Geroa Baik gogoan du 2011ko udan PSOEk eta PPk Espainiako Konstituzioa azkar batean aldatu zutela. Finantza krisiaren erdian, orduko Alemaniako Gobernuak beharturik, zor publikoaren ordainketa lehenesteko 135. artikulua aldatu zuten, eta Geroa Baik orain aldarrikatu du hori irauli egin behar dela.
Iruñean egindako agerraldian, koalizioak proposatu du Ongizate Estatua blindatu egin behar dela. «Zerbitzu publikoen defentsak eskatzen du baliabideak izatea, politika ausartak egitea eta finantza ahalmena izatea», aipatu du Pablo Azkona Kongresurako hautagaiak.
Azkonaren arabera, 2011ko aldaketa horrek «kontraesan bat» inposatu du, zorraren ordainketa lehenetsi duelako eta ondorioz finantza publikoak baldintzatzen dituelako. Gogoan hartu du Uxue Barkos senatari autonomikoak artikulu hori eta Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea moldatzeko proposamena aurkeztu duela Senatuan, legealdi honetan. Proposamena atzera bota zuten.
Azkonaren ustez, PPk eta eskuin muturrak azaldu behar lukete zerbitzu publikoen zer eredu duten; baina, Alderdi Sozialistari aurpegiratu dio finantza egonkortasunerako arauak moldatzea eskatzen zaion bakoitzean kontra bozkatu duela. «Ez da nahikoa esatea eskubide sozialen alde zaudela, hori botoen eta politika ausarten bidez frogatu behar duzu».
Azkonak gaineratu duenez, koalizioak kudeaketa arduratsua babesten du, «baina aurrekontuen egonkortasunak ez du oztopo bat izan behar eskubideak bermatzeko».
Legea aldatu
Ildo beretik, Uxue Barkosek azaldu du Ongizate Estatua ezin dela blindatu Espainiako Konstituzioak zor publikoaren ordainketa lehenesten duen bitartean. «Konstituzioa eta haren ondorengo legeak aitzakia gisa erabil ditzakete ongizate estatua eraitsi nahi dutenek». Barkosek onartu du ez dagoela gehiengorik Espainiako Konstituzioa aldatzeko, baina uste du bederen egonkortasun legea aldatzeko gai izan behar luketela.