Osakidetzak Eleder Rios izendatu du larrialdietako zuzendari

Rios Osakidetzako erizaina da 2016tik, eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du oso ondo ezagutzen duela larrialdi sistema.

Eleder Rios. EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILA
Eleder Rios. EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILA
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 3a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak postu bat sortu zuen iazko urte amaieran: Emergentziak ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendariarena. Pablo Busca izan zen lehena, baina kargua utzi zuen azaroan, osasun arrazoiengatik. Osasun Sailak izendatu du jada ordezkoa: Eleder Rios erizaina.

Riosek 34 urte ditu, eta Deriokoa (Bizkaia) da. Erizaintza ikasketak egin zituen EHUn, eta larrialdien kudeaketari buruzko bi master ditu. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu du Riosek ondo ezagutzen dituela Osakidetza eta larrialdi sistema. 2016tik aritu da Bizi Euskarri Aurreratuan eta Koordinazio Zentroan lanean, erizain gisa: «Horrek asistentziaren errealitatearen eta taldeen eta pazienteen beharren ikuspegi zehatza ematen dio». Larrialdi, Salbamendu eta Sorospen Zentroa zuzendu du 2011tik. Larrialdi, salbamendu eta sorospen irakaslea ere izan da.

Busca medikua zen, eta Rios erizaina. Bada, Osasun Sailaren arabera, Rios izendatuta balioa eman diote erizainei eta haien jakintzari. Saileko ordezkariek adierazi dute erizainak «funtsezkoak» direla egungo erronkei aurre egiteko: «Larrialdietako eskaera handitzea, gaixotasun kroniko konplexuei arreta ematea eta larrialdietako esku hartzeetan kalitatea eta segurtasuna hobetzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.