Fiskaltzak duela gutxi artxibatu du Osakidetzako txerto iraungien auzia. Gaur, ordea, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) eta Bilboko Arangoiti auzoko anbulatorioetan hotz katea eten zaien txertoak eman dituztela zabaldu da. Txerto iraungien auzian bezala, EH Bilduk eman du horren berri, eta Alberto Martinez Osasun sailburuak berak baieztatu egin du. Hala ere, ziurtatu du txerto horiek hartu dituzten pazienteak ez daudela «arriskuan». Osasun etxe horietako hozkailuetan akatsak atzeman ondoren, 17 helduri eta adingaberi txertoa jarri beharko die berriro Osakidetzak.
Martinezek Legebiltzarrean komunikabideei egindako adierazpenetan esplikatu duenez, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak jakinarazpen bat jaso zuen joan den astean, bazitekeelako Arangoitiko eta Lasarte-Oriako osasun zentroetako bi hozkailuk akatsak izatea. EH Bilduk gaur salatu du gertatutakoa, eta Osasun sailburuak azaldu du kasu horietarako protokoloa aktibatu dela, «nahiz eta pazienteek ez duten inolako arriskurik».
Horiek horrela, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak, Sendagaien Espainiako Agentziak eta botika horiek ekoizten dituzten laborategiek Arangoitiko hamabi pazienteri eta Lasarte-Oriako beste bosti txertoa berriro jartzeko beharra ezarri zuten. Bada, Martinezek azaldu duenez, paziente batzuei txertoa jarri diete dagoeneko; gainerakoei, berriz, hilabete barru jarriko diete, txerto mota bakoitzerako gomendatutako jarraibideak errespetatuz.
Kontrol neurri berriak
Sailburuak gogorarazi duenez, azken hilabeteetan atzemandako txerto iraungien auziaren ondoren, Osasun Sailak kontrolak indartu ditu sendagai horiek eman aurretik, bitartean eta ondoren.
«Kontrol prozesu horretan atzeman dute arrisku potentziala zegoela hotz katean, eta berehala jardun dute», esan du. Martinezek azaldutakoaren arabera, Arangoitiko anbulatorioan behar baino hotzago zeuden hamabi txerto eman zituzten, eta Lasarte-Oriakoan, berriz, behar baino gradu bat epelago zeuden bost txerto. Adierazi duenez, arazoaren berri izan ondoren Osasun Sailak «berehala» eman zien gertatutakoaren berri txerto akastunak hartu zituzten pazienteei, baina ezin izan du zehaztu informazio hori egun bateko edo bi eguneko epean eman zen.
Paziente batzuei txertoa jarri diete dagoeneko; gainerakoei, berriz, hilabete barru jarriko diete
Osasun sailburuak gertatutakoa baieztatu duenerako, baina, horri buruzko egitasmoa aurkeztua zuen Rebeka Ubera EH Bilduko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean, Martinezi hainbat galdera egin baitizkio idatziz. Koalizio subiranistako ordezkariak salatu duenez, «ez da hainbeste denbora pasa» Osakidetzan txerto iraungi batzuk eman zituztenetik, Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordeak ondorioak atera eta jarraibideak zehaztu zituenetik, eta Fiskaltzak horri buruzko dekretua ezagutarazi zuenetik.
Hain zuzen, txerto iraungien auziaren ondorioz sortu zuten batzorde hori Osasun Sailak eta Osakidetzak. Horregatik, orain gertatutakoa «ulertezina» iruditzen zaio EH Bildukoari, «Osasun Sailak behin eta berriz ziurtatu baitu neurriak hartu dituela halakorik berriz ez gertatzeko».
Txerto iraungien auzia
Gidaliburuetan jaso ala ez, lehendik ere izan dira arazoak txertoekin. Txerto iraungien auzia urtarril amaieran atera zen argitara, orduan ere EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean erregistratutako idatzi baten harira. Osakidetzak hutsegitea aitortu zuen, eta jakinarazi txerto iraungiak jarri zizkietela dozenaka pazienteri; haietako gehienak haurrak eta jaioberriak ziren.
Hala ere, aferak haserrea eta kezka eragin zuen herritarren artean, eta hautsak harrotu zituen Eusko Legebiltzarreko zenbait saiotan ere. Pazientearen Defendatzailea elkarteak, berriz, salaketa bat aurkeztu zuen, eta fiskaltzak ikerketa abiatu zuen.
Osakidetzak aitortu zuen txerto iraungiak jarri zizkietela dozenaka pazienteri; haietako gehienak haurrak eta jaioberriak ziren
Txerto hexabalentea zen iraungitakoa. Sei gaitzen kontrako babesa ematen du: difteria, tetanosa, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomielitisa eta B hepatitisa. Handik gutxira, baina, beste bi txerto jartzeko garaian ere dosi iraungiak eman izana aitortu zuten:tetrabalenteari lotutako 49 kasu eta 29 txerto hirukoitz biriko.
Fiskaltzak, ordea, auzia artxibatzea erabaki zuen maiatzaren 21ean. Carmen Adan del Rio fiskalak argudiatu zuenez, txertoek ez zieten «kalterik» eragin haiek hartu zituzten haurrei; hortaz, ez dago «nahikoa ebidentzia» akusazioa delitu gisa epaitzeko. Hala ere, kudeaketan egondako zenbait «hutsegiteren eta akatsen» berri ematen zuen dokumentu horretan, eta Osasun Sailak besteak beste txertoen prozesu osoa kontrolatzeko sistema bat ezartzeko asmoa iragarri zuen, txertoen trazabilitatea kontrolatze aldera. Izan ere, aurtengoa ez da dosi iraungiak jarri diren aurreneko aldia: 2017., 2023. eta 2024. urteetan ere beste 106 kasu izan ziren.