Oldarraldiaren aurka guztiak bat

Euskara jasaten ari den erasoei batera aurre egiteko prest daudela, horixe adierazi dute milaka herritarrek Bilbon, Kontseiluak egindako ekitaldian, eta pizkundearen beharra nabarmendu dute haiek ere.

Hainbat lagun atzo, Bilbo Arenan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian Euskaraz abestia aho batez abestuz eman zioten amaiera Pizkundea deituriko ekitaldiari atzo Bilbo Arenan batutako milaka herritarrek. Argi daukate zein den bidea: instituzioek hartu beharreko ardurak alde batera utzi gabe, besteak beste, euskararen erabilera eta transmisioa bultzatzeko beharra azpimarratu dute.

«Arlo publikoan lan egiteko gutxieneko baldintzetako bat izan behar du euskarak»

JUANAN BARRENETXEA Gamiz-Fikako herritarra

Euskarak beste pizkunde bat behar duela argi dauka Juanan Barrenetxeak (Gamiz-Fika, Bizkaia, 66 urte). Gogor salatu du aurretik eta bereziki azken bolada honetan hizkuntza jasaten ari den oldarraldi judiziala: «Legedia erabat zapuzten ari dira». Eraso horiek guztiek erantzun sendo bat behar dutela uste du Barrenetxeak. «Horren gaineko kontzientzia gero eta argiagoa da herritarren artean».

Gainera, «faltsutzat» jo du lanerako eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzean datzan ikuspegia: «Azken finean, arlo publikoan lan egiteko baldintza batzuk bete behar dira, eta Euskal Herrian gutxieneko baldintzetako bat izan behar du euskaraz jakiteak». Barrenetxearen iritziz, eztabaida horrek «aspaldi gaindituta» egon beharko luke. «Zoritxarrez, hemen gaude».

«Hizkuntzak bizirik irautea nahi baldin badugu, beharrezkoa da pizkunde bat izatea»

JON ITURRIOZ Segurako herritarra

Azkeneko datuen arabera euskararen erabilera jaisten ari dela gogorarazi du Jon Iturriozek (Segura, Gipuzkoa, 48 urte): «Arnasguneetan bizi garenak gero eta gutxiago gara, eta, hizkuntzak bizirik irautea nahi baldin badugu, beharrezkoa da pizkunde bat izatea». Uste du atzo Miribillan egindako ekitaldia mugarri bat izan daitekeela, baina nabarmendu du aurrerantzean ere lan egin beharko dela.

«Guk ikusi eta ikasi izan duguna ondorengoei transmititzen jarraitu behar dugu»

MAITE ARRUABARRENA Azpeitiko herritarra

Maite Arruabarrena (Azpeitia, Gipuzkoa, 28 urte) ere hizkuntzaren erabileraz mintzatu da, eta aipatu du gaur egun euskara gero eta gutxiago entzuten dela hainbat tokitan. «Are gutxiago herri handietan eta hiriburuetan». Aipatu du herri txikiagoetan arazoa oraindik ez dela horren larria, baina ohartarazi du euskara ez galtzeko beharrezkoa dela hizkuntzaren transmisioaren haria ez etetea. «Guk ikusi eta ikasi izan duguna ondorengoei transmititzen jarraitu behar dugu». Halaber, beharrezkotzat jo du euskara kalean erabiltzea ere: «Ezagutzen ez dugun baten bati hitz egiten diogunean, egin diezaiogun lehenengo hitza euskaraz».

«Euskaldunak ez direnak euskaltegira joatera eta euskara ikastera animatu behar ditugu»

MARI JOSE VALLINA Iruñeko herritarra

Mari Jose Vallinak (Iruñea, 60 urte) «nafar hizkuntza defendatzeko beharra» azpimarratu du, «azken bolada honetan izugarrizko erasoak egiten» ari zaizkiolako. «Oso garrantzitsua da euskararen aldeko ekintzetan parte hartzea, baita euskararen aldeko elkarteetan ere». Horretaz gain, uste du funtsezkoa dela euskaldunak ez direnak bultzatu behar direla euskaltegira joan daitezen eta euskara ikas dezaten.

«Gazteen aisialdi ohituretan bultzada bat eman behar zaio euskarari»

SORKUNDE BILBAO Foruko bizilaguna

Sorkunde Bilbao (Forua, Bizkaia, 61 urte) gazteen hizkuntza ohiturez mintzatu da: «Oraingo gazteek gero eta gutxiago hitz egiten dute euskaraz kalean. Gainera, aisialdian gero eta gehiago erabiltzen dituzte sare sozialak». Horren harira, ohartarazi du Internet bidez jasotzen dituzten edukiak euskaraz bestelako hizkuntzetan daudela. «Gazteen aisialdi ohituretan bultzada bat eman behar zaio euskarari».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.