Ongizatea, nazioartekotzea eta justizia soziala ditu ardatz EAJk

Osakidetzaren izen ona «berreskuratzeko» 1.250 milioi euroko inbertsioa egitea, Gizarte Prestazioak Kudeatzeko Euskal Agentzia sortzea edo etxebizitza erosteko 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat eratzea jaso dute jeltzaleek hauteskunde programan.

Imanol Pradales, gaur, Gasteizen, hauteskunde programa aurkezteko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Pradales, gaur, Gasteizen, hauteskunde programa aurkezteko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 3a
12:00
Entzun

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren «gobernu egitasmo» bilakatzeko asmoz osatu du programa alderdiak Eusko Legebiltzarreko apirilaren 21eko hauteskundeetarako. Haren esanetan, gizartearekin konpromisoa duen programa bat da, «kontratu loteslea», eta ongizatea, nazioartekotzea eta justizia soziala ardatz dituena. Jeltzaleek 575 neurri jaso dituzte orotara agirian; horien artean daude, besteak beste, Osakidetzan 1.250 milioi euroko inbertsioa egitea, Gizarte Prestazioak Kudeatzeko Euskal Agentzia sortzea edo etxebizitza erosteko 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat eratzea. 

Pradalesek nabarmendu du alderdi jeltzaleak herritarren bizimodua hobetzeko duen «anbiziotik» egindako programa dela, «Euskadi hobe bat» eraikitzea helburu duena. «Euskal gizartea exigentea da, inkonformista, eta programa hau ere halakoa da». Eta azpimarratu du «prest» dagoela «arriskatzeko». Programak, halere, ez du konpromiso handinahirik jasotzen; «proposamen zehatzak» biltzen ditu, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak aitortu bezala: «Proposamen zehatzak jasotzen ditu, jakin badakigulako gero gobernu programa izango dela, eta bete egin nahi dugu». 

Autogobernua da EAJren ardatz nagusia, eta hura sakontzea du xede. Gernikako Estatutua bete eta «eguneratu» egin nahi du Pradalesek, eskumen gehiago jasota –tartean, Gizarte Segurantzarena–. Hor kokatzen du EAJk Euskadiren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ere, nahiz eta programak zehazten duen galdeketa bat eginez gero «estatuarekin hitzartu» beharko dela. Hain zuzen, Espainiarekin aldebiko harremanari eutsi nahi dio alderdi jeltzaleak, baina Europan eta nazioartean ahots propio bat izanda.

Osakidetza, lehentasun nagusia

Gasteizen egindako aurkezpen ekitaldian, Pradalesek adierazi du programak «etorkizuneko Euskadi eraikitzeko» modua emango duela, eta, bidenabar, oraingo ongizatea eta bizi kalitatea ez galtzeko. Errepikatu baitu herritarrek aukeratu egin beharko dutela: esperientzia eta kudeaketa gaitasuna, edo esperimentuak, burutazioak eta ziurgabetasuna. «Euskadirentzako etorkizun hobea edo okerragoa nahi dugun aukeratu behar da», esan du. 

Alor horretan, Osakidetza izango da EAJren lehentasun nagusia. Pradalesek konpromisoa hartu du lehen arretan gehienez ere 48 orduan medikuaren arta bermatzeko, eta zerrenda kirurgikoetan itxaron zerrenda 50 egunera gerturatzeko. Baita Tolosako (Gipuzkoa) ospitalea eraikitzeko ere, eta beste hainbat berritzeko eta handitzeko (Arrasate, Basurtu, Donostia, Txagorritxu, Usansolo-Galdakao, Zumarraga...). 1.250 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du EAJk, osasun zerbitzu publikoak «euskal gizartean izaniko izen ona eta itzala berreskuratzeko». Edonola ere, Osakidetza «eztabaida alderdikoietatik ateratzeko» itun bat proposatuko die EAJk gainerako alderdiei.

Pradalesek nabarmendu du jeltzaleek erabateko konpromisoa dutela gazteekin eta familiekin. Bada, horiei begirako hainbat neurri proposatu ditu EAJk. Batetik, emantzipazioa errazteko, 200 milioi euroko abal publikoen lerro bat eratuko du, etxebizitza erosterakoan finantza erakundeek prezioaren %100 finantzatu dezaten. Halaber, alokairuko 7.000 etxebizitza eraikiko dituzte. Familiei dagokienez, berriz, amatasun eta aitatasun baimenak luzatuko dituzte, eta diru laguntzak handitu.

Gizarte laguntzei eusteko eta horiek hobetzeko konpromisoa ere hartu du EAJk, baina proposatu du Gizarte Prestazioak Kudeatzeko Euskal Agentzia sortzea, laguntza horien kudeaketa hobeto «planifikatzeko eta ebaluatzeko». Pradales: «Finean, laguntzak bai, kontrola ere bai». Era berean, segurtasuna hobetzeko plan berri bat garatzea ere proposatu du jeltzaleen lehendakarigaiak. 

Alor ekonomikoari dagokionez, Industria 5.0 plana proposatu du, zeinak industria politika «ausarta» garatuko baitu. Eta inbertsio funts bat ere sortu nahi du, 3.000 milioi eurokoa, besteak beste industria azpiegiturak garatzeko eta enpresen errotzea sustatzeko. Finkatuz funtsarekin eta BGAE pentsio osagarrien aurrezkiekin osatuko litzateke. Industriari lotutako energia berriztagarrietako azpiegiturak areagotzea eta «industria superkluster» bat eratzea ere proposatu du, eta prest azaldu da aldundiekin batera fiskalitatea moldatzeko, trantsizio energetikoa bultzatzeko. Lehen sektorea babesteko konpromisoa ere hartu du Pradalesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.