«Euskal Herriko herri mugimenduen artean sareak sortzeko tresna. Norbere aldarrikapen eta borroka eremutik harago, elkarren berri izateko». Horrela definitu du Itziar Morenok (Bilbo, 1982) Iraultza Txikien Akanpada. Laugarren aldia da aurtengoa, eta Pitillasen eginen dute (Nafarroa), bihartik igandera. Bi urtetik behin antolatzen dute, eta, elkargune izatea ez ezik, tokiko borroka jakin bat hauspotzea ere izaten dute helburu, Morenok kontatu duenez: «Aurreko edizioetan Zubietako erraustegia eta Bizkaiko basoen gehiegizko esplotazioa salatu izan ditugu». Aurten, «oldarraldi belikoaren gorakada» abiapuntu, militarismoa izanen dute eztabaidagai nagusi. Asteburu osorako egitaraua prestatu dute, eta Morenok gogoratu du igandean Bardearako martxa bat eginen dutela; joateko deia egin die herritarrei.
Antimilitarismoaren inguruko eztabaida indartu nahi duzue aurtengo kanpaldian. Zergatik hautatu duzue Pitillas?
Bardean urte luzez egon den tiro poligonoaren aurkako borrokari bultzada bat emateko. Asko dago jokoan: bertako ekosistemari etengabe erasotzen zaio, eta biztanleei eragiten die. Oldarraldi belikoaren gorakada honetan, aldarrikatzen dugu Bardea ez dela sinbolo hutsa. Izan ere, bertan trebatzen dira armada inperialistak, eta bertan probatzen dira Palestinan eta beste hamaika gerratan erabiltzen dituzten armak, hegazkinak eta lehergailuak.
Tokiko borroka hori abiapuntu, hiru egunez bertze hamaika gai izanen dituzue solasgai: transfobia, etxebizitza, klima aldaketa... Nola identifikatu eta hautatu dituzue aurtengo solasgaiak?
Antolakuntzak berak ez ditu hitzaldien gaiak antolatzen; Euskal Herriko eragileekin lanketa bat egiten dugu, eta galdetzen diegu zein diren herri mugimenduarentzat puri-purian dauden gaiak, zer eztabaidatzeko beharra dagoen… Hau da, eragileekin elkarlanean saiatzen gara identifikatutako gai horiei buruzko tailerrak prestatzen. Horregatik, aurten transfobiak, arrazakeriak eta euskararen aurkako oldarraldiak garrantzi berezia dute: ultraeskuinaren gorakada ikusita, elkartu eta gauzak elkarrekin egin ahal izateko eremu bat sortu nahi izan dugulako.
«Ultraeskuinaren gorakada ikusita, elkartu eta gauzak elkarrekin egin ahal izateko eremu bat sortu nahi izan dugu»
Sistema kapitalistaren handikerietatik urrundu, eta tokitik eta txikitik eragitearen aldeko hautua egin duzue bertze behin. Zergatik da garrantzitsua iraultza txiki horiek guztiek bat egiteko eremuak sortzea?
Mundua eraldatuko badugu, eta hori da gure ametsa, txikitik eragiten dugulako eraldatuko dugu, txikitik gauza handiak egin daitezkeelako. Kasu honetan, adibidez, uholde antifaxista eta antiinperialista handi bat eratzeko gai izan gaitezke Bardearen gaiari dagokionez.
Hain zuzen, igandean martxa bat eginen duzue Bardeara. Tiro eremuaren eta orokorrean gerra inperialisten kontrako indar erakustaldia izanen dela aurreikusten duzue?
Hori da. Euskal Herriak aspaldi eman zion ezezkoa NATOri, eta herri honek etengabe adierazi du gerra inperialisten aurka dagoela eta munduko herri zapalduen alde lerratzen dela. Hortaz, igandean egin dezagun hitzordu indartsu bat, poligonoari eta gerra inperialistei ezetz esateko.
«Guk dinamika eta jolasetarako ideiak eramaten ditugu, baina umeek berek erabaki dezakete zer egin»
Solasaldi, tailer eta martxa artean, haurrek protagonismo berezia izanen dute. Zergatik da garrantzitsua horrelako ekinaldietan txikienei ere agentzia politikoa aitortzea?
Saiatzen garelako antolakuntza kolektibo txiki errebelde bat antolatzen. Ez dugu nahi nagusiek gauza batzuk egin bitartean umeak aparkatzeko leku hutsa izatea, baizik eta Iraultza Txikien Akanpadaren filosofiarekin bat egiten duen espazio bat izan dadila. Guk dinamika eta jolasetarako ideiak eramaten ditugu, baina umeek berek erabaki dezakete zer egin. Horregatik, txikien asanblada izaten da egiten dugun lehenengo gauza; bertan aipatzen dituzten ideien artean saiatzen garan antolakuntza bideratzen.
Zer egiteko aukera izanen dute?
Mural bat egiteko aukera izango dute, baita Bardeari buruzko ipuinak ezagutzeko ere, jakin dezaten zergatik gauden hor. Horrez gain, herriari berari balioa emateko bisitak antolatu ditugu.