«Arrazakeria ez dator: ja hemengo errealitatearen parte da. Gure auzoan dago, gure barnean dago». Xabi Lasa (Gasteiz, 1988) Gasteizko Eva Forest Liburutopia kafetegi-liburu dendaren sortzaileetako bat da, eta argi azaldu du egungo egoera: «Gasteizko biztanleen erdiak ez dira bertan jaiotakoak —%37 Espainiako Estatuan jaioak dira, eta %12 munduko gainerako tokietan, Gasteizko Udalaren 2017ko txosten baten arabera—, baina nork garbitzen du ondoko ataria? Nor atxikitzen du Poliziak kale kantoian? Zer hizkuntzatan hitz egiten diegu pertsona arrazializatuei?». Liburu dendatik atera gabe ikus ditzaketen egoerekin arduratuta, arrazakeriari buruzko hilabeteko zikloa egin dute bertan. Arrazakeria gure auzoan hasten da! Gure auzoan borrokatzen da! izendatu dute, eta mahai inguru, solasaldi, liburu aurkezpen eta bestelako jarduera batzuekin osatu.
Gasteizen duela 50 urte iritsitako migratzaileak eta gaur egun iristen direnak ez dira berdin ikusten. Azkenaldian, ohikoa bilakatu da eskuindar eragileak hiriko zenbait auzotan migranteen aurka mobilizatzea. Aranan, Errotan, Abetxukun eta beste zenbaitetan gertatu da, eta, horren aurrean, herri mugimenduak antolatu egin dira. Liburutopiakoek ere beharrezkoa ikusten zuten auzi horren inguruan euren alea ipintzea: «Badakigu badirela eragileak egunero horretan lanean, eta gu liburu denda soil bat garela, baina saiatu gara gertatzen ari diren eztabaidak jasotzen eta horiek garatzeko espazio bat ematen».
Edonoren egunerokoaren parte diren bizipen zehatzetatik abiatuta hausnarketak eta eztabaidak sortu nahi zituzten, helburu nagusi izanda ikusaraztea bizi duten hori ez dela fenomeno bakan bat, munduan gertatzen den fenomeno bat baizik. «Halako egoerak sistemaren parte direla jakin gabe, indibidualki gainditzen baditugu, arazoa ez da konponduko. Beste batean forma ezberdin batekin erreproduzituko dira. Arrazakeria sistema kapitalistaren oinarrietako bat denez, arazo global bat da. Klase menderatzaileek langileria menderatzeko duten mekanismoa da, azken hori osatzen dutenen arteko liskarrak pizten saiatzen dena. Divide et impera zaharra».
«Migranteen erregularizazio prozesua ez da arinduko, horren atzean interesa besterik ez dago eta»
XABI LASA Liburutopiako kidea
Hain zuzen ere, langile klasean ipini dute arreta zikloaren jardueretan. Lehenengo egunean, zaintza lanen inguruan jardun ziren, aipamen berezia eginez etxeko langile egoiliarrei. Salatu zuten Espainian erregulatutako praktika bat izateak haien «gainesplotazioa» ahalbidetzen duela, eta gizartearen ardurez ere hausnartu zuten. «Gizartearen ardura izan beharko luke-eta zaintza lanak partekatzeak».
Mugen inguruan egin zuten mahai inguruan, Frontexi buruz hitz egin zuten (Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentzia), eta azaldu Europak migrazio politikak aldatzen dituela dituen lan indarraren beharren arabera. Liburu aurkezpenean, munduaren antolaketa xehatu zuten. Periferiako langileek erdialdeko biztanleen bizi baldintzak hobetzeko duten rola azaldu zuten. Lasak azaldu du banaketa hori dela Mendebaldeko demokrazien sostengua: «Erdigunean erreserbako industria armada moduan erabiltzen dute migrazioa, langile klaseko goreneko geruzaren estatusa mantentzeko».
Liburutopiako kideak auzoko arrazakerietan ardaztu zuten mahai ingurua nabarmendu du. Solasaldi horretan, arrazakeriaren gaia hainbat alorretatik jorratu zuten, modu intersekzionalean: Poliziaren arrazismoa, hezkuntzaren eta hizkuntzen aferak, eta errolda, besteak beste. Poliziaren aferaren inguruan argi mintzatu da Lasa: «Poliziak berezko elementua du arrazakeria, baina ez da pertsonetara mugatzen. Legeek uzten diete arrazistak izaten. Legeak dira arrazistak». Azaldu du poliziek sarri geratzen dituztela pertsona arrazializatuak bizikletan doazenean, eta daramaten bizikleten lapurreta egozten dietela matrikula ez daramatelako. «Polizien beldur dira. Beldur dira jaioterrira itzuliko ote dituzten».
Hamaika kezka
Hezkuntzaren arloan, Gasteizko eskoletan dagoen segregazioa aipatu zuten. Steilasek eta Ikusbidek, duela hiru urte egindako ikerketa batean, ondorioztatu zuten Gasteizko ikastetxeek zutela «estatuko eskola-segregazio tasarik handiena». Horrek asko kezkatzen ditu migranteak, instituzioek posible egiten dutelako baliabide sozioekonomikoen araberako banaketa. Baina ezinegon nagusia, zalantzarik gabe, errolden inguruan dute. Hori baita oinarrizko zenbait eskubide lortzeko atea. Eta egia da erroldak makina bat onura ekarriko lizkiekeela, baina, Lasaren ustetan, luze joko du prozesuak: «Migranteen erregularizazio prozesua ez da arinduko, horren atzean interesa besterik ez dago eta».
Izan ere, azaldu du instituzionalki estrategikoa dela migranteen egoera irregularra izatea, horrek hiruzpalau urtez behartzen baititu beltzean lan egitera. «Hortik irabazi asko lortzen dira», esan du. Kasu zehatzak azaltzean, esan du agian esanguratsuena Huelvako (Espainia) marrubi biltzaileena izan daitekeela, baina urrutira joan gabe, Euskal Herriko taberna mordotan ari direla platerak garbitzen edo etxeetan egoiliar lanean. «Euren egoera erregularizatzeko ezintasunak ahalbidetzen du lanpostu horietan egiten duten izugarrizko lana».
«Nondik ulertzen dugu arrazakeria? Eta nondik ez? Zein da guretzat migrantea?»
XABI LASA Liburutopiako kidea
Hizkuntzek eragiten dizkieten ezinegonen inguruan ere mintzatu ziren. Migranteek eurek adierazi diete instituzioek gaztelania ikastera behartzen dituztela, horretarako baliabideak eskainiz; baina euskararen kasuan, halakorik ez dela gertatzen. Horren bi ondorio aipatu zituzten. Alde batetik, lanbide batzuetarako sarbidea itxita aurkitzea; eta, bestetik, euskal kulturara eta herri mugimenduetara gerturatzeko zailtasunak izatea. Migranteak dira etxebizitza lortzeko arazo gehien dutenak, eta, ondorioz, lehentasuna izan beharko luke etxebizitzaren inguruko herri mugimenduetan parte har dezaten lortzea.
Herri mugimenduetako kideen eta gizartearen ardura da arrazakeriaren inguruan duten ikuspegia ezbaian jartzea, Lasak azaldu duenez: «Nondik ulertzen dugu arrazakeria? Eta nondik ez? Zein da guretzat migrantea? Zeren bigarren belaunaldikoekiko jarrera berak ditugu, eta haiek hemen jaiotakoak dira». Haren irudiko, norberaren sinesmenak kolokan jarriz izango da posible benetan eraginkorra izango den sozializazio bat. Hortik abiatuta, eta solasaldietan ondorioztatu zutenez, elkar ezagutzea eta komunitatea sortzea funtsezkoa izango da «klase bezala antolatzeko» eta migranteen ezinegonei erantzuteko.