«Ordezkaritza zabala» batu da Euskaltzaleen Martxaren inguruan

Ekainaren 13an Iruñean egingo duen martxaren aurkezpen soziala egin du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Aurkezpena, gaur, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aurkezpena, gaur, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 13a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete barrurako jarria du Euskalgintzaren Kontseiluak gizartea euskaltzaletasunaren inguruan batzeko hurrengo egun handia; ekainaren 13an Euskaldunen Martxa egingo dute, Iruñean. Atxikimendu keinuak ugaritzen ari dira, eta horren erakusgarria izan da gaur Iruñean martxaren aurkezpen sozialean izan den «ordezkaritza zabala». Kontseiluaren arabera, ehundik gora eragile elkartu dira.

Euskarabideko zuzendari Jabier Arakama eta Iruñeko Udaleko Euskara zinegotzi Aitziber Campion izan dira ekitaldian, eta Geroa Bai, EH Bildu, EAJ eta Sortu eta Alternatibako ordezkariak ere bai. LAB, ELA,Steilas eta ESK-ko kideak ere izan dira, eta askotariko elkarteetako ordezkariak. Horien artean, euskalgintzako erakundeen ordezkaritza zabala izan da: AEK, Taupa, Errigora, BERRIA Taldea, Bertsozale Elkartea, Gazte Euskaltzaleen Sarea eta Euskal Herriko Ikastolak izan dira, beste askoren artean. 

Euskaraz bizitzeko behar den dena leloa izango du martxak. Hiru adar edo zutabe izango ditu, euskararen biziberritzean aurrera egite aldera aurrerabideak ezinbestean zer eremutan egin behar diren diren gogora ekartzeko. Lehena da ofizialtasun osoa Euskal Herri osorako. Bigarrena, hizkuntza politiketan jauzi bat egitea, eta euskararen ezagutza orokortua eta erabilera normalerako baldintzak bilatzea horren bidez. Hirugarrenak euskaltzaletasuna piztea du helburu, «herritarren konpromiso aktiboa» oinarri. 

Bilboren segidan

Abenduan, Pizkundea izeneko ekitaldia egin zuen Kontseiluak Bilbon: milaka lagun batu zituen Bilbo Arenan. Prozesu hari bultzada berri bat ematera dator Iruñeko martxa. Hiru zutabeak 17:00etan abiatuko dira. Antoniutti parkea, Runa parkea eta Askatasun plaza: horiek izango dira hiru abiapuntuak. Suziriekin edo pregoiekin hasiko dira hiru martxak, eta aurre-aurrean izango dituzte Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar artistek propio mobilizazio horretarako egingo dituzten pankartak. 18:00etan, Gazteluko plazan bat egingo dute hiru zutabeek, eta hantxe egingo da amaierako ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA