Oregiren ustez, AHTaren 'Euskal Y'-a «errentagarria» izango da

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak esan du ez dagoela lanak gelditzeko inolako asmorik

Erredakzioa
Gasteiz
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EH Bilduk eskatuta, AHT abiadura handiko trenaren inguruan agerraldia egin zuen atzo Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean. Jaurlaritzak esku artean dituen ikerketen arabera Euskal Y-a «errentagarria» izango dela adierazi zuen Oregik. Hala ere, aitortu zuen ez dagoela jakiterik zein izango den lanen behin betiko kostua. Gogorarazi zuen 2006an eman zen zifra 2004ko azterketetan zegoela oinarrituta. Azaldu zuenez, eraikitze proiektuak Jaurlaritzak eskura dituen heinean jakiten dira lanaren kostu zehatzak.

Ingurumen sailburuak adierazi zuen Jaurlaritzak ez duela inolako asmorik lanak gelditzeko. «Are gehiago, lehenbailehen amaitu behar dira lanak. Horregatik, falta diren zatiak emateko eskatzen tematuta gaude», gaineratu zuen.

Salgaien garraioaz eztabaida

EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek adierazi zuen herritarrei gustatuko litzaiekeela jakitea Euskal Y-a ez dela 4.600 milioi euro kostatuko, 2006an aipatu zen bezala, «askoz gehiago» baizik. Oregik erantzun zion lana amaitzen denean trenak «onurak» ekarriko dizkiela herritarrei, eta lanpostuak sortzeko aukera ere ematen ari dela.

Matutek nabarmendu zuen Espainian abiadura handiko trena bide misto bezala saldu zela, bidaiarientzat eta salgaientzat. «Baina azkenean ez da inoiz hala izan. Ez dakit nola Jaurlaritzak argi izan dezakeen Euskal Y-a bidaiarientzat zein salgaientzat baliagarria izango dela». Oregik gogorarazi zuen Jaurlaritzak baldintzatzat jarri zuela AHTa salgaiak garraiatzeko ere izatea. Sailburua konbentzituta azaldu zen hori hala izango dela.

Oregiren arabera, Euskal Y-a ez da Eusko Jaurlaritzaren «gutizia bat». Helburuen artean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Europako trenbide sarean eta ardatz atlantikoan barneratzea dela uste du. «Euskadi Europatik bakartuta dago burdinbide sarean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.