Ongi etorri. Hau euskara da

Korrikaren hamabigarren eguntzat jo dute gaurko egitasmoa: AEK-k ordubeteko doako euskara eskola bat eskaini du euskaltegi guztietan. Berrehundik gora herritarrek eman dute izena.

Ikasleak AEKren Zumaiako euskaltegian, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Ikasleak AEKren Zumaiako euskaltegian, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Zumaia
2026ko apirilaren 22a
20:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitzan lehenengo aldi asko daude, eta horietako bat izan da gaur zenbait herritarrentzat: lehenengoz euskara eskola bat jaso dute, erabat doan. AEK-k euskaltegi guztietan eskaini du aukera, eta berrehundik gora pertsonak izena emanda zeuden. Korrikaren hamabigarren egunaren bueltan antolatutako ekintza izan da.

Banan-banan sartu dira AEKren Zumaiako euskaltegira: Mario Magallares, Claudia Iturrizaga, Dave Mejias... Bost ikasle guztira mahaiaren bueltan, baita Irati Txapartegi irakaslea ere: «Hau oso polita da. Edozer gauza ikastea da polita, eta AEKn euskara modu praktikoan ikastea nahi dugu. Eskola hau horretarako da». Atera dituzte koadernoak eta bolalumak, adi-adi ari dira hitz eta esamoldeak apuntatzen. Dena zaie berria.

Agurrekin hasi dira. «Día euskaraz egun da, eta egun on esaten dugu goizetan». Eta: «Kaixo eta hepa ere esaten dugu agurtzeko». Gero arte, bihar arte, adio, gabon, arratsalde on... Eta nola erantzun: «Egun on esaten badizuete, baita zuri ere». Ariketak egiten hasi dira elkarrekin, batak besteari lagunduz. Eta hara hor zalantzak: «Zergatik ez dago v-rik?». Eta irakasleak azaldu die nola gaztelerazko letra batzuk ez dauden euskaraz: «Bost hizki gutxiago, idazten den bezala esaten da, generorik ez dago —hitanoa beste baterako utzi dute—... Begira zenbat gauza positibo».

Ikasleak AEK-ko Iruñezar euskaltegian, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ikasleak AEK-ko Iruñezar euskaltegian, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Gramatika pixka bat ere landu dute: «Ni Irati naiz. Zuek jatorrak zarete». Azaldu die naiz eta zarete horiek amaieran joan behar dutela, esaldia baiezkoa denean behintzat, singularra eta plurala nola bereizi... 

Segituan igaro da ordubete. Txapartegik galdetu die: «Ba al duzue denbora apur bat gehiago?». Baietz ikasleek. Beste ariketa batzuk egin dituzte, euskara Interneten ikasten hasteko zer baliabide dagoen ikusi dute... Eta ikasleak hizketan hasi dira, eta galdetzen ea eskolarik ematen baduten eguerdian, 18:00ak arte lana eginda noiz ikas dezaketen, beren-beregi ostalaritzarako ikastarorik baduten... 

«Uste dut horrelako eskola bat baliagarria dela AEKn erabilera bultzatzen dugula erakusteko»

IRATI TXAPARTEGI AEK-ko irakaslea

Ia bi orduko eskola, azkenean. Gustura egon diren seinale. Magallanes: «Ordubete soilik izan da, baina behintzat jendeari zeure burua aurkeztu ahal izatea... Uste dut egunerokorako oso praktikoa izango dela. Nik datorren ikasturtean emango dut izena, eta euskara ikasten hasiko naiz». Burgostik (Espainia) etorri berria da, eta, segituan, AEKra: «Duela hilabete eta erdi etorri nintzen Burgostik, eta lanerako eta jendearekin harremanak izateko ondo dago jakitea. Duela hilabete etorri nintzen AEKra, eskolarik ba ote zegoen galdetzera, eta esan zidaten urrira arte ez direla hasten baina doako eskola hau emango zela, eta izena eman nuen». Lehenago, duela hiruzpalau urte ailegatu zen Perutik Iturrizaga, eta amarekin eta senarrarekin batera etorri da euskaltegira: «Niretzat ere lehenengo aldia da euskara eskola batean. Nire aita ere etorri izan da AEKra, eta interes handia ikusi izan diot; hortaz, interesa transmititu digu, eta nik ez ezik nire familiak ere ikasi nahi du. Doako eskola izateaz gain, hasierako mailakoa da, eta hori ondo dago; nik banuen interesa, eta horrelako eskola batekin, gehiago. Bai, gustatu zaigu».

