Felipe VI.a Espainiako erregeak Gabon gaueko ohiko diskurtsoa eman zuen astearte iluntzean, eta hark esandakoekin kritiko mintzatu dira EAJ eta EH Bildu. Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, estatuburua «arazo batzuk zerrendatzera edo deskribatzera mugatu» zen, «krisian dagoen eta hainbat erronka dituen estatu bat» deskribatuta. Felipe VI.ak «autoestimua elikatzeko saio bat» egin zuen, Estebanen iritziz: «Ez zuen Euskadi aipatu ere egin, eta Kataluniaz, gehiegi sakondu gabe, esan zuen zerrenda luze bateko beste kezketako bat dela».
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak, berriz, salatu du «plurinazionalitateari buruz hitz egitea ahaztu» zitzaiola: «Monarkian ordezkatuta sentitzen ez direnak alboratu zituen». Aizpuruak uste du diskurtsoak «agerian» utzi duela» Espainiako Estatua egiturazko krisian» dagoela eta monarkia dela horren «adierazle argietako bat».
Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko diputatua bestela mintzatu da; haren esanetan, diskurtsoa «erregearen beste bat» izan zen, «topikoak» erabili zituen, eta eskertuta agertu da hitzaldiak ez zuelako «tonu zakarra» izan. Haatik, PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi Amaia Fernandez ados azaldu da Felipe VI.ak esandakoekin, iritzita Espainiako Konstituzioa «elkarbizitzaren topaleku» gisa jarri zuela «inposizioaren eta intolerantziaren aurka».
«Voxen mitin bat»
Kataluniatik ere kritikak egin dizkiote Felipe Borboikoari: Quim Torra Generalitateko presidenteak erantzun dio Espainia «kezka bat» dela Europarentzat, eta Gabriel Rufian ERCko diputatuak «Voxen mitin» batekin alderatu du hitzaldia. PDeCateko presidente David Bonvehik katalanak «mespretxatzea» egotzi dio.
Hain justu, PSOE eta ERC Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzen ari dira egunotan, eta testuinguru horretan mintzatu zen Borboikoa. Ernest Maragall ERCko Bartzelonako udal taldeko buruak azaldu du «behar den seriotasunez eta diskrezioz» ari direla hitz egiten, baina akordioa ez dagoela «inola ere» itxita.
EAJ ere PSOErekin hizketan ari da, eta, Estebanen ustez, inbestidura «askoz lasaiagoa» litzateke urtarrilaren 8tik aurrera egingo balitz: «Argi izan behar dugu zein izango den gobernuaren norabidea».