Maiatzeko hauteskundeei begira, Batu Gaitezen ekimenak babesa azaldu die Gipuzkoako EAJko hautagaiei, eta bereziki, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai Markel Olanori. EAJren zerrenden ingurua «indarrak biltzera» deitu du plataformak.
Atzo egin zuten, Donostian, Olanoren hautagaitza babesteko ekitaldia. Ehun lagunetik gora batu ziren Olanori babesa emateko, Gurutz Linazasoro, Ainhoa Goikoetxea, Joanes Labaien,Txaro Beobide, Andoni Imaz eta Itxaropena Urkiola, kasu.
Krisi ekonomikoari eta egoera politikoari aurre egiteko Olano «hautagai egokiena» dela nabarmendu du Ainhoa Goikoetxea ostalariak. Horregatik, ekimenarekin bat egiteko eskatu die Gipuzkoako herritar guztiei.
Goikoetxeak azaldu duenez, herritarrak politikarien «bidelagun eta lankide» izatea nahi dute ekimenarekin bat egin dutenek: «Ez dugu erantzukizun osoa soilik politikarien esku utzi nahi».
Udal eta foru hauteskundeetarako plataformak hainbat helburu ezarri dituela jakinarazi du Goikoetxeak: «Gure herriaren bakea eta adiskidetzea lortzea, PSE-PP itunari erantzutea, bakean eta demokrazian erabakitzeko eskubidea edukitzea, krisi ekonomikotik indarberrituta ateratzea, pertsona behartsuenekiko elkartasuna areagotzea eta gizarte politika aurreratua eragitea, gure kultura eta euskara defenditzea, eta gobernu onaren alde egitea».
Eusko Jaurlaritza, «ezgai»
Portugaleten (Bizkaia) ekitaldi politiko bat egin zuen atzo EAJk, ezkerraldeko hainbat udaletarako hautagaiak aurkezteko. Han, Eusko Jaurlaritzaren «ezgaitasunak eta eraginkortasunik ezak» garapen ekonomikorako proiektuak oztopatzen dituela adierazi zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. EAJren lehentasuna «gaurko eta biharko» enplegua dela ziurtatu zuen, eta arlo horretan PPk eta PSE-EEk eginiko proposamenek huts egin dutela nabarmendu zuen.
Ekitaldi berean izan zen Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko presidentea. «500 edo 1.000 kilometrora emandako lezioak» ez dituela onartzen esan zuen berriki Patxi Lopezek, eta hitz horiek gogorarazi zituen Ortuzarrek: «Guk ez dugu hain urrun joan behar; hau da gure etxea, Baionatik Tuterara».
Olanoren inguruan indarrak biltzera deitu du Batu Gaitezen plataformak
Krisi ekonomikoari eta egoera politikoari aurre egiteko EAJren hautagaia «egokiena» dela dio ekimenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu