Ohore guztiak liderrari

Erakunde eta alderdietako ordezkariez gain, herritar ugari izan dira Carlos Garaikoetxeari azken agurra ematen Ajuriaenean. Haren figura eta legatua goraipatu dute denek, eta hark utzitako itzala nabarmendu.

Carlos Garaikoetxearen hilkutxa ekarri duten unea. Aurrean, haren senideak eta Pradales. RAUL BOGAJO / FOKU
Carlos Garaikoetxearen hilkutxa ekarri duten unea. Aurrean, haren senideak eta Pradales. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko maiatzaren 6a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carlos Garaikoetxearen heriotzaren albistea zabaldu zenetik, hainbat ideia errepikatu dira hura gogoratu dutenen ahotan: abertzale osoa zela, eraikitzeko bidean zen herri baten arkitektoa izan zela, eta, batez ere, lider bat izan zela. Horrela izendatu zuen Elixabete Garmendia kazetariak hari buruzko biografia liburuan ere: Lider bat lehendakari. Eta gauza jakina da lider baten legatua ez dela soilik erabakietan neurtzen, hark utzitako arrastoan baizik. Beharbada horregatik, liderra itzaltzen denean ez du bere bakardadean egiten: haren inguruan biltzen dira bidaide izandako guztiak. Eta hala izan da gaur. Erakundeetako, alderdi politikoetako eta gizarteko ordezkari andana bildu da Ajuriaenean, diktadura osteko Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariari azken gorazarrea egiteko. Ohore guztiekin agurtu dute, adioa hark utzitako itzalaren isla bihurtuz.

Garaikoetxea izan zen Ajuriaenea bizitoki eta lantoki izan zuen aurreneko lehendakaria, eta, hain justu ere, hura izan da gaur haren azken agurrerako lekua ere. Han ezarri dute lehendakari ohiaren hil kapera. Ajuriaenean hil kapera bat jartzen den bigarren aldia izan da gaurkoa. Estreinako aldia ere Eusko Jaurlaritzako lehendakari baten agurra izan zen, Jose Antonio Ardanzarena, 2024ko apirilean. Garaikoetxearen bigarren hil kapera ere izan da: atzo egin zuten lehena, Iruñeko San Alberto beilatokian, lehendakariaren jaioterrian.

Garaikoetxearen agintaldian izendatu zuten Eusko Abendaren Ereserkia EAEko kantu ofizial, eta haren doinuek lagunduta iritsi da lehendakari ohiaren zerraldoa Ajuriaenera. Bertan zain zituen Imanol Pradales lehendakaria, Sagrario Mina alarguna eta haren hiru semeak. Galaz jantzitako sei ertzainek —orduan eratu zen Ertzaintza ere— sorbaldan hartuta sartu dute barrura. Jauregiko areto nagusian jarri dute hil beila, hilotza bistan zela eta sinbolo gorenak alboan zituela: makila, ikurrina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Eusko Legebiltzarreko urrezko domina. Atarian jarri dituzte lore koroak eta doluminak adierazteko liburuxka.

Lehendakarien samina

Egungo Jaurlaritzako sailburuak izan dira Garaikoetxeari agurra ematen lehenak, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko ordezkariak sartu dira ondoren. Edonola ere, agintarien, ordezkari politikoen eta herritarren joan-etorria etengabekoa izan da ia lau orduz. Bereziki hunkituta agertu dira lehendakariak bere ibilbide politikoan kide eta lagun izan zituenak. Tartean, gobernukide izan zituen Pedro Luis Uriarte eta Pedro Miguel Etxenike. «Lagun minari» azken agurra eman diote, eta «miresmenez» eskerrak eman.

«Laguna, erreferentea eta inspirazioa» zen Garaikoetxea Juan Jose Ibarretxerentzat ere: «Lehendakaria, hizki larriz». Iñigo Urkullurekin batera egin du Ibarretxek hil kaperako sartu-irtena. Urkulluk ere ohoratu du Garaikoetxearen figura, eta «lehendakari handia» izan zela azaldu: «Euskal senaren adierazle nagusietakoa izan zen». Patxi Lopezek, bestalde, Garaikoetxearen politika egiteko modua azpimarratu du: «Gaur egun horrelako politikarien falta sumatzen da».

Horrenbestez, bizirik diren hiru lehendakari izan dira Ajuriaenean —Pradalesekin batera—. Nolanahi ere, Jose Antonio Ardanzaren faltan, haren seme-alabak izan dira hil kaperan. Hura hil zenean ere bertan egon baitzen gaur azken agurra eman dioten lehendakaria. «Garaikoetxeak ilusio itzela sortu zuen bere garaian. Gure errekonozimendua eta ohorea aitortu nahi izan diogu agur honetan», esan du Aitor semeak. Ardanza izan zen, hain zuzen ere, Garaikoetxeari lekukoa hartu ziona hark dimisioa eman zuenean.

Aitortza egindakoari

Alderdi politikoen artean, Garaikoetxeak berak eratu zuen Eusko Alkartasunako kideak izan dira lehendakariari aitortza egiten lehenak. Bat eginda, bertan izan dira, besteak beste, Maiorga Ramirez, Pello Urizar, Unai Ziarreta, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Idurre Bideguren. Baita Rafa Larreina, Inaxio Oliveri eta Patxi Ormazabal ere, EAko kide historikoak eta Garaikoetxearen oso gertukoak. Eba Blanco idazkari nagusiak Garaikoetxearen legatua goretsi du: «Historiara pasatuko da». EAJren izenean ere ordezkaritza zabala izan da: Euzkadi Buru Batzarra ia osorik izan da Ajuriaenean, Aitor Esteban buru zutela. Mespretxuak gorabehera euskal erakundeak sortzeko ahalegina eskertu dio Estebanek. Uxue Barkos Geroa Baiko senataria eta Nafarroako lehendakari ohiak ere egin dio aitortza Garaikoetxeari.

Haien aurretik izan da Andoni Ortuzar EBBko presidente izandakoa. EH Bilduko ordezkariekin egin du topo, hain justu ere, eta hizketaldi labur bat izan du haiekin. Besteak beste, Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano, Joseba Asiron, Nagore Alkorta eta Jon Iraola han izan dira. Garaikoetxea «ezohiko egoera batean ezohiko gauzak» egin zituen «negoziatzaile zorrotza, militante konprometitua eta abertzale osoa» izan zela esan du Otegik. Euskadiko Alderdi Sozialistak ere ordezkaritza zabala izan du, Eneko Andueza idazkari nagusia buru. Alderdi Popularretik Laura Garrido eta Carmelo Barrio izan dira. Ahal Dugu-ko eta Sumarreko ordezkariak ere han izan dira. Lehendakariak egindako lana aitortu dute guztiek.

Euskal Herriko ordezkari politikoez gain, Kataluniako ordezkaritza bat ere izan da Ajuriaenean: Jordi Turull Junts per Catalunyako kidea. Carles Puigdemont adeitasunez agurtzeko esan dio Ibarretxek Turulli. Jendearen joan-etorri etengabean, Ajuriaenean izan dira, halaber, Andres Urrutia euskaltzainburua, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia eta Jose Angel Iribar atezain ohia. Enpresa mundutik Mondragon taldeko buru Pello Rodriguez izan da hil kaperan.

Ertzainen sorbalda gainean eta Agur, jaunak doinuekin atera da hilkutxa Ajuriaenetik Iruñera bidean. San Frantzisko Xabierkoaren elizan emango diote azken agurra lehendakariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA