Etxebarrieta, Matute, Otero eta Maiz, EH Bilduren hautagaiak Kongresuko bozetarako

Lau zerrendaburuetatik hiru berriak dira. Matutek hartuko lituzke bozeramaile lanak Espainiako Kongresuan, eta Idurre Bidegurenek Senatuan.

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Kepa Ugarte Martiarena - Iosu Alberdi
2026ko urriaren 16a
08:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunak agurrak egiteko izan dira EH Bildun: Mertxe Aizpuruak, Bel Pozuetak eta Jon Iñarrituk iragarri dute ez direla itzuliko Espainiako Kongresura, eta Iñaki Ruiz de Pinedok ere iaz hartu zuen erretiroa. Gaurkoa, berriz, aurrera begira jartzekoa. Koalizio subiranistako mahai politikoak jakinarazi ditu Kongresurako eta Senaturako bozei begira oinarriei proposatutako izenak, eta honako hauek izango dira lau zerrendaburuak: Mikel Otero (Araba), Oihana Etxebarrieta (Gipuzkoa), Oskar Matute (Bizkaia) eta Eneka Maiz (Nafarroa). Beraz, Matute da zerrendaburu gisa berriz aurkeztuko den bakarra; gainera, Kongresuan bozeramailetza hartzeko hautagaia ere bada. Senatuko hautagaitza, berriz, Idurre Bidegurenek gidatuko du; hura ere Bizkaiko zerrendaburua da. Koaliziokideek asteburuan izango dute horiek berresteko edo alternatibak aurkezteko tartea. 

Gipuzkoan izango da aldaketarik nabarmenena. Lehen posturako proposatu dute Etxebarrieta. Kazetaria da, eta gazte-gaztetatik dago lotuta mugimendu feministarekin; Hondarribian alarde parekidea sustatzen duen Jaizkibel konpainiako kapitaina izan da. Egun, Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da, eta talde parlamentarioaren koordinatzaile lanetan eta 2024ko hauteskunde kanpainako eledun gisa ere aritu zen. Iaz, baina, lan horiek utzi eta EH Bilduren Harreman Politikoen Idazkaritzara batu zen; Gorka Elejabarrietak zuzentzen du hori. Hain zuzen, Elejabarrieta bera zerrendakide izango du Gipuzkoan; bigarrena izango da. Orain arte, senatari aritu da Madrilen.

Gipuzkoako zerrenda osatzeko proposatu dituzte Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Xabier Lertxundi Hernanikoa —biek iragarri dute ez direla berriz aurkeztuko udal hauteskundeetan—, Ane Unanue Irungo zinegotzia eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. 2023ko hauteskundeetan, EH Bilduk bi ordezkari lortu zituen lurralde hartan —Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu—, baina orain beste bat eskuratzeko aukera ere izan dezake, zenbait inkestaren arabera.

Bizkaian, aldaketarik ez lehen postuetan. Matute izan zen zerrendaburu 2023an, eta hala izango da berriz ere; hori bai, urrats bat aurrera eginda bere lanetan. Eta harekin batera izango da Marije Fullaondo ere, duela hiru urteko emaitzak berriz lortuz gero. Azken bozetan bi eserleku lortu zituen EH Bilduk Bizkaian, aipatutako bi ordezkarienak, baina badira beste bat lortzeko aukera duela adierazten duten inkestak ere. Hala balitz, leku hori Andoni Rojok hartuko luke; Kongresuko talde parlamentarioaren koordinatzailea da, eta hura da hirugarrena Mahai Politikoak egindako proposamenean. Zerrendako gainerakoak Garazi Zalbidea, Markel Rio, Izortze Santin, Ina Robles eta Ane Muguruza dira. 

