Nerea Llanos izango da EAEko PPren idazkari nagusia

Kongresua hasi aurretik, krisia amaitutzat jo du Quirogak, eta esan du hautagaiak «alderdi guztiaren babesa» duela

Arantza Quiroga atzo Gasteizen, atzean EAEko PPko beste agintariak zituela. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Edurne Begiristain - Aitizber Laskibar Lizarribar
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Nerea Llanos bizkaitarra izango da EAEko PPko idazkari nagusia,Iñaki Oiartzabal arabarraren ordez. Horrela jakinarazi zuen atzo arratsaldean Arantza Quiroga presidenteak, PPren Gasteizko egoitzan, premiaz deitutako prentsaurreko batean. Hautagaiak «alderdi guztiaren babesa» duela azpimarratu zuen Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako PPko presidenteekin batera egindako agerraldian. Azken egunotan alderdiaren barruan sortutako krisia amaitutzat eman nahi izan zuen horrela Quirogak: «Alderdi honek batu egiten du, ez zatitu».

Gaur hasiko den EAEko PPren 14. Kongresuaren atarian, zatiketa ate joka zuen Quirogaren alderdiak. Oiartzabal idazkari nagusi kargutik kentzeko erabakia hartuta lehenik, eta haren ordez proposatutako Manuel Uriarte Gasteizko zinegotziak ezezkoa eman ostean, ez zen giro alderdian. Atzo hartutako erabakiarekin urak baretu nahi izan ditu Quirogak alderdian, eta batasun irudia ematen ahalegindu da. «Talde trinkoa osatu dugu, talde on bat Euskadik duen garai berriari heltzeko».

Idazkari nagusi izateko hautagaiarekin batera, bestelako berritasunak ere izango ditu EAEko PPren egitura berriak. Batetik, baten ordez hiru presidenteorde izango ditu alderdiak: herrialde bakoitzetik bat. Egun presidenteorde den Anton Danborenearekin batera, Alfonso Alonsok eta Borja Senperrek ere izango dute kargu hori. Bestetik, idazkaritzan ere herrialdeen arteko oreka lortzen saiatu da Quiroga, eta, idazkari nagusiaren karguarekin batera idazkariorde nagusia ere izango du alderdiak; kargu hori Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak beteko du.

Kongresurako egunaren bezperan hartu du erabakia PPk. Inor gutxik espero zuenean, gainera. Izan ere, atzo egun osoz buruzagi nagusi batzuk atsedenik gabe aritu ziren adostasun bila Eusko Legebiltzarrean. Osteguneroko saioa zuten goizean, eta plenoa ohiko eztabaidan zegoen bitartean, Quiroga, atzora arteko idazkari nagusi Oiarzabal, Anton Danborenea Bizkaiko PPko presidentea eta Borja Senper Gipuzkoakoa parlamentuko kafetegian ziren euren eztabaida partikularrean.

Legebiltzarrera iristean, «fumata zuri-rik» ez zegoela jakinarazi zuen Quiroga presidenteak; eta horrexen bila jarraitzen zutela. Kafearen ondoren, krisia konponduko zen sinesmena plazaratu zuen hark: «Egoera zailagoak gainditu ditu PPk. Hau ondo aterako da», adierazi zuen. Areago, kongresua «lasaia» izango dela esatera ere ausartu zen.

Arratsaldeko prentsaurrekoan, krisia konpondutzat jo, eta batasunaren mezua helarazten saiatu zen Quiroga. Ez zituen barne krisiari buruzko galderak erantzun nahi izan, eta gidoitik atera gabe aritu zen hedabideen aurrean. «Garrantzitsuena da akordio bat lortu dugula. Arduraz eta egoerak eskatzen duen mailarekin jokatu dugu». Oiartzabali buruz galdetu ziotenean, haren defentsan atera zen, baina ur handitan sartu gabe: «Oiartzabalek badaki alderdiaren babes osoa duela. PPko kidea da, eta hala izango da aurrerantzean ere».

Cospedalen babesa

Idazkari nagusiaren berri eman baino ordu batzuk lehenago, hautagaia adostu gabe zegoela, Maria Dolores de Cospedal Espainiako PPren idazkari nagusiak alderdiaren babes osoa adierazi zion Quirogari. Honen jarrera ulertzen duela adierazi zuen, nolabait: «PPren nazio zuzendaritzak oso argi du alderdia zuzenduko duenak bere konfiantzako taldea izan behar duela». Adostasuna beharrezkoa duela esan zuen De Cospedalek, baina ez litzatekeela «logikoa» buruzagi nagusiak bere taldea aukeratu ezin izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.