«Negozio turistikoaren» kontra egin dute Iruñeko manifestazioan

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatutako manifestaldian Iruñeko Alde Zaharreko turistifikazioa salatu dute, baita etxegabetzeak ere.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatutako manifestazioa gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatutako manifestazioa gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko abenduaren 13a
19:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Negozio turistikoari ez!», oihukatu dute gaur Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitutako manifestazioan. Negozio turistikoari ez! Mercaderes 18koekin elkartasuna lelopean abiatu dira Iruñeko Errekoleten plazatik alde zaharreko kaleen barna, Mercaderes kaleko 18. portalera iritsi arte. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaz gain, Iruñeko hainbat eragile sozial ere batu dira deialdira: Nahiko AZ, Harituren Etxebizitza Sindikatua, Berriozarko PAH, Martes al Sol, Dar Etxea, PIM-MIG (Pertsona Migratuendako Informazio Gunea), Nafarroako Salhaketa, Alde Zaharreko Gazte Mugimendua, Alde Zaharreko Gazte Koordinakunde Sozialista, Nafarroako CGT-LKN eta Iruñeko CNT.

Turismoaren negozioaren aurka eta Mercaderes kaleko 18 portalean bizi diren bizilagunei elkartasuna adierazteko antolatu dute mobilizazioa. «Etxebizitzaren negozioari ez», oihukatu dute manifestariek. Duela hilabete batzuk, Mercaderes 18ko bizilagunek salatu zuten Vidaurre Group enpresak haien etxebizitza bloke turistiko bihurtu nahi zuela. «Turismoarekin negozioa egiten dutenen mesedera jartzen den auzo eredu baten adierazpen bat gehiago baino ez da», salatu dute manifestazioaren antolatzaileek. Ondoren jakin zuten blokeko etxebizitza guztiak etxe turistiko bihurtzeko asmoa zutela, eta, horrela, bloke turistiko oso bat sortu.

Manifestazioaren ibilbidean zehar, turismoaren negozioak langile klasean duen eragina salatu dute: besteak beste, etxetik edota auzotik kanporatzea, bizi baldintzak okertzea eta sare komunitarioak «suntsitzea». Amaierako hitzaldian salatu dutenez, «Alde Zaharrean dagoeneko 225 etxebizitza turistiko daude erregistratuta, hau da, 30 etxebizitzatik bat turismora dago bideratuta».

Esan dute Alde Zaharrean gertatzen ari dena erakusten duela Mercaderes kaleko 18koak, horren adibide bat baino ez dela, eta Alde Zaharrean martxan diren beste egitasmo batzuk seinalatu dituzte: esaterako, abuztuan martxan jarri zuten Eslava kaleko 13. zenbakiko bloke turistikoa. Etxe turistikoez gain, hotel, aterpetxe eta antzekoetako lolekuen kopurua gora doala ere adierazi dute. «Hau guztia pagotxa da turismoarekin negozioa egiten duten horientzat, eta miseria langile klasearentzat», azaldu dute.

Etxebizitzaren «negozioa»

Mercaderes 18ko bizilagunek ere hartu dute hitza. Diotenez, «babes handia» jaso dute azken hilabeteetan auzoaren eta sindikatuaren aldetik. Etxetik bota nahi zituztela jakin zutenean, argi izan zuten «antolatzea eta borrokatzea» zela bidea. Hala ere, «borroka zabalagoa» dela esan dute: «Borroka hau etxebizitzaren negozioaren ondorioak jasaten ditugun guztiona da, eta jende guztiari etxebizitza bat bermatu behar zaiola uste dugun guztiona». Halaber, dei egin die «antzeko egoeran» dauden guztiei, ez dezaten «isilik edo lotsaz jardun».

Sindikatuak aldarrikatu duenez: «Langile klaseak izan behar du etxebizitzen gaineko kontrola, inork ez dezan etekinik atera etxebizitzarekin eta tankerako oinarrizko beharrekin». Hori dela eta, Mercaderes 18ko apartamentu turistikoen proiektuari aurre egiteko beharra azpimarratu dute, baita antzeko egitasmoei ere. Bukaeran, nabarmendu dute borrokan jarraituko dutela «etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala» izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.