Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu du Pablo Busca Osakidetzako larrialdietako arduradunak kargua utzi duela, osasun arazoak direla eta. Iazko urrian izendatu zuten arduradun, Ane Beitiaren ordez. Joan den urriaren 31n, arduradun ohiak gutun bat bidali zien larrialdietako langileei, kargua utziko zuela jakinarazteko: «Gure lurraldearen ongizateari laguntzea izan da nire ibilbideko pribilegiorik handienetako bat».
Donostia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetako burua izan zen Busca hamabost urtez, eta 2015ean Madrilgo Erkidegoko Mediku Larrialdien zerbitzuko —SUMMA 112— zuzendari gisa hasi zen. 2022an kargu hori utzi eta Kantabriako Osasun Zerbitzuaren Lehen Mailako Arreta zuzentzeari ekin zion.
Pandemia garaian Madrilgo Erkidegoko zahar etxeetan bizi zirenei osasun laguntza ukatzeagatik auzipetuta dago Busca, baita Isabel Diaz Ayusoren gobernuko beste bi goi kargudun ere. Zahar etxeetan hil ziren pertsonen bi senidek jarri zuten kereila, Marea de Residencias eta 7.291 Verdad y Justicia elkarteen arabera.