Lau urtez finantzaketa publikoa ziurtatuta izango du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Nafarroako Gobernuak 399,5 milioi euroko aurrekontua bermatuko dio 2025etik 2028ra bitartean. Akordioa abendu amaieran ezagutarazi bazen ere, gaur goizean sinatu dute Juan Luis Garcia gobernuko Unibertsitate kontseilariak eta Ramiro Gonzalo NUPeko errektoreak, Nafarroako Jauregian.
Ekitaldian bertan izan da Maria Txibite lehendakaria ere, eta «historikotzat» jo du akordioa, egonkortasuna emango diolako unibertsitate publikoari: «Ez da soilik inoizko finantzaketa handiena izango duela, baizik eta gainera orain arteko eperik luzeena izango duela». Txibitek gaineratu du esparru zabal horretan aurrekontua bermatzeak aukera emango duela planifikazio estrategikoa izateko. Erabat beharrezkoa da ikerketak, prestakuntzak eta ezagutzaren transferentziak eragin handiagoa izan dezaten».
Ramiro Gonzalo errektoreak onartu du negoziazioa «luzea eta konplexua» izan dela. «Bide zaila izan da, batik bat garai ekonomiko ezegonkor honetan. Esfortzu handia egin behar izan dugu biok, eta gure asmoak doitu behar izan ditugu emaitza onuragarri eta orekatu bat lortzeko». Gonzalok azpimarratu du akordio horrek argi islatzen duela gobernuak NUPen alde egindako «apustu irmoa».
%16Zenbateko inbertsioa. Orotara 399,5 milioi euro jasoko ditu NUPek 2025etik 2028ra bitartean. Inbertsioa %4,8 handituko da urtero: aurten 91,6 milioi euro jasoko ditu; datorren urtean 97,4 milioi euro; 2027an 102,6 milioi euro, eta 2028an 107,9 milioi. Orotara %16 handituko da aurrekontua: hamazazpi milioi euro.
Iraganean, NUPek urtebeterako finantzaketa izaten zuen, Uxue Barkosen gobernuak epea zabaldu zuen arte. Ordutik, bizpahiru urtetarako akordioak sinatu ditu gobernuak NUPekin. Azkena 2022tik 2024ra bitartekoa izan da, eta 245 milioi euro jaso zituen: batez beste 81,7 milioi euro urteko.
Aurreko akordioen gisan, lau esparruri erreparatuko zaie: egiturazkoa, jarduera —ikerketa, nazioarteratzea, euskarazko irakaskuntza eta prestakuntza iraunkorra—, eremu giltzarrietan helburuak lortzea eta azpiegituren inbertsioa. Egituraren esparruak jaso du finantzaketa igoerarik handiena, langileen soldatak eta ohiko funtzionamendua dituelako helburu.
Akordiotik kanpo, Nafarroako Gobernuak beste arlo batzuk finantzatuko ditu: hala nola, Iruñeko campusean Osasun Zientzien eraikinen eraikuntza eta Tuterako campusean beste eraikin bat egitea.
Itunpeko ikastetxeetan erretiro partziala bermatuko du gobernuak
Apirilaren 16an erretiro partzialaren inguruko akordioa lortu zuten itunpeko Nafarroako ikastetxeetako patronalak eta Sepna, CCOO eta UGT sindikatuek: hilabete batzuk lehenago erretiro partzialari buruzko akordioa beste urtebetez luzatu zuten, 2027ko abuztura arte, eta Madrilek pentsioak eta lana uztartzeko hartutako neurriak gehitu zituzten abenduan. Gaur, Nafarroako Gobernuak akordio hori babestu du, eta 3,4 milioi euroko ekarpena egingo du kostu igoerari aurre egiteko. Aldaketak erretiro partziala hartzen duen langile baten ordezkoa %100ean kontratatzeko beharra jasotzen du. Akordioaren arabera, langile batek dagokion garaian baino lehenago erretiro partziala eskatzen badu, bere lan jardunaldiaren %25ean lan egin ahalko du, eta ikastetxeak eskaera onartu beharko du nahitaez. Alabaina, lan egindako orduak pilatu daitezkeenez, langileak malgutasunez moldatu ahalko du lanaldia.
Akordioak irakaskuntza pribatuko 2.800 langileri eragiten die. Arlo publikoan 11.400 irakasle daude, eta gehienek (8.600) ez dute aukerarik erretiroa aurreratzeko.