Azaroaren 9an Txurdinagako osasun zentroko (Bizkaia) hozkailuetako bat zero azpiko tenperaturetan egon zela jakin du Gara hedabideak. Ez da gomendagarria txertoak zero azpiko gordetzea, baina ia bi egunez hala eduki zituzten ondo zebilen hozkailu batera aldatu orduko. Bien bitartean, herritarrei txertoa normal ematen aritu ziren Bilboko zentro horretan, eta guztira hemezortzi pertsonari jarri zizkieten hozkailu horretan gordetako dosiak. Orain, berriz txertatu beharko dituzte.
Erregistro dokumentuaren arabera, txertoak 52 ordu egon ziren ezarri baino kontserbazio tenperatura apalagoan. Horietatik 51 ordu eta hamabost minutuz gorde zituzten zero azpiko tenperaturetan, -3,4 gradutan ere bai. Zentroak azaroaren 13an eman zuen ezbeharraren berri, eta orduan jakin zen lau hilabete eta 13 urte bitarteko hamazortzi pazienteri ipini zizkietela matxuratutako hozkailuko txertoak.
Guztira zortzi motatako txertoak kontserbatu zituzten gaizki. Komeni da horietako sei ahalik eta azkarren jartzea berriro, eta, beste bi txerto motak berriz hartzeko, berriz, lau aste arte itxaron beharko da, txerto biziak dira eta.
Hutsegite bat baino gehiago
Gertakari honek modua eman du argindar horniduraren etenek azken hilabeteetan eragindako kalteen berri izateko, baina ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. Oraingo honetan Txurdinagan gertatu da ezbeharra, baina maiatzean eta ekainean arazo bera izan zuten Arangoitiko (Bizkaia) eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) zentroetan. Bizkaikoan, ia sei egunez eman zizkieten herritarrei bi gradutik behera gordetako txertoak, eta hutsegiteak hamalau pazienteri eragin zien guztira; Gipuzkoakoan, berriz, 33 orduz ipini zituzten zortzi gradutik gorako gordetako txertoak, eta halako 66 dosi injektatu.
Ezbehar horiek agerian utzi dute Osakidetzak idatzitako Txertaketa Eskuliburuan jasotako protokoloak eta Osasun Sailak hozkailuen kudeaketari buruz emandako jarraibideak ez direla nahikoa, neurri horiek ez baitira behar bezala aplikatzen ari.