Ezkabarteko sutea kontrolatzeko lanetan ari dira oraindik suhiltzaileak

Anotz eta Nabatz hustu behar izan dituzte ordu batzuez. Nafarroako Gobernuak lehorreko lurretako nekazaritza jarduerak mugatu ditu Pirinioetan, erdialdean eta Erriberan.

Helikoptero bat Ezkabarte inguruetako sutea itzaltzeko lanetan atzo. JESUS DIGES / EFE
Helikoptero bat Ezkabarte inguruetako sutea itzaltzeko lanetan atzo. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko ekainaren 26a
09:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezkaba mendiko ipar hegalean sutea hasi zen atzo arratsaldean, eta suhiltzaileak gau oso pasatu dute hura egonkortzeko asmoz. Inguruko bi herri (Anotz eta Nabatz) hustu behar izan zituzten ordu batzuez, baina gaueko hamaiketan etxera itzuli ahal izan ziren herritarrak.

Goizeko lehen orduetan helikopteroz hartutako irudietan nabaritu daitekeenez, sua piztuta dago oraindik, ke laino handi batek inguratzen baitu basoa. Sua oraindik kontrolpean ez dagoen seinale.

Atzo, 17:45 aldera, sua piztu zen Makirriaindik gertu den baso batean. Sugarrak gertu zirenez, badaezpada ere, Nabatz hustu zuten. Ke laino handia sortu zen, eta bete-betean eragin zion Anotzi ere, eta, horregatik, hura ere hustu egin zuten. Usi herria ere hustea aztertu zuten, baina azkenean ezetz erabaki zuten. Gauean, bizilagunak etxera itzuli ahal izan ziren.

Suhiltzaileak jo eta ke aritu dira hasieratik. Gauez, helikopteroen jarduna eten behar izan zuten, baina goizean berrekin diote itzaltze lanei. Goizean goizetik, Nafarroako larrialdietako aholku batzordea bildu da sute horren bilakaera eta nondik norakoak aztertzeko, Inma Jurio Barne kontseilaria buru duela.

Gobernuaren arabera, Nafarroako zazpi parkeetako suhiltzaileak parte hartzen ari dira Ezkabarteko sutea itzaltzeko lanetan, eta lurraldeko baliabide guztiak ere lanean ari dira.

Gaur ere egun konplikatua izateko arriskua dago. Bero handia eta giro idorra espero denez, Nafarroako Gobernuak lehorreko lurretako nekazaritza jarduerak mugatzeko agindu du. Foru agindu horrek Pirinioetako, erdialdeko eta Erriberako laborariei eragingo die.

Atzo egun zaila izan zen, hainbat sute piztu baitziren, besteak beste, Ledean, Noainen, Etxalarren, Murillo el Cuenden, Irunberrin, Larraiotzen, Caparroson, Melidan eta Lerinen; larriena, Ezkabartekoa.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA