Onartu bezain pronto, berriztagarrien plan sektoriala auzitara eramango du LPS Honi Ez dinamikak

Berrogei bat eragilek abiatu dute LPS Honi Ez dinamika: epaitegietara jotzeaz gain, mobilizazioak iragarri dituzte, berriztagarrien planak parke eoliko eta fotovoltaiko handien «hedapen masiboa» bultzatzen baitu.

LPS Honi Ez dinamikaren aurkezpena gaur, Bilboko La Bolsa aretoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
LPS Honi Ez dinamikaren aurkezpena gaur, Bilboko La Bolsa aretoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko abenduaren 4a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago argi Eusko Jaurlaritzak noiz onartuko duen Energia Berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS): energia sortzeko azpiegiturak non eraiki ahal izango diren arautuko dute horren bidez. Hala ere, onartu bezain pronto, plana auzitara eramango dutela iragarri dute ia berrogei eragilek. LPS Honi Ez dinamika abiatu dute, eta ohartarazi, LPSa onartzekotan, kalera atera ere egingo direla. Haien ustez, berriztagarrien planak parke eoliko eta fotovoltaiko handien «hedapen masiboa» bultzatzen du.

«Mendi gainak eta landa eremuak suntsitzea ekarriko du horrek», ohartarazi dute Nekane Otsoak eta Roberto Ruiz de Arkautek, LPS Honi Ez dinamikak egindako lehen agerraldian. Haien hitzetan, plan horrek ez ditu herritarren ongizatea eta ingurumenaren babesa bermatuko: «Energia berriztagarrien negozioari esker irabaziak lortzen dituzten enpresa handien interesak lehenetsiko ditu».

«LPSak ez ditu herritarren ongizatea eta ingurumenaren babesa bermatuko. Aitzitik, energia berriztagarrien negozioari esker irabaziak lortzen dituzten enpresa handien interesak lehenetsiko ditu»

NEKANE OTSOA LPS Honi Ez! dinamika

Dinamikako kideen ustez, lurraldearen antolaketak bi helburu nagusi izan beharko lituzke: batetik, balio ekosistemiko, kultural eta sinboliko handiko eremuak babestea. Eta bestetik, guztion ongizate kolektiboa hobetzeko baldintzak sortzea. Horren arabera, aurkeztutako LPSak «kontrako norabidean» egiten duela salatu dute, eta «interes espekulatiboetan oinarritutako diseinu enpresarial baten ordez» interes ekologiko eta sozialetan oinarritutako planifikazioa behar dela adierazi.

«LPSa klima aldaketaren aurkako neurri gisa aurkezten bada ere, planaren edukiek erakusten dute ez dagoela benetako borondaterik krisi ekologikoari eta klima krisiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzeko». Azpimarratu dutenez, «berriztagarrien hedapen masiboak ez du zalantzan jartzen gaur egungo kontsumo eredua, eta energiaren eskaera gero eta handiagoaren logikan kokatzen da».

Izaera «antidemokratikoa»

2023ko maiatzean onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak LPSaren lehen zirriborroa, baina azkenean ezin izan zuen Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren gobernuak onartu, bidea luzatu egin baitzitzaion planari, besteak beste 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkiotelako hainbat herritarrek eta ingurumen eragilek. Bada, Imanol Pradalesen gobernuari egokitu zitzaion planaren kudeaketari jarraipena ematea, eta hark alegazio bat bera ere kontuan hartu gabe egin zuen aurrera. Hori dela eta, LPSaren diseinu eta onarpen prozesua «antidemokratikotzat» jo dute planaren aurkakoek.

«Argi utzi nahi dugu

dinamika honetan parte hartu nahi duen eragile orok ateak irekiak dituela. Indarrak batuz soilik izango da posible neurri honetako erasoa gelditzea»

ROBERTO RUIZ DE ARKAUTE LPS Honi Ez dinamika

2024ko abenduan onartu zuten LPSa behin-behinean: azken bertsio horretan, ordea, instalazio eolikoak hartzeko gaitasuna handitu egin zuten, 86.000 hektarea baino gehiago hain zuzen ere, alegazio zaparrada jaso zuen hasierako zirriborroarekin alderatuta. Plana indarrean sartzeko, dekretu bidez onartu beharko du gobernu kontseiluak, eta EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu. Hala ere, ez dago argi hori noiz gertatuko den.

Ia berrogei auzo elkartek, talde ekologistak eta gizarte eragilek bat egin dute dagoeneko LPS Honi Ez dinamikarekin, eta ateak zabalik utzi dizkiete parte hartu nahi duten talde guztiei. «Indarrak batuz soilik izango da posible neurri honetako erasoa gelditzea», adierazi dutenez. Hori gertatzen denean, auzitara joko dute, eta mobilizazioak ere iragarri dituzte.

BAZTERTUTAKO PROIEKTUAK BARNE

LPS Honi Ez dinamikaren arabera, «brotxa lodiz» marraztu dute berriztagarri handientzat egokienak izango liratekeen lurren mapa: «Hain da horrela, ezen Jaurlaritzak berak dagoeneko atzera bota behar izan dituen proiektuak ere kontuan hartu baitituzte». Besteak beste aurreikusitako zentral eoliko hauek egongo lirateke horien artean: Balmasedan (Bizkaia), El Haya 1 eta El Haya 2; Azpeitia, Errezil eta Zestoan (Gipuzkoa), Piaspe; eta Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna, Bernedo eta Donemiliagan (Araba), Azazeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.