Sortzez irlandarra da Mejias, eta konbentzimendu osoz mintzo da: «Asmoa da ez titulu bat ateratzea, baizik eta hizkuntza erabili ahal izatea. Hemengoa bazara edo hemen bizi nahi baduzu, ez duzu euskara ikasi besterik». Erraztasunak emanez gero, herritar asko prest baitaude euskara ikasteko. Mejias: «Jendeari erraz jarri behar diozu. Familia, lana... dauzkagu, eta gure atseden denbora erabili behar dugu euskara ikasteko. Laguntza behar dugu. Niri ordubeteko eskolak jartzen badizkidazu astean bitan eguerdietan, jan gabe geratuko naiz euskara ikastera etortzeagatik. Gaur ikasitako dena egunero erabili dezaket».

«Jendeari erraz jarri behar diozu. Familia, lana... dauzkagu, eta atseden denbora erabili behar dugu euskara ikasteko denbora»

DAVE MEJIAS Euskara ikaslea

Txapartegi ere gustura atera da eskolatik, eta espero du balioko duela datorren ikasturtean euskaltegian izena emateko pausoa eman dezaten: «Uste dut horrelako eskola bat baliagarria dela erakusteko AEKn praktikotasunean oinarritzen garela, erabilera bultzatzen dugula, ez dela hainbeste gramatika-eta. Espero dut balioko duela».

Doakoa eta irisgarria

Korrikak badu indarra, sortzen ditu emozioak, erakusten du herri gogoa. Baina Korrikaren hamar gau eta 11 egunetatik harago, AEK-k euskararen aldeko konpromisoak bultzatu nahi ditu. Hortik sortu zen Korrikaren hamabigarren egunaren ideia, Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak adierazi duenez: «Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela, Korrikako 11 egun horien ostean ere benetako lanketa egin behar dela eta horretarako konpromisoa hartu behar dela. Horren guztiaren bueltan hasi ginen hamabigarren egunaren ideia lantzen». Gainera, euskararen aldeko pizkundeari ekarpena egin asmo diote, baita helduen euskalduntzearen beharra «lehen lerrora» ekarri ere.

«Erdaldun askorentzat zaila izaten da lehen pausoa ematea, eta egitasmo honekin hori lortu 
nahi dugu»

AIZE OTAÑO AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea

Doakoa eta irisgarria. Halakoa izan behar luke helduen euskalduntzeak, Otañoren esanetan. Eta erdaldunak lehen pausoa ematera bultzatu nahi izan dituzte proiektuarekin: «Erdaldun askorentzat zaila izaten da lehen pausoa ematea, eta egitasmo honekin hori lortu nahi dugu: lehen pausoa ematea eta ikustea nola eta non ikas dezaketen euskara. Euskal komunitatera gerturatzeko ere balio dezake, eta, etorkizunari begira, pauso hori iraunkorra izateko eta euskara ikasteko».

Hamabigarren eguna ez da oraindik amaitu, baina: maiatzaren 21ean mintzodromoak antolatuko dituzte AEK-ko euskaltegiak dauden herri guztietan: «Badaude beste hainbat herritar ez daukatena aukerarik euskara erabiltzeko; euskara eroso erabili ahal izateko espazio bat eskaini nahi diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA