Ortuzarrek dio EAJk «Euskadiko estatus berriari bultzada» eman nahi diola

Jeltzaleek sinesten dute EH Bildurekin eta PSE-EErekin ados jarriko direla. Otegik argitu du «jendeak nahi duena errespetatzen» baldin bada «akordio bat posible» dela.

EAJko EBBko lehendakari Andoni Ortuzar, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
EAJko EBBko lehendakari Andoni Ortuzar, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 25a
10:35
Entzun

«Euskadiko estatus berriari bultzada» eman nahi dio EAJk datorren legegintzaldian. Hala aurreratu du Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak, eta zehaztu urte eta erdian proposamen bat onduko dutela, eta sinetsita daudela bat etorriko direla EH Bildurekin eta PSE-EErekin.

Onda Vasca irratian egin ditu adierazpen horiek, eta baieztatu du estatus politiko berri baterantz aurrera egiteko baldintzak badaudela; kontuan hartuta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin akordio bat egin zutela Gernikako Estatutuaren aplikazioari buruz. «Baikorra naiz hori izango delako EAJk legegintzaldi honetan emango dituen pausoetako bat», borobildu du. Elkarrizketan galdetu diote jeltzaleak «erradikaltasunean» eroriko ote diren, eta Ortuzarrek erantzun du EAJ ez dela «tentazioetan erortzen». Argudiatu du  autogobernuari dagokionez «bide orri oso zehatza» eta «koherentea» dutela, koalizio subiranistaren lerro «kontraesanezkoaren» kontrara. «EH Bilduk autogobernuari buruz esan duena defendatuko badu, uste dut aukerak egongo direla herrialdeko hiru indar handien artean akordioak lortzeko», borobildu du.

Gobernua osatzeari dagokionez, zehaztu du EAJk sozialistekin duen akordioari eutsi gogo diola, eta espero du astelehenean hasiko den negoziazioa «ondo amaitzea». Bide horretatik, espero du ekainaren bigarren edo hirugarren astean Imanol Pradales hautagaia Ajuriaenean egotea. EH Bilduren emaitzez ere mintzatu da, eta «oso onak» direla erran du. Dena den, argi utzi du bigarren indarra direla: «Partidan ondo jokatuta ere, dagoen bitrinan dago kopa».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazpen horiek hizpide izan ditu, eta argitu du «jendeak nahi duena errespetatzen» baldin bada «akordio bat posible» dela. «PSEko hamabi parlamentarik Eusko Legebiltzarreko 54 parlamentariren anbizio nazionala mugatuko dute?», galdetu du. Otegiren ustez, sozialistek ulertu behar dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren %70ek «abertzaleen» alde bozkatu duela; EAJk, berriz, parlamentarien %40k «politika progresistagoak» nahi dituztela; eta EH Bilduk, bukatzeko, hori guztia «elkarrekin eraiki behar» dela, eta inor ez dela guztiz gustura egonen lortuko den horrekin.

Radio Euskadin egon da Otegi, eta orduan egin ditu adierazpen horiek. Ziurtatu du erabakitzeko eskubidea «adostasunez formulatzen» ari direla, eta koalizio abertzaleak ez duela «inolako eragozpenik». «Arazoa da beste aldean adostasunik nahi ez duen jendea badagoela, errespetatu nahi ez duena, baina nik uste dut arduratsuak izan ahal garela akordio bat egiteko; nazio baldintzetan herri hau beste aldi batean kokatzeko», zehaztu du. Bide horretatik, erran du EH Bildu «ziklo berri» batean sartu dela, eta beren eboluzioa «estrukturala» dela.

Otegik argitu du koalizio abertzalearen helburua agintean egotea dela, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «inork» ezin duela bakarrik agindu. Hortaz, PSE-EEri eskatu dio «pauso etiko bat» emateko akordioak egin ditzaten. Legebiltzarreko Mahaiaz ere mintzatu da, eta EH Bilduri bi eserleku dagozkiola erran du: «Baina bat emango digute, pentsatzen dut». Erabaki hori «legitimoa» dela uste du, baina «ez oso demokratikoa».

Sumar

Bien bitartean, Sumarrek jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berri bat defendatuko duela, zeinak eskubide sozialen alde eginen duen, horien «nazio izaera» aitortuko duen eta «herritarren aniztasuna kohesionatuko» duen. Koalizioaren ustez, itun horrek «estatutuan eskubide sozialak blindatzea» ziurtatu behar du, eta «gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren, giza eskubideen, arrazismoaren eta LGTBI+ komunitateko kideen eskubideen zentraltasuna» azpimarratu, «eta memoria demokratikoarena ere bai».

Hori guztia lortzeko, Sumarrek proposatzen du botere publikoen jarduteko gaitasuna indartzea, euskara ikastea doakoa izan dadin ziurtatzea eta etxebizitza, osasuna, hezkuntza, zaintza, elikadura segurtasuna eta halako eskubide subjektiboak gauzatzea. Horrez gain, koalizioak planteatu du «Euskadiren nazio izaera aitortzen duen eta herritarren aniztasuna bizikidetza zibikoaren eta inklusiboaren esparruan kohesionatzen duen herri proiektu bat diseinatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.