Arabako ordezkariei dagokienez, Oterok hartu zuen Iñaki Ruiz de Pinedok utzitako lekua iaz, hark erretiroa hartu ostean. Aurrez, 2016tik 2025era bitarte, Eusko Legebiltzarreko parlamentari aritu zen; nagusiki, energia eta trantsizio ekologikoari lotutako gaietan nabarmendu da. Alderdi guztiek zail izango dute ordezkari bat baino gehiago eskuratzea Araban, baina Oterok honako hauek izango ditu zerrendakide: Eba Blanco EAko idazkari nagusi —azaroan da kargua uztekoa— eta Eusko Legebiltzarreko bigarren lehendakariordea, Jon Ruiz de Pinedo eta Aitziber Salazar; azken hori Gasteizko Udaleko zinegotzia da.

Nafarroan, berriz, Bel Pozuetaren lekua hartzeko Eneka Maiz parlamentari eta Etxarri Aranazko alkate ohia aukeratu du EH Bilduk; hura Nafarroako Hezkuntza Kontseiluko eta Euskararen Nafar Kontseiluko kide ere bada. Harekin batera, zerrendan dira Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea, Ainhoa Bueno Abaurregaineko zinegotzia, Arturo Goldarazena Tafallako alkate ohia eta Bel Pozueta bera, zerrendaren amaieran. Nafarroan, Araban bezala, zaila izango dute ordezkari bat baino gehiago lortzea. 

Senaturako zerrendak ere prest

Senaturako hautagaitzen buru Bideguren bera (Bizkaia), Josu Estarrona (Araba), Sonia Jacinto (Gipuzkoa) eta Floren Aoiz (Nafarroa) izango dira, proposamena onartzen bada. Eta horiek alderdikide hauek izango dituzte bidelagun: Ainhize Solaun, Manu Martinez (Araba), Martin Arrasate, Aitziber Ibaibarriaga (Bizkaia), Mario Zubiaga, Olaia Duarte (Gipuzkoa), Paula Garcia eta Angel Unzue (Nafarroa). 

Horiek hala, honako hauek dira aldaketarik nabarmenenak. Bidegurenek, orain arte, Eusko Legebiltzarrak izendatutako senatari autonomiko jardun du, baina orain zerrendaburu izango da. Gipuzkoan, berriz, Jacintok, koalizioko Antolakuntza idazkari denak, beteko du Elejabarrietak utzitako tokia. 

Duela lau urteko emaitzak lortuko balituzte berriro ere, EH Bilduk lau senatari eskuratuko lituzke bozetan. Zehazki, hiru lortu zituzten Gipuzkoan —Elejabarrieta, Zubiaga eta Duarte— eta bat Araban —Estarrona—. Senatuko bozetarako hauteskunde eredua kontuan izanik, normalean, lurraldeko lehen indarrak hiru ordezkari lortu ohi ditu, eta bigarrenak bat. Koalizio subiranistak, beste behin ere, ERCrekin talde parlamentarioa osatzeko asmoa du Senatuan. 

Egindako proposamenaren bitartez, EH Bilduk jarraipena eman nahi dio azken urteetan Madrilen egiten ari den lanari, eta, era berean, «belaunaldi aldaketa» bat irudikatu nahi du; betiere, «udalgintzan zein parlamentuetan ibilbide politiko eta instituzional zabala daukaten profilak txertatuz». Izan ere, argudiatu dute hautagaitzen parte diren guztiak «bete-betean» datozela bat koalizioaren proiektuarekin: «Bloke erreakzionarioari partida irabazteko eta herritarren eskubide eta askatasunetan aurrera egiten jarraitzeko asmoz aurkeztu da EH Bildu hauteskunde erabakigarri hauetara». 

Era berean, Mahai Politikoak eskerrak eman dizkie orain arte koalizioa ordezkatu duten alderdikideei. Aizpuruaren, Pozuetaren eta Iñarrituren «lana eta konpromisoa» aitortu dituzte, eta gehitu lan handia egin dutela: «Pertsona militante ausartek osatzen dute ezker subiranistaren komunitatea, proiektu kolektibo baten alde lan egiten dutenak, herriari eta herritarren beharrei erantzuteko borondate irmoarekin». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA