Minbiziaren arretan Europako erreferentzia izateko hautagai izendatu dute Osakidetza

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bularreko minbizia ardatz duen lantalde bat sortu du, eta sare hori eredutzat hartuko dute beste minbizi mota batzuk tratatzeko. Gainera, detekzio goiztiarreko programa «gehiago eta hobeagoak» egingo dituzte.

Andre bat mamografia bat egiten, artxiboko irudi batean. IREKIA
Andre bat mamografia bat egiten, artxiboko irudi batean. IREKIA
14789412 kepa
2026ko otsailaren 4a
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur da Minbiziaren Kontrako Munduko Eguna. Hori aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du Osakidetza eta Bioaraba, Biodonostia eta Biocruces osasun ikerketako institutuak minbiziaren arreta integraleko bikaintasunezko osasun sistemaren Europako akreditazioa lortzeko hautagai izendatu dituztela. Europa osoan kalitate goreneko arreta onkologikoa emango duten erreferentziazko zentroen sare bat sortzera bideratutako European Network of Comprehensive Cancer Centres (EUnetCCC) proiektuaren parte da aintzatespen hori. Helburua da, 2028rako, Europan minbizia duten pertsonen %90ek pazientea ardatz duten tratamendu aurreratuak eta ekitatiboak jaso ahal izatea, non bizi diren kontuan hartu gabe.

Akreditazio horren estandarrak bat datoz 2030eko Euskadiko Onkologia Plan Integralarekin, hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan minbiziaren aurkako borroka gidatzen duen ibilbide orriarekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prentsa ohar bidez nabarmendu duenez. «Haren inplementazioak indartu egiten du Osakidetzak eta Osasun Sailak arreta koordinatuagoa, hurbilagoa eta kalitatezkoa emateko hartu duten konpromisoa», gehitu dute.

Horren harira, bularreko minbizia ardatz duen lehen lantaldea sortu dute dagoeneko. Eta sare hori eredutzat hartuko dute beste minbizi mota batzuk tratatzeko; hala nola haurren minbizia, kolon eta ondesteko minbizia, biriketakoa eta prostatakoa. Horietarako antzeko laguntza ibilbideak diseinatuko dituzte. «Ibilbide horien helburua da prozesuaren fase bakoitzean etengabeko laguntza bermatzea, diziplina anitzeko taldeen eta pertsonen premia errealak ardatz izango dituen arretaren bidez».

Aurrerapenak baheketa programetan

Osasun Sailaren arabera, detekzio goiztiarreko programak Onkologia Planaren funtsezko piezak dira. Iragarri dutenez, 2026an, Osakidetzak baheketa gehiago egingo ditu, eta hobeagoak. Aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan minbiziaren detekzio goiztiarraren esparruan izango diren berritasun nagusien artean, hauek nabarmendu dituzte: prostatako minbiziari dagokionez, baheketako pilotajea areagotuko dute. Hasierako fasean, joan den urtean, emaitza bikainak lortu zituzten programa horretan. «%50 inguruko parte hartzea lortu zen, Europako estandarren parekoa», azaldu dute Osasun Sailekoek. Guztira, 50 eta 70 urte arteko 10.000 herritarrek parte hartu ahal izango dute prostatako minbiziaren baheketa horretan.

Umetoki lepoko minbizia detektatzeko, berriz, laginak norberak hartzeko proiektu pilotu bat jarriko dute abian; horren bidez, 1.500 emakumek proba etxean egin ahal izango dute, eroso. Gainera, giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko ere baliagarria izango da. Koloneko eta ondesteko minbiziari dagokienez, baheketa 74 urtera arte luzatu izanari esker, 2.000 lesio eta minbizi kasu baino gehiago detektatu ahal izan dira dagoeneko. Eta bularreko minbiziari dagokionez, 48 urtetik gorako emakumeei baheketa egiteko aukera eskaintzen hasiko dira aurten, eta 2027an 45 urteko emakumeei ere eskaintzea dute helburu.

Onkologia plana

Osasun Sailak eta Osakidetzak pazienteen elkarteekin batera landu dute onkologia plana, eta bat dator Europarekin eta Euskadiko Osasun Itunarekin. Minbizia duten pertsonen biziraupena eta bizi kalitatea hobetzeko 142 ekintza biltzen ditu plan horrek. Hiru ardatz nagusi ditu: prebentzioa, detekzio goiztiarra eta arreta pertsonalizatua. «Gainera, ikerketa, berrikuntza eta teknologien, hala nola adimen artifizialaren, erabilera bultzatzen ditu baheketa eta diagnostiko programak optimizatzeko», azaldu dute osasun arduradunek.

Horrekin guztiarekin, arreta onkologikoan duen konpromisoa indartuko du Eusko Jaurlaritzak, zeina Europan erreferentziazkoa den, pertsonak ardatz dituen eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta minbiziarekin bizi direnei bizitza hobea bermatzera bideratuta dagoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.