Espainiako Poliziak atxilotutako ekintzailea

Beñat Remon Reta: «Operazio hau zirku hutsa izan da: lerroburu baten bila zebiltzan, antifaxismoa kriminalizatzeko»

Etxean zegoela atxilotu zuten Beñat Remon Reta gazte antsoaindarra. Espainiako Poliziaren komisarian zenbait ordu egonarazi ostean, aske utzi zuten, deklaratu ere egin gabe.

Espainiako Poliziak Iruñerrian atxilotutakoen aldeko protesta, atzo, Nabarreria plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Espainiako Poliziak Iruñerrian atxilotutakoen aldeko protesta, atzo, Nabarreria plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko ekainaren 4a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo goizeko «sustoa» pasatuta, lasaiago dago Beñat Remon Reta gazte antsoaindarra (Nafarroa). Etxeko atea jo eta atxilo eraman zuen Espainiako Poliziak, iragan urriaren 30ean Vito Quilesen aurkako protestetan parte hartu zuelako. Aske da orain, epaileak noiz deituko zain. Polizia operazioa antifaxismoa «kriminalizatzeko» saialdi bat dela uste du.

Nola bizi izan zenuen atzoko atxiloketa?

Oso arraroa izan zen. 09:30ak aldera jo zuten etxeko atea, baina, aurretik, nire gurasoen etxera joan ziren. Oraindik helbide horretan erroldatuta nagoenez, hara jo zuten lehenbizi. Hortaz, gurasoek atxiloketaren berri izan zuten nik neuk baino lehenago. Etxeko ezkaratzera jaitsi nintzen, eta zuzenean eraman ninduten Chinchilla kalera, Espainiako Poliziak han duen komisariara.

Zer egotzi dizute zehazki?

Niri desordena publikoak baino ez. Beste atxilotu batzuei, desordena delituaz gain, autoritatearen aurkako atentatu delitua ere leporatzen diete.

Nolako tratua eman zizuten?

Atxilotzera etorri zirenean, tratua egokia eta lasaia izan zen. Gero, polizia etxean nengoela, nabari zen urduritasuna. Polizia guztiek aurpegia estalita zeramaten, eta iskanbila betean ari ziren. Aukera eman zidaten abokatuari deitzeko, eta handik hiru bat ordura iritsi zen, 13:00ak aldera.

Eta abokatua iritsita, deklaratu eta aske atera zinen, ezta?

Ez nuen deklaratu ere egin. Abokatua iritsita, alde egiten utzi zidaten. Esan ziguten epaitegitik deituko digutela aurrerago, deklarazioa hartzeko...

Hortaz, jakinarazpena emateko soilik egin zuten polizia makrooperazio hori?

Hori da, bai: zirku hutsa izan da dena. Lerroburu baten bila zebiltzan, eta horretarako atxilotu zituzten hogeitik gora pertsona. Itxurakeria baino ez. Vito Quilesen aurka erantzun antifaxista eta antiespainolista bat antolatu zen egun hartan, eta, hain justu, horixe da jopuntuan jarri eta kriminalizatu nahi izan dutena. Atxilotze aginduak epaile batek sinatuta ere, argi dugu Espainiako Polizia dagoela operazio honen guztiaren atzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA