Pastor
Darwin eta gu

Ohe beroak eta gezurrak

2026ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohe beroak. Halaxe deitzen zieten XX. mendearen erdialdean lo egiteko lekurik ez zuten pertsonentzat Bilboko alde txiroenetan alokagai zituzten oheei. Gauean bertan lo egin eta altxatu behar zuten, jarraian beste pertsona batek, izarak artean bero zeudela, han lo egin zezan.

Ez zen batere gozoa Espainiatik lan bila etorri ziren lagunen bizimodua: behar gorria, lan bila, pisuetan pilatuta... Badirudi hori guztia ahaztu egin zaigula. Areago: halakorik ez zela inoiz gertatu. Egunotan entzun dugu: oraingoek ez bezala, 50 eta 60ko urteetan Euskal Herrira sartu ziren migranteek lan kontratua zuten. Eta etxebizitza. Ba ote?

Gure aita-amak 50eko urteetan heldu ziren Barakaldora. Han izan zuten lehen bizitokia, bikote galiziar batekin. Handik Santurtzira joan ziren, beste bi senar-emazterekin bizi izateko. Guztira, hamahiru pertsona pisuan: gurasoak eta bi alaba txikiak; beste bikote bat —hori ere bi alabarekin— eta hirugarren bikotea, haur bakarra zuena. Haiekin batera, gure amona eta osaba bat. 1960an beste pisu batera joan zen familia. Bakarrik.

Migrante guztiek kontratua zutela saldu nahi digute. Ez barrerik eragin! Aita lan-kontratu gabe etorri zen. Azkenean, Leioan, Agra enpresan —Unilever da orain— lortu zuen beharra. Osabak ere kontraturik ez, Faes-en lanean hasi zen arte —enpresa farmazeutikoa da; Texas-en Ansar deritzonaren fundazioa geroago sortuko zuten—. Haiek bezala, asko.

Baliteke kanpotar askok euskarari maitasun berezirik ez izatea. Begirune handiagoa zioten duela 60-70 urte Espainiatik etorri zirenek?

Jende gehiegi omen dator. Ez konparatu kopuru hori joan den mendekoarekin. Adibide bat: Amaia Izaola eta Imanol Zubero soziologoek Ermuko migrazioari buruz egindako lanean ageri denez, bertan 1.725 lagun bizi ziren 1950ean; 1970ean, berriz, 14.563. Etxebizitzak guztientzat? Ez. Etxolak. Han eta hemen. Irakurri Una chabola en Bilbao, J. L. Martin Vigil-en nobela. Edo Oilarganeko etxola batean, Gabriel Arestiren lana. Arestik Jainkoa jaio da Otxarkoagan ipuinean ere aipatu zituen Bilboko txabolak. Txabolak baitziren hemen. Agintariak eraiki eta eraiki ibili ziren etorkinak nonbaiten sartzeko. Egun, Ermua hirigintzan inolaz ere egin behar ez denaren adibidetzat jotzen dute adituek.

Beste gezur bat: urte haietan etorri zirenen seme-alabak integratu egin ziren. Bai zera! Eta denak euskaltzale, euskaldun, abertzale eta independentistak ziren. Zer da integratzea? Athletic zalea izatea? Soilik hori bada, tira. Hortik aurrera, zer? Seme-alaba ugari ez ziren integratu. Eta ondorengoak, nola ikusten dugun. Bihar PSOEri eta PP-UPNri botoa emango dieten milaka eta milaka lagunak ez dira kanpotarrak, euskal herritarrak baizik. Asko 50-60ko urteetan etorritakoen bilobak-edo dira. Integratu dira? Bai, noski: Espainia autonomikoko iparralde heze euritsuan. Eskubide osoa dute hala sentitzeko. Galdetu Euskal Herri independentea helburu duen proiektu politikoarekin bat egiten duten.

Hiru, lau belaunaldi horrela. Birraitona-amonak Murtziakoak zituen euskal herritar batek Espainia du buruan eta bihotzean. Eta integratu omen da. Herenegun iritsiak Agadirko argazkia du logelan. Beraz, ez da integratu. Batzuekin ez ikusiarena egin; besteei, Algecirasko autobusetik jaitsi bezain laster txapela jantzarazi. Zer da hori? Lehen eta bigarren mailako migranteak? Bazterkeria? Subiranista batek ez dakit, baina independentista batek ezin du esan integratu zirenik. Ordea, independentista zaren argi ez baduzu... Izan ere, erraza da baloiak kanpora botatzea: autodeterminazioa eta herriak burujabetasuna nahi badu, errespetatu egingo dugu. Bai, ondo, baina zuk zer aukeratuko zenuke?

Etorkinek euskararen geroa kinka larrian jartzen dutela esaten dute. Ez da Einstein izan behar migrazioak laguntzen ez duela ulertzeko. Baliteke kanpotar askok euskarari maitasun berezirik ez izatea. Begirune handiagoa zioten duela 60-70 urte Espainiatik etorri zirenek? Haiek aingeruak ziren eta hauek deabruak? Beste kontutxo bat: larunbateko argazkian azaltzen ziren guztiek euskaraz dakite? Nik badakit ezetz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA