falta da?

Euskal Herriak anbizioa behar du datozen erronka guztiei aurre egiteko. Eta anbizioa eskatzen genuen estatus berriaren kontura irakurtzen eta entzuten denagatik. Nazio aitortza hor egon daiteke, eta estatuaren eta EAEren arteko harremana ere eztabaidagai izan daiteke. Eta guk zera esaten dugu: nazio aitortzarik baldin badago, ukaezina da nazio hori osatzen dugun euskal herritarron eskubideak aitortzea. Eta eskubide horietan gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea ere badago.

Hain zuzen, erabakitzeko eskubidea Gure Esku-ren oinarrizko eskaera bat izan da taldea sortu zenetik beretik. Baina, alderdiek esandakoei erreparatuta, badirudi kanpoan geratu daitekeela.

Sarri askotan ikusi dugu nola gertatu diren ezinezkoak ziruditen gauzak. Batzuei eta besteei esaten ari gara erabakitzeko eskubideak bere lekua izan behar duela. Era batera edo bestera, baina izan behar duela. Euskal herritarrok badugu, gure ustez behintzat, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea.

PSE-EEk «marra gorritzat» jo du.

Marra gorriak Gure Esku-ren egiteko moduetatik urrun daude. Marra gorriren bat izatekotan, euskal herritarron ongizatea eta etorkizuna bermatzen ez duen marra bat izango litzateke. Estatus berri batek ez badu modua ematen arlo guztietan euskal herritarron bizi baldintzak hobetzeko, kale egingo dugu. Euskal Herriak adostasun gehiago behar ditu, eta marra gorri gutxiago.

Anbizioa eskatu duzue Espainiako Estatuarekiko harreman eredua berritzeko ere.

Uste dugu eskumenez hitz egitean —eta etor daitezela beharrezko guztiak— begirada berri bat behar dela. Guk beste modu bateko erlazio bat behar dugu, eta zenbait auzi blindatu behar dira. Deskubritzen ari gara gureak ziren lurralde batzuk ez direla hala, eta edozein epailek hankaz gora jar dezakeela herri oso baten eraikuntza; hizkuntzaz ari naiz.

«Egin dezagun ahal den guztia, eta irmo jokatu dezagun lortzen diren adostasunekin. Guztiok. Ezin da lortzen den hori berriro eztabaidagai jarri»

Akordiorik lortuko balitz, ondoren Madrilera eraman beharko litzateke onartutakoa. Aukera leihoez hitz egiten da, baina zer gertatuko da itundutakoa ez bada onartzen Espainian?

Ez lioke indarrik kenduko euskal lurraldeetan lortutako akordioari. Sarri egon gara kanpora begira, leiho bat noiz zabalduko. Eta zabaltzen diren leiho guztiak aprobetxatzearen alde egiten dugu, baina iruditzen zaigu garaia dela geurean eraikiz joateko. Egin dezagun ahal den guztia, eta irmo jokatu dezagun lortzen diren adostasunekin. Guztiok. Ezin da lortzen den hori berriro eztabaidagai jarri. Euskal herritarrok horren alde egiten badugu, defendatu dezagun batzuen eta besteen aurrean, eta garatu. Eta nik benetan uste dut horretan sinisten badugu aukerak sortuko direla.

Zuek, hain zuzen, herritarrak aktibatu nahi dituzue helburu hori betetzeko. Durangoko Azokan abiatu zenuten horretarako azken ekinaldia: Herritu. Zer-nolako bidea izan du orain arte?

Feedback-a ona da. Orain, herri bakoitzak eskuan ditu Herritu txartelak, eta lanean ari dira Herritokiak eta Herritu Egunak sortzeko. Herritu autoafirmaziorako tresna bat da: euskal herritartasuna, euskara, eskubideak eta erronka berriei erantzuteko burujabetza tresna gehiagoren aldeko jarrera. Uste dugu milaka herritarrek bat egingo dutela, eta aukera aparta izango da komunitatea trinkotzeko.

Norbanakoa da ekinaldiaren oinarria. Zergatik?

Gintza guztiak norgintzatik hasten dira. Ni nor naiz? Eta komunitatean nola eraikitzen dut neure burua? Hortik abiatu behar dira herrigintza, naziogintza eta estatugintza. Eta ikusita zer-nolako zarata dagoen munduan, pentsatu genuen interesgarria litzatekeela adierazpen labur horretan elkartzea. Topaleku ezin egokiagoa da milaka herritarrek bat egin dezagun.

Aberri Eguna ere badator. Euskal Herria Batera-k prozesu bat abiatu du egun horren instituzionalizazioaren alde. Zuek ere bat egin duzue proiektuarekin.

Aurten, Lizarran izango gara martxoaren 28an, eta Gure Esku-k presentzia handiagoa izango du. Aberri Egunari eutsi diotenei, alderdiei, eskertu egin behar zaie egindako lana, baina igual hausnarketa zabalago bat behar da, inori berea duen hori kendu gabe, baina zergatik ez joan beste eszenatoki batera? Zergatik ez topaleku bihurtu Aberri Eguna? Horrelako egoera bat amesten dut, eta hortik gure irakurketa. Sinergia subiranistak elkartzen eta lantzen ari gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA