Nerea Kortajarena: «Euskal Herriak 2026an izango du aukera estatus politikoak eguneratzeko, mehatxu guztien gainetik»

EH Bilduren programa idazkariak Urteberriko mezua plazaratu du, 2026rako asmoen berri emateko.

maxresdefault
Kortajarena, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Edu Lartzanguren.
2025eko abenduaren 31
13:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren programa idazkari Nerea Kortajarenak bideo baten bidez eman du koalizioaren Urteberriko mezua. Adierazi du herritarrek arazo larriak dituztela oraindik, eta «etxebizitzaren prezioa, bizitzaren garestitzea, eta euskararen aurkako oldarraldia» zerrendatu ditu horien artean. Baina mehatxu guztiak gainditzeko lan egingo dutela agindu du, «ustelkeriarik, entxufismorik eta ate birakaririk batere gabe».

Kortajarenak esan du Euskal Herri osoari begiratuta plazaratu duela mezua, hau da, zazpi lurraldeak kontuan hartuta, eta horietan EH Bildu «lehen indar politikoa» dela nabarmendu.

Nazioarteko egoera aipatu du, hasteko, eta eskuin muturraren gorakada salatu, Marine Le Pen, PP eta Vox aipatuta. Horrez gain, gaitzetsi egin du indarkeriak nazioarteko legediari gaina hartu izana: «Trumpen handinahikeria» eta Palestinako kasua nabarmendu ditu.

Euskal Herrira itzulita, arazo larriak zerrendatu ditu: etxebizitzen eta bizitzaren garestitzea, euskararen aurkako oldarraldia eta zerbitzu publikoen «prekarizazioa». Esan duenez, arazo horiek ez dira konponduko «betikoek betikoa eginez». Indarkeria matxista aipatu du gero, eta zehaztu nahikoa dela esate hutsa jada ez dela aski.

2026rako erronken artean, estatus politikoak eguneratzeko aukera ekarri du hizpidera. «2025ak berriz ere erakutsi digu burujabetza dela herritar guztien ongizatea bermatzeko tresnarik eraginkorrena».

Agindu duenez, EH Bilduk lanean jarraituko du «jendearen bizitza hobetzeko akordioak sustatzen, mehatxu guztien gainetik, ustelkeriarik, entxufismorik eta ate birakaririk batere gabe, eta herri honekin eta herritarrekin konpromiso osoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.