Ortuzar: «Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du»

EAJk ekitaldi politikoa egin du Bizkargi mendian, eta Ortuzarrek Aberri Eguna ospatzeko deia egin die «abertzaleei». EH Bilduk Iruñera joateko deia egin du.

EAJk gaur Bizkargi mendian egin duen ekitaldiaren irudi bat. EAJ
2022ko apirilaren 16a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk Aberri Eguna ospatzeko dei berezia egin du Bizkargi menditik (Bizkaia), urteroko ohiturari jarraikiz. Dozenaka jeltzale batu dira eguerdian mendi tontorrean, eta, besteak beste, ikurrina igo eta abestu egin dute.

Ikusi gehiago: 24 orduko Aberri Eguna ospatzera deitu du Euskal Herria Batera-k

Han izan da Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentea, eta bihar Aberri Eguna ospatzeko deia egin du. Adierazi du aldarrikatzeko eguna dela biharkoa, eta hiru mezu eman ditu. Lehen mezua abertzaleei zuzendu die, bihar Aberri Eguna ospatu dezaten eskatzeko, haren esanetan «Euskadik bere etorkizuna aske erabakitzeko eskubidea» duelako. «Euskadi da gure aberri bakarra, eta eskubidea dugu gure etorkizuna erabakitzeko askatasunez».

Bigarren mezua Ukrainako gerra gogoan hartuta bidali du, eta adierazi du «munduko herri eta nazio guztiek» askatasuna lortzeko eskubidea dutela. Eta egungo egoera ekonomikoari lotuta zabaldu du hirugarren mezua: «Zailtasunak zailtasun, aurrera egingo dugu herri gisa, esfortzuarekin, lanarekin, eta gugan konfiantza izanda».

EAJk Bilbon egingo du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia, bihar, Plaza Berrian, 11:30ean. Han izango dira Ortuzar bera eta Iñigo Urkullu lehendakaria.

EH Bildu, Iruñean

EH Bilduk ere egin du Aberri Egunerako deia. Koalizio abertzaleak Iruñean ospatuko du eguna. 12:00etarako manifestazioa antolatu dute, Golem zinemetatik abiatuta, eta ekitaldi politikoa egingo dute segidan, Sarasate pasealekuan. Gainera, egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte: besteak beste, kontzertuak eta umeentzako ekintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.