Osakidetzak Koldo Berganzo izendatu du Osasun Laguntzako zuzendari

Neurozientzian doktorea da, eta Osakidetzan mediku gisa ere aritua. Zuzendari gisa, Osakidetzako ospitaleetako osasun arreta kudeatuko du, baita lehen mailakoa ere.

Koldo Berganzo, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendaria. IREKIA
Koldo Berganzo, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendaria. IREKIA
2025eko abuztuaren 27a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzak izendapen bat egin berri du funtsezko ardura postu baterako: Koldo Berganzo izendatu du Osasun Laguntzako zuzendari. Beraz, ospitaleetako eta lehen mailako osasun arreta zuzentzeaz arduratuko da Berganzo, baita arlo horietako planifikazio, koordinazio eta kudeaketa lanez ere.

Oparoa da Koldo Berganzoren espediente akademikoa: Medikuntza ikasi zuen EHUn, eta Neurologian espezializatu zen; gero, doktoretza egin zuen Neurozientziaren arloan, eta Zuzendaritza eta Kudeaketa Sanitarioko Masterra ere badu. Osakidetzan mediku gisa aritu da hamar urtez baino gehiagoz.

2021ean hasi zen osasun laguntzaren kudeaketarekin lotura estuagoa duten lanetan: Bilboko eta Basurtuko ESIko zuzendariorde mediko izan zen bi urtez eta, horren ostean, baliabide eta prozesu asistentzialen analisirako zerbitzuaren buru aritu zen, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren barruan. Iazko azarotik, Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariordea izan da Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian, eta beste pauso bat eman du orain: Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak Osasun Laguntzako zuzendari izendatu du. 27 artikulu zientifiko argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, eta hamabost ikerketa proiektutan ere parte hartu du. 

Berganzok Maite Martinez de Albeniz ordezkatuko du. Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusi berriaren taldean egin dute izendapena. Osakidetzak adierazi duenez, osasun sistemaren aurrerapenarekin duen konpromisoaren «ikurra» da orain hartutako erabakia. Are, adierazi dute Osasun Sailak eta Osakidetzak berak diziplina anitzeko talde baten alde eginiko apustuaren parte dela Berganzo izendatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.