Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil hurren zen haur bat «lan ordutegitik kanpo» artatzeagatik

Zaintza aringarri pediatrikoetako taldeko kidea da, eta lana utzi du behin-behinean, gaixo agiria hartuta. Faltan Botatzen Dugu elkarteak «baliabiderik eza» salatu du.

Barakaldoko Gurutzetako ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Barakaldoko Gurutzeta ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz - Mikel Garcia Martikorena
2025eko ekainaren 2a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Faltan Botatzen Dugu plataformak salatu duenez, Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, gaueko ordu txikietan hil hurren zen 4 urteko neska bati zaintza aringarriak emateagatik. Medikuak berak eman zuen gertatutakoaren berri, Facebook sare sozialean idatzitako mezu batean: «Azken lau asteetan, 4 urteko neskato baten bizitzaren amaiera ikusi dugu. Zaila izan da sintomak kontrolatzea, eta are zailagoa familiaren barruan azaleratu diren emozioei eustea. Behin baino gehiagotan joan behar izan dugu etxe horretara goizaldean. Higatze handia izan da bi erizainentzat, psikologoarentzat eta bi pediatrontzat, baina familiaren esker ona jaso dugu».

Haurra hil eta hurrengo egunean, ordea, Osakidetzako arduradunek osasun profesional horiei «kargu hartu» zietela salatu zuen pediatrak: «Zigortu gintuzten zer eta ospitalearen baliabideekin kalean egoteagatik, horretarako baimenik ez genuen orduetan. Gogorarazi ziguten zerbait gertatuz gero ez genuela ospitalearen lege estaldurarik izanen».

Osakidetzako arduradunekin «haserre, amorratuta eta etsita» dagoela adierazi zuen medikuak ohar horretan: «Nekatu naiz pareta jo eta jo ibiltzeaz». Oraingoz, lana utzi du tarte batez, gaixo agiria hartuta: «Ezinezkoa zait lanean segitzea, preskribatu dizkidaten botikak gorabehera. Atseden hartu nahi dut, energia eta motibazioa berreskuratzeko».

Faltan Botatzen Dugu plataformak salatu du gertakari horrek agerian uzten duela zaintza aringarrien zerbitzuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen «egoera kritikoa» eta «baliabiderik eza». Zehazki, salatu dute Osakidetzak etxez etxeko artarako talde bakarra duela, goizeko ordutegian —08:00etatik 15:00etara—, eta ez duela eskaintzen 24 orduko arta jarraitua: «Ez dago hiru herrialdeetarako talderik, ezta sarerik ere. Ez da garatu protokolo pediatrikorik, ezta diziplina arteko zerbitzurik ere».

Plataformaren esanetan, egoera hau ez da «kasu bakan bat», baizik sistemaren «egiturazko arazo baten sintoma»: «Sistema honek zigortu egiten ditu ongi zaintzen duten profesionalak, pertsona zaurgarrienak sarerik gabe uzten ditu, eta ez du betetzen agindutakoa», salatu dute ohar batean.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari galdegin diote «publikoki zuzendu dezala» zaintza aringarrien taldeko profesionalei emaniko tratua eta aitor dezala lantalde horrek egiten duen lana. Horrez gain, eskatu du abian jar dadila egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez arta eskainiko duen zaintza aringarri pediatrikoen sare publiko bat.

Martinez: «Erreferentziazko unitate bat dugu»

Faltan Botatzen Dugu plataformak eginiko salaketaren harira, Alberto Martinez Osasun sailburuak esan du Osakidetzak ez diela «zigorrik» ezarri zaintza aringarrietako lantaldeko profesionalei; onartu du, alta, Erizaintzako arduradunek «ohartarazpen bat» egin zutela, arta zerbitzu horretan gerta zitekeenagatik: «Istripu bat, adibidez». Martinezek Radio Euskadi irratian egin ditu adierazpenak.

Osasun sailburuaren esanetan, Osakidetzak badu «zaintza aringarrietarako erreferentziazko unitate bat»: Gurutzetako ospitalea. «Une honetan, bi neskato ari dira artatzen zerbitzu horretan, eta baditugu arta koordinatzeko unitateak Donostiako eta Basurtuko ospitaleetan, eta baita beste ospitale batzuetan ere», azaldu du. 

Zerbitzuaren goizeko ordutegi murritzaz galdetuta, Martinezek esan du 08:00 eta 15:00 arteko ordutegi hori «erreferentziazko unitateari soilik» dagokiola, baina Osakidetzak «900 profesionalen sare bat» duela, «behar jakinen bat dagoenean konponbide bat bilatu dadin ad hoc».

Baliabide falta ukatu du Osakidetzak

Argibide gehiago eskatu dizkio BERRIAk Osakidetzari, baina, jasotako oharrean, Martinezek esanikoa berretsi baino ez du egin erakundeak. Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko zuzendaritzak azaldu du «ez zaiola inolako zigorrik ezarri ezein profesionali», eta Erizaintzako arduradun batek zera «ohartarazi» ziela zaintza aringarri pediatrikoetako profesionalei: «ESIko ibilgailu ofizial bat erabili behar zela esku hartze bat egin aurretik, horren ondorioz gerta zitekeen edozein ustekaberi aurre egin ahal izateko».

Gaztelaniaz idatzitako erantzunean, bestalde, zaintza aringarri pediatrikoen unitateak baliabide gutxi dituela ukatu du Osakidetzak. Osasun arduradunek onartu dute hilzorian diren gaixoen zainketa aringarria «gizartean sortzen ari den premia bat» dela, eta «erantzun koordinatua» behar dela horiek bermatzeko. Hala ere, uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badela halako sare «egituratu eta koordinatu bat, pazientearen eta haren zaintzaileen beharretara egokitutako kalitatezko arreta bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.