NIZE elkarteak D ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu du: «Eskola publikoaren helburua ez baita eustea, aurrera egitea baizik»

Pello Reparaz musikaria eta Uxua Lopez zientzialaria dira aurtengo matrikulazio kanpainaren protagonistak.

D ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu du NIZEk Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
D ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu du NIZEk Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko otsailaren 26a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

NIZE Nafarroako D ereduko Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak euskarazko murgiltze ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu du gaur, Iruñean. San Frantzisko ikastetxe publikoan egin dute aurkezpena, D ereduaren II. Topaketen bukaeran, eta bertan, berretsi egin dute sare publikoak duen konpromisoa «euskarazko hezkuntza inklusibo, eleaniztun eta kalitatezko batekin».

Aurtengo kanpainarekin bat egin dute Zetak taldeko Pello Reparazek eta Uxua Lopez zientzialariak. Biek ala biek Nafarroako familiak animatu dituzte seme-alabak D ereduko ikastetxe publikoetan matrikulatzera.

NIZEko arduradunek azaldu dutenez, Nafarroan, gaur egun, sare publikoko 184 ikastetxetan eskaintzen da euskarazko murgiltze eredua, eta 22.135 ikasle daude eredu horretan izena emanda. «Datu horiek islatzen dute gure hezkuntza proiektua sendoa dela eta familiek gero eta konfiantza handiagoa dutela», esan dute aurkezpenean.

D ereduko ikastetxeen elkarteak aitortu du jaiotze tasaren beheranzko orokorrak «hezkuntza sistema osoari» eragiten diola, eta D eredua ez dela salbuespena: «Egoera demografikoa konplexua da, baina eskola publikoaren helburua ezin da izan eustea, aurrera egitea baizik. Horretarako, indartu egin beharko ditu bere izaera inklusiboa, euskararekiko konpromisoa eta kalitatezko hezkuntza publiko baten aldeko apustu irmoa». Bukatzeko, NIZEko ordezkariek familiak animatu dituzte D ereduko ikastetxeen hezkuntza proiektua «bertatik bertara» ezagutzera, eta ongi informatzera, seme-alabak non matrikulatu erabaki aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.