Osakidetzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialek hitzarmen bat sinatu dute 2 motako diabetesa duten 65 urtetik gorako paziente polimedikatuen arta hobetzeko —hau da, zortzi botika edo gehiago hartzen dituztenena—. Akordioaren helburua da tratamenduen segurtasuna handitzea, pazienteen atxikimendu terapeutikoa indartzea eta botiken erabilerarekin lotutako arazoak goiz antzematea. Lau urteko indarraldia izango du programak, eta urtean 100.000 euroko finantzaketa izango du.
Gasteizen sinatu dute akordioa, Mercedes Villacorta farmazian. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Aritz Uriarte Osasun sailburuordea, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Iñaki Betolaza Farmaziako zuzendaria eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoetako presidenteak.
2 motako diabetesak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizonen %4,9ri eta emakumeen %3,6ri eragiten die. Gaixotasunak lotura estua du arazo baskular eta zirkulatorioekin, eta, prebentziozko tratamenduen ugaritzearen ondorioz, paziente askok hainbat botika aldi berean hartu behar izaten dituzte. Botika asko hartu behar izateak, baina, tratamendu desegokiak, botiken arteko interakzioak edota kontrako erreakzioak izateko arriskua handitzen du.
Horri aurre egiteko, farmazia komunitarioek jarraipen farmakoterapeutiko egituratua egingo dute. Paziente bakoitzaren medikazioaren berrikuspen integrala egingo dute, tratamenduaren egokitasuna baloratuko dute, eta botiken erabilerarekin lotutako gorabeherak identifikatzen saiatuko dira. Aldi berean, Osakidetzako lehen arretako profesionalekiko koordinazioa sendotuko dute, medikazioari lotutako intzidentziak jakinarazteko, ospitaleko egonaldien ondorengo tratamenduak kontziliatzeko eta pazienteen jarraipen etengabea bermatzeko.
Baimen informatua
Programan parte hartu nahi duten pazienteek askatasunez aukeratu ahal izango dute atxikiko zaien farmazia, dagokion baimen informatua sinatu ondoren. Prozesua farmaziako arreta pertsonalizatuko gunean egingo den lehen elkarrizketa batekin hasiko da. Pazienteak hartzen duen medikazio guztia eta azken analitikak aurkeztu beharko ditu, eta farmazialariak haren osasuna, tratamendua eta bizi kalitatea aztertuko ditu, baita altuera eta pisua neurtu ere.
Bildutako informazioarekin, botiken erabileraren azterketa egingo dute. Tratamenduan arazorik, interakziorik edo kontrako erreakziorik antzemanez gero, farmazialariak zuzenean esku hartu ahal izango du bere eskumeneko kasuetan, edo Osakidetzako mediku eta erizainekin koordinatuko da beharrezkoa denean. Sei hilabeteren buruan, bigarren elkarrizketa egingo diote pazienteari, tratamenduaren bilakaera ebaluatzeko eta hasierako balorazioak eguneratzeko.
Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiaren esanetan, ekimenaren helburua da «pazienteen bila ateratzea eta sare komunitario koordinatu, seguru eta eraginkor bat ehuntzea». Haren hitzetan, farmazien gertutasunak aukera emango du tratamenduekiko atxikimendua hobeto ebaluatzeko, ospitaletako egonaldien osteko medikazioa bateratzeko eta pazienteen segurtasunean eragina izan dezaketen gorabeherak lehenbailehen detektatzeko. «Egitasmo aitzindari honekin, osasun sistema integratuago, proaktiboago eta jasangarriago baterako oinarriak finkatuko ditugu».
Hitzarmena Eusko Jaurlaritzaren XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren eta Euskadiko Osasun Itunaren barruan dago. Osasun Sailak bere gain hartuko du programaren finantzaketa osoa, eta jarraipen batzorde bat eratuko dute haren garapena eta emaitzak ebaluatzeko. Egitasmoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zortziehun farmaziatan baino gehiagotan izango du eragina, eta, erakunde sustatzaileen ustez, osasun arreta «integratuagoa eta prebentiboagoa» sendotzen lagunduko du.