Sektoreak eginak ditu euskalduntze eta alfabetatzea eraberritzeko eskakizunak, eta hainbatetan plazaratu ditu. 2017an eta 2018an, zehazki, Euskalgintzaren Kontseiluak Doakotasuneranzko bidean eta Doakotasuneranzko bidean Nafarroan izeneko dokumentuak aurkeztu zituen. Arloan ari diren eragileen %90ek baino gehiagok bat egin zuten horietan jasotako xedeekin. «Ezagutzaren unibertsalizazioa helburu eta euskara ezagutzeko eskubidea oinarri» hartuta, euskalduntze prozesua doakoa izateko neurrien zerrenda jaso zuten agiri horietan. 2022an, berriz, aurreko proposamen horietan oinarrituz, Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektorea osatzen duten elkarteetako ordezkariek Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena agiria aurkeztu zuten.Â
Ikusi gehiago
Doakotasunaren bidean aurrera egiteko eskabideak dira agiri horien ardatzetako bat. Bat datoz Batuz Aldatu dinamikan adostutako ildo nagusiekin, horietan aurrera egiten lagun dezaketela iritzita. «Azken batean, helduen euskalduntze eta alfabetatze masiboak ekarriko du herritar guztiek euskaraz jakitea, euskararen erabilera nabarmen areagotzea, euskaltzaletasuna eta euskal kulturaren ezagutza hedatzea eta handitzea, euskal kultur produktuen kontsumoa haztea, euskarazko irakaskuntza Euskal Herri osoan nagusitzea, euskararen aurkako jarrerak neutralizatzea eta hizkuntza politika egokiak egitea erraztea», jaso zuten agirian. Horra eskakizun nagusiak:
Euskaltegien doakotasuna
Â
Laguntzak egonagatik ere, Euskal Herrian ordaindu egin behar da oraindik euskara ikasteagatik. Tokian-tokian, aldeak handiak dira: ikasle batzuek dirua aurreratu behar dute, beste batzuek ez, eta laguntzak eskuratzeko irizpideak ez daude bateratuta. Baina euskara ikasketak osorik doan izatea ez da inon bermatzen. Eta administrazio publikoak hastapeneko urratsetan ari dira oraindik: Eusko Jaurlaritza orain dela hiru ikasturte hasi zen doakotasunerako bidea urratzen, mailarik apalenetan euskara doan ikasteko bidea irekitzeko, eta nerabeei C1 titulua eskuratzeko ikasketetan laguntzeko. Nafarroan ere berriak dira aurrerabideak;Â aurten, lehenengoz, %100erainoko laguntzak emango dituzte A1 maila egin nahi duten ikasleentzat.
Doakotasunaren aldeko irizpideak eskatzearekin batera, sektoreko eragileek beti nabarmendu dute garrantzitsua dela ikasleei bidea samurtzea ere, eta hartara bidea eman behar zaiela leihatila bakar batean kudeatzeko euskararen ezagutzarekin lotutako eskabide guztiak.Â
Agentzia bat sektorerako
Â
«Administrazioen eta herri ekimenaren arteko jardun koordinaturik ez dago gaur egun Euskal Herri osoko helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko». Horixe da sektorean kezkarako beste zioetako bat. Horiek horrela, «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia» ikusten dute: alegia, eskea da helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko agentzia bat eratzea. Euskal Herri osoko administrazio publikoek osatu beharko lukete, eta Euskalgintzaren Kontseilua eta Euskaltzaindia ere kide izatea da proposamena. Agentzia horrek «oso-osorik» finantzatuko lituzke euskaltegiak; hartara, herritarrek ez lukete euskara ikasteagatik dirurik aurreratu beharko, ezta ikasmailarik gainditu beharko ere. Irizpide bakar batekin jardutea da proposamena: gutxienez eskolen %75era bertaratzea ikasleak. Agentzia horrek izango lituzke beste zeregin batzuk ere: formakuntza hobetzea, euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatzeko komunikazio kanpainak egitea, Euskal Herri osorako azterketa batzorde bakar bat sortzea...Â
Gainerako arloetan ere eragitea
Â
Euskaltegietatik haragoko neurriak ere zerrendatu dituzte sektoreko eragileek. Azken batean, administrazioan, hezkuntza ez-formalean, eremu sozioekonomikoan eta ingurune digitalean ere eragin behar da herritarren euskalduntzean urrats eraginkorrak egiteko. Izan ere, horietan ere euskara sustatzeko neurriak hartzen badira, «euskara ikasteko erabakia» hartzera bultzatuko dira herritar gehiago. Horrekin lotuta jaso dute, besteak beste, langile guztiei aitortu eta bermatu behar zaiela «lanorduetan» euskara ikasteko eskubidea, eta berariazko trebakuntza planak egingo direla haientzat.  Â