Pastor
Darwin eta gu

Non zegoen CCOO?

2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Afganistandarra da Zabiullah Haidary. 36 urte ditu. 2021eko irailean alde egin zuen Kabuldik, talibanengandik ihesi. Harekin batera emaztea, sei urteko semea eta koinata eta haren alaba zihoazen. Ez zuten emakumeek eskubiderik ez duten herrialde batean bizi nahi. Neskatoei ikasteko aukera ukatzen zaien lekuan. Norbait aluarekin jaiotzeagatik baztertzen duten sisteman.

Pakistango muga zeharkatu zuten eta Madrila heldu. Handik Donostiara bidali zituzten. Bizitokia Zarautz izango zutela jakinarazi zieten gero. Hasiera, bistan da, ez zen erraza izan. Moldatu dira, ordea. Laguntza handia izan dute Urola Kostako herrian. Zarautzek eman dien harrera eskertu du Haidaryk elkarrizketa batean. Haren bigarren semea hemen jaio da. «Zarauztarra» dela esan dio, pozik, kazetariari.

Eginiko bidea azaldu du Haidaryk hedabidean. Barne medikuntza da haren espezializazioa. Husna andrea eta haren ahizpa, aldiz, ginekologoak ditugu. BAME barruko mediku egoiliar plaza lortu zuen gizonak. Hala ere, espainierazko C1 titulua falta eta ezin izan zuen lanpostuan jardun, eskarmentu handia badu ere. Izan ere, Afganistanen ospitale publiko batean egiten zuen lan. Egunean 100 bat gaixo zituen. Horretaz gain, klinika pribatu bat zuen. Pandemian Gurutze Gorriaren erietxe baten arduraduna izan zen Kabulen. Besterik behar zuen?

Mediku egoiliar gehienek baino esperientzia handiagoa zuen Haidaryk, agerikoa da. Oso kualifikatuta zegoen, baina lan egiteko aukera ukatu zioten erdaraz primeran zekiela frogatzen zuen agiria ez zuelako. Non zegoen CCOO? Badu, bazuen horren berririk? Izan balu, egoera salatu egingo zukeen ala euskara eskatzea diskriminazio linguistikoa da, baina espainiera exijitzea, ez? Ez digute esan, ba, eskarmentudun sendagilea izatea hizkuntza eskakizuna baino garrantzitsuagoa dela? Hizkuntza hori euskara denean horixe saltzen digute bederen.

Haidaryren kasuan zer zen funtsezkoena: espainieraz Mario Vargas Llosak bezain ondo egitea ala mediku bikaina izatea? Non zegoen askatasun linguistikoa harentzat? Non langileen defentsa? Non prentsaurrekoak? Non agiriak? Non hedabide unionisten editorialak?: «Inposizio linguistikorik ez», «lehenik, osasuna; gero hizkuntza», «osasunerako eskubidea da oinarrizkoena»... Non gure politikari zuhur txepelak, kontsentsu zabal-zabalenaren alde egiten dutenak, nahiz badakiten unionismo linguistikoak ez duela amorerik emango? —ederto ezagutzen gaituzte; badakite atzera egingo dugula haiek atzaparka hasi bezain laster—.

Haidaryren kasuan zer zen funtsezkoena: espainieraz Mario Vargas Llosak bezain ondo egitea ala mediku bikaina izatea?

Esperientzia handia duen sendagilea baztertu egin zuten eta seguruena hark baino eskarmentu txikiagoa zuten medikuen eskuetan utzi gintuzten. Hizkuntza guztiz menperatzea lehenetsi zuten. Euskararekin inoiz egingo ez luketena egin zuten eta egiten dute gazteleraren alde. Hobe lukete argi eta garbi hitz egingo balute, maskarak erantzita: «Espainian gaude eta hemen espainiera da ezagutu beharreko hizkuntza bakarra. Beste mintzairak meritu gehigarriak dira eta hori ere geuk esango dugu noraino». Zertarako gezurretan ibili inportanteena osasuna dela esanez? Praktikan hauxe baita egia: munduko sendagilerik onena izan zaitezke, baina erdaraz bikain ez badakizu, kanpora! Lehen-lehena, hizkuntza; gero, osasuna. Baldin eta hizkuntza hori espainiera bada. Argi utzi dute Zabiullah Haidaryren kasuan.

Haidary euskara ikasten ari da Zarauzko euskaltegian. Hala segituz gero, noizbait gai izango da gaixo euskaldunak beraien hizkuntzaz artatzeko. Edo haiekin solasaldi arruntak izateko euskaraz. Esperientzia handiko medikua da, baina, espainieraz moldatu arren, ezin izan du lanik egin C1 maila ez zuelako. Ezagutza eta ibilbide profesionalen aurretik hizkuntza jarri zutelako. Esperientzia askoz gutxiago zuten medikuak nahiago izan zituzten, gure osasunaren kaltean, arrazoi bakar batengatik: espainieraz berak baino hobeto zekitelako. Soilik horregatik. Gero, kexatu egingo dira españolazo deitzen badiete. Non zegoen CCOO?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA