Jesus Moya Mangas NUPeko irakasle erretiratu eta ikerlariak eta Roldan Jimeno Aranguren NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari nagusiak Antes de Zugarramurdi. La primera caza de brujas en Navarra (1525-1526) liburua aurkeztu dute gaur, Iruñean. Ikertu dutenaren arabera, duela ia bost mende gertatu zen Nafarroako lehenengo sorgin ehiza. Gertakari hori ia ezezaguna izan da orain arte, eta, horregatik, berritzailea da oraingo ikerketa. Ikerlariaren arabera, Pedro de Balanzak zuzendu zuen «jazarpen zibila», 1525. urtean, Auritzen, Nafarroako Errege Kontseiluaren izenean.
Juan Rena bikarioa sorgin ehiza horren aurka agertu zen; Balanzak eta Renak hainbat gutun bidali zioten elkarri, eta eskutitz horiek izan dira, hain zuzen, liburua idazteko abiapuntua. Gustav Hennings historialari eta antropologo daniarrak eskutitzak baliatu zituen liburu bat idazteko eta ideia hura garatzeko. Moyari bidali zizkion, eta liburua elkarlanean idaztea proposatu zion. Hennings zendu zen, ordea, eta Moyak liburua bakarrik burutu du haren omenez. Hennings bildumaren bigarren atala da.
Moyaren liburuak Nafarroako sorginkeriaren erroak aztertzen ditu. Sorginkeria hasieran superstizio hutsa zela azaldu du aurkezpenean: «Sorginkeria demoniakoa ez zen inoiz existitu; hori XV. mendeko asmakizuna izan zen». Italian hasi ziren sorginkeria satanismoarekin lotzen, eta geroago zabaldu zen ideia hori Nafarroan.