Txinparta txikiekin, «supermaxipizkundea»

Euskal komunitate askotarikoa irudikatu dute Kontseiluaren ekitaldian, hainbat hitzaldi poetikoren bidez, eta adierazi euskaltzale denen premia dagoela pizkunderako txinparta pizteko.

Ramon Agirre, Olaia Aguayo, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate aktoreak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ramon Agirre, Olaia Aguayo, Miren Gaztañaga, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate aktoreak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko abenduaren 27a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dei bat izan da pizkundea; desio bat, etorkizun bat, eraiki beharreko bide bat. Eta zirrara bat: 6.500 ahotsek «ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena» a cappella abestean sortzen dutena, eta horrenbeste eskuren txaloek eragiten duten oihartzunarena. Gaurko ekitaldian, Euskalgintzaren Kontseiluak ez baitu soilik euskararen eta euskal komunitatearen egoeraren analisi soziolinguistiko eta politikoa egin; euskararen emozioak eraman ditu oholtza gainera, kantuz, bertsoz, antzerkiz, poesiaz. Ahots zenbaitek askotariko euskaldunez osatutako komunitate bat marraztu dute, eta denen premia nabarmendu, txinparta bakoitzak eragindako su txiki guztiena, agian «megasupraeztanda» dei dakiokeen «supermaxipizkundeari» bide emateko.

Hitzaldi politikoak eta poetikoak uztartuta josi dute ekitaldia. Eta ez dira alferrikakoak izan Itziar Ituño, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek ondutako piezak. Aurkezpen gisa, umorez eta konplizitatez marraztu dute euskal komunitatearen irudia. «Hemen gaude!», egin dute deiadar, eta euskaltzaleen soslaia zerrendatu dute, halakorik balego, argi uzteko ezin pluralagoa dela: bizitzako faseetan, «erretiratuak, haurrak, gurasoak, gazteak»; kultur diziplinetan, «aktoreak, itzultzaileak, idazleak, eskultoreak, bateria joleak, letragileak»; lanbideetan, «irakasleak, soinu teknikariak, kazetariak, garbitzaileak»; zaletasunetan, «irakurleak, liburuak marrazten dituztenak, liburuak fotokopiatzen dituztenak»; militantziako eginkizunetan, «txosnetako arkitektoa, kaña iturriak aldatzen dakiten lauzpabost aktibistak»...

Bat etortzera

Euskaltzaleak asko eta askotarikoak direla berretsi dute geroago ere, Ramon Agirrek eta Miren Gaztañagak euskararen minorizazioari buruz bi ahotsetara egindako hitz jokoan: «Oldarraldia bera ere hizkuntza ideologia supremazistaren ispilu da, hau da, egiturazko minorizazioaren ondorioetako bat. Eta gu asko gara, hori aldatu behar dela esatean bat bat bat bat gatozenak».

Bat horiek batzera deitu du Edurne Azkaratek. Txinparta guztiak baitira beharrezkoak; emanaldiak, konspirazioak, lantaldeak, oroitzapenak, desioak, ospakizunak, hitzak, pelikulak, entzuleak: «Pizkunde honetan txinparta bakoitza da beharrezkoa; pertsona bakoitza, pertsona guztiak; gorputz bakoitza, gorputz guztiak; itxaropen bakoitza, itxaropen guztiak; argi bakoitza, argi guztiak; su bakoitza, su guztiak». Eta bat etortze horrek ekar dezakeen eztanda erraldoiari zer izen jarri galdetu du: «Megasupraeztanda? Supermaxipizkunde?».

Gogoa galdegin dute, bihotza ez ezik burua ere badelako euskalduna eta euskaltzalea izatea, Jose Luis Otamendiren Hautua poemaren bidez nabarmendu dutenez. «Ehuneko handi samar batean» euskaraz bizi den norbaiten gogoetak dakartza; premiarik eta derrigorrik izan gabe ere euskaraz bizi nahi du: «Bizi naiteke beste hizkuntza batean/ eta hala bizi naiz ehuneko esanguratsuan/ baina nik euskaraz bizi nahi dut/ portzentaje handiagoan hala nahi badut/ edo portzentaje txikiagoan gogoak ematen badit/ ez hobea izango naizelako hala/ ez inoren on-gaitzak osatuko direlako horrekin/ baizik eta nazio puska txiki bat naizelako/ eta ni naizen nazio zatitxoa izateko/ ehuneko hainbesteko batean/ euskaraz bizi nahi dudala deliberatu dudalako/ horren derrigorrik ez dudalako naiz euskalduna ni».

Miren Narbaiza, Lourdes Iriondoren irudia atzean duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Miren Narbaiza, Lurdes Iriondoren irudia atzean duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Eta Lurdes Iriondo zena ere gogoan izan dute, gaur justu hogei urte bete baitira abeslari eta idazlea hil zenetik. Hala ere kantatu du Miren Narbaizak, eta haren hitzen bidez xehatu dute Itziar Ituñok eta Olaia Aguayok kulturgileen prekaritatea zertan den: «Nik diodana da euskaldunok gure kulturaren aldeko guda bizia egin behar dugula. Ez dela aski ‘gure euskara gaixoa’ eta horrelako lelokeriak esatearekin; ez dela aski gaizki esaka jardutea laguntzen ez digutelako eta dirurik ez dagoelako. (...) Euskal artistak bizi guztian gratis eta ofizioz lan egitera kondenatuta egon behar al du? Nola nahi dugu gure abesti, antzerki eta irratiak kalitatezkoak izatea behar bezala laguntzen ez badiegu? Gure hizkuntza, gure artea eta gure artistak poliki-poliki hil egiten ditugu».

Zutik eta txaloka

Hitzaldi poetikoez gain, bertsoak ere izan dira. Euskarak denentzako lekua duela adierazi du Ane Labakak, eta «hizkuntzak herria eta herriak hizkuntza» bultzatzera deitu du Aitor Etxebarriazarragak, horrela oldarraldiei aurre egiteko. Eta kantu pasarteetan, hala euskal musikagintzaren klasikoak nola joera berritzaileenak izan dira oholtza gainean; Benizze aritu da lehenik, eta, haren ondoren, musika bandak zuzenean lagunduta, hiru bikote aritu dira: Gontzal Mendibil eta Flako Fonki, Amets Aranguren eta Joseba Tapia, eta Gorka Urbizu eta Maia Iribarne.

Harmailetan eskuko telefonoetako argiak piztu dira abestien doinuekin batera, baina eztanda, txinparta, pizkundearen lehen sua, amaieran gertatu da, musikariak eta Euskalgintzaren Kontseiluko kideen ordezkariak eszenatokira igo direnean, eta Euskal Herrian euskaraz kantatu dutenean. Haien ahotsik ez da ia entzun, ikusleen oihartzuna gailendu baitzaie, eta bukatutakoan zutik jarri dira 6.500 euskaltzaleak, eta txinpartak piztu dituzte txaloka eta aldarrika. Zirraraz egin die agur Idurre Eskisabelek: «Hau lehen txinparta da: antolatu gaitezen, eta emango diogu etorkizuna euskarari!».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.