Osakidetza «eztabaida alderdikoietatik ateratzeko» eskatu du Pradalesek

«Arabako etengabeko arretako guneak lehenetsiko ditugu, bereziki Laudio eta Gasteizkoak», esan du EAJko lehendakarigaiak. Bozen garaipena Araban jokatuko delako ustearekin ari dira lanean jeltzaleak.

Imanol Pradales hautagai jeltzalea, gaurko ekitaldian, Laudion. EAJ
Imanol Pradales hautagai jeltzalea, gaurko ekitaldian, Laudion. EAJ
2024ko apirilaren 2a
15:00
Entzun

Aspaldian jarri zuten alderdiek Osakidetza Eusko Legebiltzarerrako hauteskundeen eztabaida politikoaren erdian, eta EAJko lehendakarigai Imanol Pradalesek behin baino gehiagotan erreparatu dio osasun sistemari, hark aldaketak behar dituela jakinda. Gaur «euskal akordio politiko eta sozial zabala» proposatu du Laudion (Araba), Osakidetza «eztabaida alderdikoietatik kanpo» uzteko. Modu horretan herritarrei «ahalik eta arretarik onena» eman ahal izango zaiela uste du, eta «sistemaren iraunkortasuna bermatuko» dela.

Pradalesentzat deserosoa izan daiteke Osakidetzaren arazoak aztertzen hastea, baina beste alderdiek eduki horretan esandakoei erantzutea baino hobea suerta daiteke EAJrentzat ekimena hartzea, eta horretan dabil hautagai jeltzalea. «Osakidetzak sendatzen eta zaintzen gaitu. Eta, orain, denon ardura da Osakidetza sendatzea eta zaintzea», aldarrikatu du.

Eta jarraian akordio bat proposatu du: «Akordio politiko eta sozial zabala nahi dugu, gure sistema osatzen duten eragileen arteko elkarrizketa ireki baten bidez garatuko duguna: administrazioak, eragile politiko eta sozialak, profesionalen elkargo eta elkarteak, unibertsitateak, gaixoen elkarteak eta farmaziak, besteak beste».

Arabara begira

Halaber, Pradalesek konpromisoa hartu du «etengabeko arretako guneen mapa berrikusteko», eta ziurtatu du «lehentasuna» emango zaiela Laudiokoari eta Gasteizkoei, egin beharreko analisia egin ondoren. «Euskadin EAG berri batzuk zabaltzea aztertuko dugu, eta daudenetan osasuneko profesional eta osagile gehiago sartzea ebaluatuko dugu. Analisi hori eginda daukagunean, Arabako EAGak lehenetsiko ditugu, bereziki Laudio eta Gasteizkoak. Gure konpromisoa da», adierazi du.

«Akordio politiko eta sozial zabala nahi dugu, gure sistema osatzen duten eragileen arteko elkarrizketa ireki baten bidez garatuko duguna».

IMANOL PRADALESEAJko Lehendakarigaia

Bozen garaipena Araban jokatuko delako ustearekin ari dira lanean jeltzaleak, eta azken asteetan lurralde horretako azpiegituren alde aritu dira; besteak beste, Txagorritxuko ospitalearen alde eta Forondako aireportuaren alde. «Laudioko osasun zerbitzuen hobekuntzarekin, EAJk hitzemanda daukan konpromisoa berresten dut. Horren erakusle da osasun zentro berrian egin den inbertsioa, 14,28 milioi eurokoa», zehaztu du EAJko hautagaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.