Omen egin diote «etorkizuneko Euskadiren oinarriak» jarri zituen Eusko Jaurlaritzari

Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia eta Pedro Miguel Etxenike, Javier Lasagabaster eta Pedro Luis Uriarte omendu ditu Pradalesek. Euskal Herria orduko «tunel ilunetik» atera eta «ongizatearen» bidean jarri izana eskertu die. Hunkituta jaso dute aitortza.

Imanol Pradales eta Carlos Garaikoetxea Ajuriaenean, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Pradales eta Carlos Garaikoetxea Ajuriaenean, gaur. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 16a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur duela 45 urte egin moduan, Ajuriaenean elkartu da frankismo osteko lehen Eusko Jaurlaritza. 1980ko ekainaren 16an, astelehenez orduan ere, bertan elkartu baitzen Carlos Garaikoetxea lehendakaria buru zuen gobernua, aurreneko bilera egiteko. Oraingoan, Imanol Pradalesek egin die harrera, Eusko Jaurlaritzako oraingo lehendakariak efemeridea baliatu nahi izan baitu orduko gobernuak urte haietan egindako lana eskertzeko eta ohore guztiekin aitortza egiteko.

Ez dira denak egon, ordea. Jaurlaritza hark hamalau kide zeuzkan, eta haietatik lau baino ez dira elkartu Gasteizen gaur: Pedro Luis Uriarte, Ekonomia eta Ogasun sailburu izandakoa; Javier Lasagabaster, Lurralde Politika eta Herri Lanetakoa; Pedro Miguel Etxenike, Hezkuntzakoa; eta, denen buru, Carlos Garaikoetxea, lehendakari ohia. Iritsi ahala banan-banan agurtu ditu Pradalesek, eta jauregiaren barruan batu dira denak, ekitaldia hasi aurretik.

Omenduak Ajurianearen osteko lorategian agertu orduko zain zeuzkaten gainerako gonbidatu guztiak. Ekitaldian parte hartu dute dagoeneko hilda dauden sailburuen senideek ere; gogoan izan dituzte haiek ere, eta ekitaldirako prestatutako oroigarri bana jaso dute. Bertan izan dira, halaber, Pradalesen gobernuko sailburuak, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu lehendakari ohiak, eta erakunde eta alderdi politikoetako ordezkari gorenak.

Hutsetik abiatuta

Diktadura osteko lehen Jaurlaritza hari ia hutsetik abiatzea tokatu zitzaion, Imanol Pradalesek gogora ekarri duenez. Besteak beste, autogobernuaren oinarriak jartzeaz gain, krisi ekonomiko larriari aurre egitea tokatu zitzaien, indarkeria giroa nagusi zen garai batean. Bada, Euskal Herria garai hartako «tunel ilunetik» atera eta «ongizatearen» bidean jarri izana eskertu die Garaikoetxeari eta sailburuei: «Zuei zor dizkizuegu gaur egun ditugun erakunde eta egitura sistema sendo hauek. Zuei zor dizuegu gure ongizatea. Eta zuei zor dizuegu etorkizun berriaren aukera. Asmatu egin zenuten».

«Zuei zor dizkizuegu gaur egun ditugun erakunde eta egitura sistema sendo hauek. Zuei zor dizuegu gure ongizatea»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Jaurlaritza haren eskutik jarri baitziren martxan, besteak beste, Osakidetza, hezkuntzako sare publikoa, HABE, Ertzaintza eta EITB. «Kanpoko eta barruko oztopoak gaindituz lortu zenuten», gogorarazi du Pradalesek. Bada, haien gainetik «arduraz» jokatu eta «ausartak eta eraginkorrak» izatea eskertu die: «Oinarriak jarri zenituzten, eta lekukoa hartu dugunoi tresnak eman zenizkiguten oparotasunean eta ongizatean hazten jarraitzeko».

Hunkituta eta eskertuta erantzun dio Garaikoetxeak Pradalesi. Ahots fin eta hauskorrarekin hitz egin du lehendakariak, hitzak amaitzeko ere lanak zituela tarteka. Txantxetan, gogorarazi du gutxi direla berak bezala «bizirik dirauten» gobernu hartako kideak. Zutik, tinko eutsi dio hitzaldiari, edonola ere, erbesteko Jaurlaritzak Parisko egoitzan izan zuen ikurrina alboan zuela —Nafarroako armarria ere baduena—.

Atzera begiratu eta garai hura gogora ekarri du Garaikoetxeak. Esan du «urte zailak» izan zirela, baina ziurtatu du Euskal Herriak «nota onarekin» gainditu zuela «iragan gatazkatsu hura». Nabarmendu du «une oso mingarriei» eta «lanaldi amaigabeei» aurre egin behar izan zietela tarte hartan, baina eskertuta agertu da, herritarrek haren esku utzi zutelako ardura horren gidaritza: «Eskerrak eman nahi dizkizuet herri honetan egon daitekeen ohorerik handiena eman didazuelako: lehendakari izatea».

«Eskerrak eman nahi dizkizuet herri honetan egon daitekeen ohorerik handiena eman didazuelako: lehendakari izatea»

CARLOS GARAIKOETXEAEusko Jaurlaritzako lehendakari oiha

Euskal Herria nazio «ausarta, sortzailea, langilea eta batua» dela azpimarratu du, eta adierazi gai izango dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko: «45 urte luze eta gogor igaro dira. Ziur nago askoz ere jakingo dugula denbora laburragoan gure herriarentzat etorkizun hobea eraikitzen eta partekatzen». Bide horretan, zorte ona opatu dio Pradalesi: «Animo, eta eutsi gogor, Imanol!».

Saiburuak eskertuta

Pradalesek «dream team» gisa aurkeztu du orduko Jaurlaritza, eta, hain zuzen ere, txantxa eta anekdota artean gogoratu dituzte orduko garaiak bizirik dauden hiru sailburuek. Esker onak adierazi dituzte aitortzagatik, eta azpimarratu dute ohorea izan zela diktadura osteko lehen Eusko Jaurlaritza hartako kide izatea, eta, bereziki, Garaikoetxearen gidaritzapean aritzea.

Garaikoetxea
Ezkerritik hasita, Lasagabaster, Etxenike, Garaikoetxea eta Uriarte. BERRIA

Lasagabasterrek, esaterako, gogora ekarri du «euforia» moduko bat sentitu zuela Jaurlaritzak, zailtasunak zailtasun, 1937an Agirre lehendakariak abiatutakoa berrezartzea lortu zutelako. Lurraldea kohesionatzea egokitu zitzaion hari, azpiegitura sarea diseinatzea, Garaikoetxeak hala eskatuta.

Uriartek azpimarratu du Jaurlaritza hura «eredugarria» izan zela, eta gogoratu du «katalizatzaile» lanak egin zituztela «etorkizuneko Euskadiren oinarriak» finkatzeko. Besteak beste, Madrilekin Kontzertu Ekonomikoa negoziatzea tokatu zitzaion hari, eta kupoaren zenbatekoa —%6,24— adostea. Negoziazio horietan Garaikoetxeak izan zuen ardura goretsi du: «Ni Kontzertu Ekonomikoaren aita banaiz, bera aitona da, kontzertuaren aitita».

Etxenikek, berriz, Garaikoetxeak euskararen eta hezkuntzaren alde egindako lana goraipatu du, besteak beste: «Oso jende gutxik daki Garakoetxeari zor zaiola euskara batuaren arrakasta politiko eta soziala, eta nik beti eskertu diot hori». Gernikako Estatutuaren aldeko aldarria ere egin du, eta baita Espainiarekin alde biko harremana bermatzearen aldekoa ere.

Agur, jaunak kantuaren doinuekin amaitu dute ekitaldia. Xumea izan da, baina sentitua. Horren aurretik guztion argazkia atera dute, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako dantzariek aurresku bana dantzatu diete. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.